Kultura 2004-10-02 22:53

Astelehenetik aurrera antzerki ikastaroak Lutxanan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urriaren 4an urte osoko antzerki ikastaroak abian jarriko dira Lutxanako eskoletan, Keli Taldeak antolatuta. Astean egun bitan izango dira saioak. Batean antzerkigintzara hurbildu eta bestean hiru hilabeteko monografikoa landuko dute, Osasun Mental eta Fisikoa Antzerkian delakoa, alegia. Esan beharra dago, ikastaroa ez dela profesionalei begira eskaintzen, antzerkiaren bidez norberaren burua ezagutzeko aukera baliatu nahi dutenei begira baizik. Izena emateko orduan (94 476 14 93), Lutxanakoek izango dute lehentasuna.
  Jendartea 2004-09-24 22:43

Haurren eskubideak izango ditu oinarri biharko Osasun Jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Udalak antolatuta, Osasun Jaia ospatuko da larunbat honetan, udalerri horretako Akarlanda parkean. Besteak beste, haurren eskubideak berebiziko garrantzia izango dute, 11:00etatik aurrera, bizitza osasuntsua izateko ohiturak sustatzeko egingo diren joko hezigarrietan. Halaber, ingurumenaren babesa eta droga eta alkohol kontsumoaren prebentzioa ere jorratuko dira.
  Kirolak 2004-09-20 23:22

Igandean hainbat irteera egingo dituzte Erandioko mendi taldeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren 26an hainbat irteera antolatu dituzte Erandioko mendi taldeek. Besteak beste, Murgara abiatuko dira Erandioko Mendigoizaleak elkartekoek. Izena emateko, asteartean deitu beharko da 615 717 562 telefono zenbakira, 19:30etik 20:00etara. Astrabuduako Atxazpe Mendi Taldeak, berriz, Lizarrusti-Lekumberrira antolatu du irteera. Horretan apuntatzeko, asteartean edo ostegunean deitu beharko da 94 467 19 01 telefono zenbakira, 19:00etatik 20:30era.
  Ekonomia 2004-09-17 00:30

Zauritutako bi ertzainen 300 lankide elkartu dira Erandion horrelako gertaerak saihesteko segurtasun neurriak eskatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri ELA Ertzaintza, ErNE eta SIPE sindikatuetako 300 bat ordezkarik elkartu dira gaur goizean Erandio-Landako polizi etxearen aurrean, atzokoa bezalako istripuak gerta ez daitezen, euren lanean segurtasun neurri handiagoak har daitezela exijitzeko. Atzo, 8:30ak baino minutu batzuk lehenago BI-637 errepidean gertatutako auto-istripua argitzen ari zirela, larri zauritu ziren bi polizia agente, lehendabizi auto batek, eta jarraian furgoneta batek harrapatuta. Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, Polizia Autonomoko lantaldearentzako prebentzio plan zehatza eskatu du Jose Maria Lazarguren ELA-Ertzaintzako arduradunak. "Lan-osasun eta segurtasun arloetan, gainontzeko langileei ematen zaien trataera berbera" exijitu du ertzainentzako. Halaber, bestelako enpresetan lan-istripua dagoenean bezala, oraingoan ere ikerketa egin beharko litzatekeela adierazi du.
  Iritzia 2004-09-16 00:10

"On egin" baten inguruko gogoetak - Xabier Kintana / euskaltzaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uda honetan opor egun batzuk eman ditut Burgosko probintziaren iparraldean, hainbeste leku izenek (Villabáscones, Basconcillos, Amaya, Pedro Abarca...) duela mila urte inguru herrialde horren birpopulazioan euskaldunok izandako garrantzia oraindik salatzen duten tokietan. Paisaia harkaiztsu ederrak, eliza erromaniko zoragarriak eta herri arkitektura ikusteko ingurune interesgarriak benetan.
  Jendartea 2004-09-15 22:45

Bi ertzain larri zauritu dira Erandion auto eta furgoneta batek harrapatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzako bi agente larri zauritu dira gaur goizean Erandion, lehendabizi auto batek, eta jarraian furgoneta batek harrapatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Ezbeharra 8:30ak aldera izan da. Minutu batzuk lehenago BI-637 errepidera abiatu dira bi ertzainak, bertan izandako auto-istripuaren ondorioz, Getxorako eskuineko bidea moztuta zegoelako. Gertatutakoa argitzen ari zirela, kolpatu eta alboko bidera jaurti ditu Madrileko Audi A-3 autoak. Bertatik zihoan Donostiako Opel Combo furgonetak, ezin baztertu, eta harrapatu egin ditu. Ondorioz, bi polizia agenteen gainean gelditu da furgoneta, eta suhiltzaileek altzatu behar izan dute. Ertzainak Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dituzte.
  Jendartea 2004-09-15 22:44

Tribuna eta aparkalekua egiten hasiko dira urrian Arteagako futbol zelaian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arteagako futbol zelaian (Erandio Goikoa) tribuna eta instalazio osagarriak eraikitzeko obrak urrian hasiko dira. Proiektuak harmaila estalia, zenbait aldagela, botikina, biltegia, komunak eta gizarte izaerako eraikina (taberna) egitea aurrikusten du. Harmailak 590 ikusleentzako tokia izango du eta eserlekuak 5 ilaratan egongo dira. Aldagelei dagokienez, sei egongo dira guztira: lau jokalarientzat eta bi epaileentzat. Tabernak batzar-gela izango du eta ez du loturarik izango tribunarekin. Aurrekoaz gain, futbol zelaiaren ipar-ekialdean 113 ibilgailuentzako aparkalekua ere eraikiko da. Horra heltzeko sarbide berria egin beharko da. Lanak 2005eko udaberrira arte luzatuko dira, hurrenez hurren.
  Jendartea 2004-09-14 23:36

Bi hilabetez luzatuko dira obrak Mitxelena kalean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bereterretxe eta Altzagako Ibarra artean, espaloi biak handitzeko obrak hasi dira gaur Mitxelena kalean. 1,40 metro izatetik 1,90 metro izatera pasatuko dira. Beraz, errepideak 8,90 metro izan beharrean 7,90 metro neurtuko ditu. Horretaz gain, Mitxelena eta Altzagako Ibarra kaleen artean dagoen oinezkoen pasabidea beheratu egingo da, udalerriko beste hainbat aldetan egiten ari den bezala. Erandioko Udalak jakinarazi duenez, 76.850 eurotakoa da lanen aurrekontua eta bi hilabetez luzatuko dira.
  Jendartea 2004-09-10 22:01

Droga psikoaktiboen hartzaileei zigorrik ez jartzea nahi du Erandioko IU-EBk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erakundearen izenean elizkizunetan parte har ez dezatela ere eskatu diete udal ordezkariei

Adinez nagusiak badira, droga psikoaktiboak hartzen dituztenei zein kalamua euren kontsumorako hazten dutenei zigorrik ez jartzeko konpromisoa hartzea eskatu dio Erandioko Udalari Natalia Rodriguez Ezker Batua-Berdeak taldeko bozeramaleak. Halaber, substantzia horien kontsumoan herritarren askatasuna mugatzen duten legeak aldatu edo ezereztu ditzaten, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Diputatuen Kongresuari premiazko eskea egitea iradoki dio udal gobernuari, gaur aurkeztutako mozioan.
  Kirolak 2004-09-09 21:57

Goiherri sokatira taldea munduko txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den asteburuan, Amerikako Estatu Batuetako Rochester hirian egin zen lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketan, kluben urrezko domina eskuratu zuen, 560 kiloko kategorian, Erandioko Goiherri taldeak. Finalaurrekoetan Gaztedi klubeko A taldekoekin lehiatu behar izan ziren. Laukizkoek bigarren taldeko lehenengo postuan amaitu zuten kanporaketetan. Finalera igarotzeko talde bizkaitar bien arteko borroka oso gogorra izan zen eta azkenean erandioztarrek irabazi zuten bi tiradetan. Azkenean, Gaztedi taldekoek laugarren postua lortu zuten. Tamalez, Espainiako selekzioaren barruan lehiatu behar izan ziren talde biak.
  Jendartea 2004-09-09 21:56

Benaventen izan dira Erandioko ordezkariak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Duela hilabete batzuk, Zamorako Benavente herriko batzorde batek Erandio bisitatu ondoren, oraingoan Gaztelako udalerria bisitatu du Erandioko Udal Korporazioaren ordezkari taldeak, Erandioko Gaztela eta Leongo Zentroko zuzendaritzaren hainbat partaiderekin batera. Aipatutako elkarteak sustatuta, Benavente eta Erandio senidetzearen alde azaldu dira ordezkari talde biak.
  Kultura 2004-08-24 20:53

Kepa Junkerak emanaldia eskainiko du Erandioko San Agustin jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Asteazken honetako 13:30ean piztuko den suziriarekin emango zaie hasiera Erandion San Agustin jaiei. Igandera bitartean, ugariak izango dira txiki zein handientzako antolaturiko ekitaldiak. Baina bat aipatzekotan, Kepa Junkera trikitilariak larunbatean eskainiko duen emanaldia. Gauerdian hasiko da ikuskizuna, azokan. Hala ere, gainontzeko egunetan ere egongo da zer ikusi eta zer entzun. Besteak beste, ostegunean, usain gozoz beteko dira kale bazterrak antolatu duten marmitako txapelketari esker. Hain zuzen ere, Algortako Portu Zaharreko jaietan bezala, Pijama Eguna ospatuko dute egun horretan. Gauean, berriz, dantzaldia eskainiko du Urgabek, 23:00etan Irailaren 23a plazan. Ostiralean antzerki ikuskizun paregabea egongo da: Bonbolinak taldeak "Hecate bebe mi sangre" antzezlana eskainiko du. Eta larunbatean, gastronomiarekin jarraituz, bakailaoa pil-pilean txapelketa dago.
  Kultura 2004-08-13 21:27

Jaiak Erandio Goikoan eta Santimamin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Portu Zaharreko jaiak amaitzera bidean doaz, eta bitartean, festak abiatu dira Uribe Kosta eskualdeko beste hainbat bazterretan. Bestean beste, 16:30ean piztu dute Andramarien suziria Erandio Goikoan, baita Erandio eta Leioa arteko Santimami auzoko festetakoa ere. Lehenengoak, igandera arte luzatuko dira eta XV. baserri produktuen erakusketa-azoka egongo da ikusgai azken egunean, besteak beste. Santimamikoak, berriz, gaur eta bihar izango dira eta datorren asteko astearte eta asteazkenean.

  Kultura 2004-08-05 20:26

San Lorentzo jaiak Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiral honetan hasi eta datorren asteartera arte (abuztuak 10) luzatuko dira San Lorentzo jaiak Astrabuduan. Bihar, 18:30ean abiatuko dira kuadrilak Hiru Gurutzetatik, fanfarria, trikitrilari, txistulari eta gaiteroen laguntzaz; ordu bete beranduago Josu Murueta plazan amaitzeko. Bertan, suziria bota eta pregoia irakurriko da. 20:00etan, aldiz, bidean gora joango dira futbol zelairaino. Bertan, futbol txapelketako finala ikusteko. Gauean egongo da zer aukeratu, aurtengo jaiak ospatuko diren hiru gune nagusietan beste horrenbeste musika emanaldi egongo baitira 23:30etik aurrera: txitxarrillo Josu Murueta plazan, DJ Txotxorekin disko festa Consulado kalean eta Amaiur taldearekin erromeria Jose Andres Mendiguren enparantzan, alegia. Hain zuzen ere, 'Mendi' ezizenez ezaguna, Trabudu Dantzari Taldearen sortzaileetakoa zenaren izena jarri dioten plaza berria ekitaldietarako erabiltzea izango da aurtengo festetako berrikuntzarik nabarmenena. Astrabuduko San Lorentzoen azken egunean inauguratuko dute Jose Andres Mendiguren enparantza.
  Kultura 2004-07-20 23:20

Mendik bere enparantza izango du Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Trabudu Dantzari Taldeak eta Astrabuduko beste hainbat gizarte, kirol eta kultur elkartek eskatutakoarekin bat eginez, San Lorentzo kalean eraikitako plaza berriari, Jose Andres Mendiguren "Mendi" izena jartzea onartu zuen atzo, aho batez, Erandioko udalbatzak. Hain zuzen ere, plaza horretan hil zen Mendi, 2002ko azaroan, Euskal Astea ospatzen ari zela.
  Jendartea 2004-07-20 23:19

Karabesu mendian 23.564 zuhaitz landatuko ditu Erandioko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azarotik aurrera, Karabesu mendiko basoak berritzeko lehen faseari ekingo dio Erandioko Udalak. Horretarako, hostozabal eta konifero hainbat espezietako 23.564 zuhaitz landatuko dira guztira, 16 hektareako azaleran. Era berean, beste 4 hektarea ere garbituko dira. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, orotara 40 hektareako azalera du Karabesu mendiak (Akarlanda-Unbe parkearen mugakidea). Hain zuzen ere, udalerriko mendiak kudeatzeko asmo handiko plan baten lehenengo jarduera dira lehenengo fase honetan garatuko diren birlandaketa-lanak. Karabesu mendiari dagokionez, 2005-2006 urtealdian bukatuko da berriztaketa.
  Jendartea 2004-07-16 21:37

Getxoko zabortegia ingurumen-gunea bilakatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurtengo azken hiruhilekoan edo datorren urteko lehenengoan zabortegia izten dutenean, udal hondakinen arazoa erabat konpontzeko ingurumen-egitasmoa gauzatuko du Getxoko Udalak. Bere egunean zabortegia zabaltzeko erosi zuten lurrari esker, ingurune osoa berreskuratu ahal izango dute, Iñaki Zarraoa alkateak adierazitakoaren arabera, honako hiru ekintza hauen bitartez: Ingurumen Areto bat sortzea, herritarrek gozatzeko inguruko bideak berreskuratzea eta ingurumen arloko konplexu oso bat martxan jartzea.
  Jendartea 2004-07-16 20:51

Erandioko bizilaguna atxilotu dute Bilbon harremanak izateko klubeko atezaina erasotzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bilboko harremanak izateko klub bateko atezainari herio-mehatxua egin eta hura botila batekin jotzea leporatuta, O.C.P. Erandioko 22 urteko gaztea atxilotu du gaur goizaldean Ertzaintzak. Europa Press agentziak jakinarazi duenez, 4:00ak aldera izan dira gertaerak. Klubeko atezaina kolpatu eta erasotzailea eta berarekin zeudenak, botila eta beisbol batea lurrean utzita, ihes egin dutela aditzera eman diete ordu horretan Hiri-Segurtasun patruila-kotxe bateko agenteei. Ordu batzuk lehenago istilua izan omen du atezainarekin gazteak, lekukoek ertzainei esandakoaren arabera. Lagun gehiagorekin eta batea eta botila eskuan zituela itzuli da beranduago klubera.
  Politika 2004-07-15 22:49

"Zapalketa politikoa" erabiltzea egotzi dio alkateari Erandioko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Agintaldiko lehenengo urtean, EAJ eta EA alderdiek osatutako gobernu batzordeak "zapalketa politikoa" erabili duela adierazi du gaur, prentsa ohar bidez, Javier Ruiz Erandioko PPko bozeramaleak. Bere hitzetan, etengabe erabili dute daukaten gehiengoa oposizioko taldeen ekimenak eztabaidatuak izan daitezen galarazteko, "edozein udal administrazioan egon behar duen debate publikoa eta irekia errotik moztuz". Horretaz gain, Mikel Arieta-Araunabeña (EAJ) alkatearen jokabidea hainbatetan "legez kontrakoa" izan dela aipatu du popularren ordezkariak, "aukeratutako zinegotzia bailitzan, Erandioztarrak plataformako kide bati hitza eman diolako udalbatzar bat baino gehiagotan", "bozkatzeko aukera ere" eman dietela gaineratuz. PPko zinegotziak esandakoaren arabera, "fiskaltzara joko genuela esan genionean baino ez zuen atzera egin. Hala ere, legez kanpoko plataformak normaltasun osoz erabiltzen du udaletxeko bulegoa". Ildo berean, kartzelara bisitatzera joateko preso politikoen familiarrei ematen zaizkien dirulaguntzak kritikatu ditu, baita aurten lehendabiziko aldi Elkarriri emandakoa ere. Dirulaguntzak emateko politikari "alderdikoia" iritzi dio Ruizek.
  Ekonomia 2004-07-12 21:23

Enplegu Plana garatzen ari dira Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ean indarrean sartuko litzatekeen enplegu-plan berria prestatzen dihardu Erandioko Udalak. Hain zuzen ere, emakumeak eta oinarrizko errenta jasotzen duten auzotarrak laneratzea izango litzateke egitasmoaren helburua. Horretaz gain, inguruko enpresek behar dituzten langile-profilaren arabera, egokia den trebakuntza emango diete langabetuei.

Nabarmenak

Zorion agurrak