Umeen artean elikadura-jokaera egokiak sustatu gura ditu Erandiok

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 25a, 12:00
Neska-mutilak eskola bateko jantokian, artxiboko irudian. DANI BLANCO - ARGIA

Erandioko Udaleko Osasun Publikoa eta Kontsumo Sailak ekin dio kanpaina berri bati, 3 eta 5 urte bitarteko neska-mutilen artean elikadura-ohitura onak bultzatzeko. Jorge González zinegotzi sozialistak azaldu duenez, "programaren helburu nagusia da Haur Hezkuntzako neska-mutilen gurasoak kontzientziatzea, nutrizio-heziketa egoki batek duen garrantziaren gainean. Heziketa hori umeen egungo eta etorkizuneko osasunaren ezinbesteko oinarria izango da".

Udalak umeentzako ehunka mahai-oihal atera ditu, kanpainaren bitarteko gisa. Oihaletan oinarrizko bost aholku inprimatu dituzte, modu grafikoan, "etxeko txikienek euren elikadura hobetzeko ohiturak sustatzeko". Mahai-oihalak eskatu ahal izango dituzte Erandion erroldatutako hiru eta bost urte bitarteko neska-mutilen gurasoek, beti ere kopurua mugatua dela: ume bakoitzeko oihal bana jasoko dute. Eskaera egin daiteke udaletxean, Osasun Publikoa eta Kontsumo Sailean, edo Astrabuduko Hiritarren Arretarako Bulegoan (Meso kalea, 20). Horretarako, etxera heltzekoa den gutuna erakutsi beharko dute. Mahai-oihalak otsailaren 1etik martxoaren 31ra jaso ahal izango dira.

Osasun Publikoa eta Kontsumo Sailaren arabera, "frogatuta dago" pertsonek hiru urtetik aurrera garatzen dituztela euren ohiturak, tartean elikadurari dagozkionak. Horregatik erakundetik uste dute adin horretan elikatzeko jarreretan heziketa egokia emateak lor dezakeela elikagai-ohitura osasungarriak ikastea, nutrizio-egoera onagaz batera.

Izan ere, Udalak ohartarazi du hiru eta bost urte bitartean hartutako elikatze-ohitura txarren ondorioz sor daitezkeela etorkizunean obesitatea bezalako arazoak. Alerta hori pizteko nutrizio- eta dietetika-profesionalen iritzietan oinarritu da Udala. Gainera, gogorarazi dute 3 eta 5 urte bitarteko aldia onena dela hainbat jarrera ikasteko: mahaian egoten jakiten, otorduak gozatzen eta errespetatzen, denetarik jaten, elikagai berriak probatzen, askotariko dieta izaten eta errefusa-jarrerak ekiditen, besteak beste.

Erandioko Udalak akordura ekarri du ohitura osasungarriak sendotzeko elkarlana beharrezkoa dela umeen inguruan dauden pertsona denen artean: ikastetxeko jantokikoak, senideak, eta abar. Halere, etxekoengan ipini dute arreta gehien, bertan aukera gehiago eta hobeak daudelakoan neska-mutilen jarrerak moldatzeko. Adibidetzat ipini dituzte mahai-tresnak egoki erabiltzea, oinarrizko higiene-ohiturak barneratzea, mahaian jokabidea ona izatea, eta gure produktu eta errezeten gaineko kultura gastronomikoaren hastapenetan irakastea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun