Jendartea  Erandio 2017-02-24 16:30

Erandiok bere hirugarren berdintasun-plana onartu du

Erandioko Udalbatzak oniritzia eman dio emakumeen eta gizonen berdintasunerako hirugarren udal-planari. Arlo hori jorratzen hasi eta hamar urtera, Udalak honako helburua ipini dio 2019ra arteko planari: "Erandioko herritarren eta, bereziki, emakumeen bizi-baldintzak hobetzea, generoen arteko desberdintasunak gutxituz eta berdintasunean oinarritutako gizarte baterantz pausuak emanez".

Erandiok bere hirugarren berdintasun-plana onartu du
Emakumeen Mundu Martxak Erandion egindako ekitaldi bat. | Ikusi handiago | Argazki originala

Besteak beste, lau organo berri sortzea aurreikusi du planak: Berdintasun Zerbitzua, Herritartasun Batzordea, Berdintasun Mahaia eta Berdintasun Kontseilua. Neurrien artean, Udalak konpromisoa hartu du egingo dituen kontratazio-pleguetan eta hitzarmenetan genero-klausulak txertatu eta horien betetze-mailaren segimendua egiteko. Denera, hiru urtean, 471.900 euroko aurrekontua izango du egitasmoak.

Berdintasunerako plan berria iaz sortzeari ekin zioten, aurreko planaren ebaluazioa egitean; hala indarguneak eta etorkizunari begira hobetu beharreko alderdiak identifikatu zituzten, Jorge González Berdintasunerako zinegotziak azaldu duenez. Era berean, diagnostiko berria landu dute, udalerriko esparru desberdinetan emakumeen eta gizonen egoeraren inguruko argazki eguneratua izateko. Diagnostiko hori oinarri hartuta, plan berria diseinatzeko prozesua martxan ipini zuten. Berau idazteko, herritarren, elkarteen, udal-teknikarien eta politikarien gogoetarako prozesu bat abiatu zuten. Besteak beste, Emakumeen Kontseiluak, Erandiogoikoko, Altzagako eta Astrabuduko emakumeen elkarteek, Txoko Feministak, jai-batzordeek, Berbots euskara-elkarteak, dendarien elkarteek, dantza-taldeek eta bestelako eragileek ere izan dute ekarpenak egiteko aukera.

Kritikak

Egokiñe Angulo bozeramaile jeltzaleak "baina" bakarra ipini dio agiria sortzeko prozesuari: "zoritxarrez, parte hartu dugunon %83 emakumezkoak izan gara", gizonezkoen inplikazio txikiagatik.

EH Bilduk, ostera, kritikatu egin du Berdintasun Batzordea Enpleguaren azpian egotea: "ez du zentzurik" iritzi dio Iker Jalon zinegotziak, eta eskatu du Berdintasunak sail propioa izatea. Gainera, benetako parte-hartzerik egon ez dela salatu du, ekarpenak "Emakumeen Kontseiluak eta EH Bilduk baino ez" zituztela egin argudiatuta. Halakorik ukatu du Angulok, aurretik alderdi politikoek eta sindikatuek zenbait ekarpen egin zutela baieztatuta.

Plana EAJ, PSE-EE, Ganemos Erandio eta PP alderdien aldeko botoakaz onartu zen. EH Bilduk eta talderik gabeko zinegotziak abstentzioa eman zuten.

Plana bere osotasunean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa