Txango gidatua egingo dute zapatuan Erandioko auzolan-ekimenetatik

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 23a, 15:40
Astika da Erandioko auzorik ezezagunetakoa. © ASTIKA HERRIA

Zapatu honetarako, urtarrilak 28, hainbat lagunek proposatu dute "2017a osasunez eta alaitasunez hasteko plan paregabea". Maitane Aragana antolakuntzako kideak azaldu duenez, Erandio zeharkatzeko "ibilbide zirkularra" egingo dute, Altzagatik Altzagara. Igaroko dituzten auzoetan "herriko ondarea, historia, kondairak" eta bestelakoak elkarregaz ezagutzeko aukera izango da. Txangoa 09:30ean hasiko dute itsasadarreko garabitik, horma-irudiaren alboan. Lau ordu pasatxoko ibilaldia Jado kalean amaituko dute, 14:00ak aldera. Ez dago aurretik izena eman beharrik.

Aranagak oroitarazi duenez, zapatukoa egingo duten laugarren ibilbide zirkularra izango da. Lehenengoa 2013ko abenduaren 31n egin zuten eta hurrengo urte bietan data berbera mantendu zuten. Pasa den urte amaieran, ostera, ez zuten halakorik burutu. Hala, zapatuan ipini dute horretarako hitzordua. Halere, antolatzaileek azpimarratu dutenez, urtero ibilbidea aldatu egin dute, beti berritasun-puntua izan dezan. Aurtengo ibilbidean, Altzagatik Arriagara igoko dira, bertatik Astikara mugitu, Lutxanan geratu eta Altzagatik bueltatzeko. Aranagak hainbat sorpresa agindu du bisita gidatuan, zapatuko ekimena aurreko aldietan baino "bereziagoa" izango dela azpimarratuz.

Dena den, osagaietako batzuk azaldu ditu: Astikako txoko okupatutako kideek hamaiketakoa prestatuko dute eta euren proiektu eta kultur ekintzak aurkeztuko dituzte; Lutxanan, bertako ortuen eta eskolaren proiektuak ezagutzeko aukera ere izango da; azkenik, Altzagan, Kalezulo gaztetxearen nondik norakoak azalduko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun