Gazteok 2006-11-15 20:49

Gazte-elkarte getxoztarrei emango diete hitza ostiral eta larunbatean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gazteshowa izenburupean, gazteekin jarduten diren edo horiei zuzenduta dauden udalerriko elkarteen arteko topaketak antolatu ditu, azaroaren 17 eta 18rako, Getxoko Gazteria Zerbitzuak; taldeek beraiek dituzten proiektuak, zailtasunak, ideiak edota proposamenak ezagutzera eman ditzaten. Jardunaldiak Algortako Getxo Antzokian izango dira eta sarrera doakoa. “Udalerrian elkarte multzo oparoa eta anitza daukagula ezagutzera ematea da asmoa, herritarrak animatuz kolektibo horietan parte hartzera. Bestalde, taldeak elkar ezagutu eta euren artean sare moduko lana sustatu nahi dugu; aldi berean elkarteetan eta udalerriko gazteengan eragina duten gaien ganeko eztabaida eraginez eta proposamenak batuz” adierazi du gaur goizeko prentsaurrekoan Imanol Landa Gazteria zinegotziak. UKBERRI ere izango da Gazteshowan. Argazkian, Unai Amezaga -atzean- eta Imanol Landa -aurrean- Gazteshowaren aurkezpenean.
  Gazteok 2006-11-06 22:46

Gazte parte-hartzea bultzatzeko “Emazu pausua” kanpaina abiatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Boluntak, boluntariotza eta elkarteentzako Bizkaiko agentzia, “Emazu pausua” kanpaina abiarazi dute gaur goizean. Ekimenak partaidetza eta elkartasunaren baloreak aldarrikatzeaz gain, gazteen parte-hartzea sustatzea eta ahalbidetzea ere nahi du, gazteek gizartean duten rol aktiboaz jabetuz. Bizkaiko gazte, heldu zein eragileei zuzendutako kanpaina hau hilaren 22ra arte luzatuko da eta berari buruzko hainbat datu www.emazupausua.org bitakoran topa daitezke. Bestalde, zapata berdeak izango dira 15.000 esku-orritan zabalduko den kanpainaren irudia. Minerva Leonek eta Arantza Santistebanek (argazkian) jakinarazi dutenez, 2004an 200 bat gazte elkarte zeuden eta gazteen herena elkarteren batean aritu izan da edo aritzen da.
  Gazteok 2006-11-06 21:29

Etorkinen Nazioarteko Eguna ospatzeko bost graffiti egiteko baimena emango du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datorren abenduaren 18an ospatuko da mundu mailan Etorkinen Nazioarteko Eguna. Data hori omentzeko, aniztasunaren eta kulturen arteko bizikidetza bultzatzeko eta inguruko gazteen sormena bultzatzeko, Getxoko Udalak udalerriko bost hormatan pintatzeko baimena emango du. Horrela, adierazpen askatasuna erabiltzeagatik hainbat graffitilariri isuna jarri beharrean materiala ordainduko die Getxoko Udalak. Udal Gazteria eta Inmigrazio zerbitzuek jakinarazi dutenez, helburuetako bat bertoko eta atzerriko artistek parte hartzea lortzea da. “Asmoa udalerriko gazteen sormena eta ahalmen artistikoa berriro goraipatzea da, bere egunean (2004an) Getxon egin zen Euskal Herriko Graffitien Txapelketarekin egin genuen bezala. Baina oraingoan gaiak eta protagonistek Getxoko herritarren aniztasunarekin izango dute zerikusia” azaldu du Imanol Landak, Presidentzia Arloko zinegotzia izateaz gain, EAJko alkategaia ere badena. Argazkian, Getxoko Udal Euskaltegiko horma, bizikletak uzteko burdina jarri eta kartelak ipintzeko panela kendu ostean.
  Gazteok 2006-11-03 13:59

Zazpigarren urtez, "Indabada Mundiala" egingo dute bihar Algortako gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbatean Algortan egingo den VII. Indabadan parte hartuko dutenen plateretan jasoko da 1999an Sastraka kolektiboak ereindakoaren uzta. Urte hartan, Getxoko Udal Gobernuak Sastraka gaztetxea desalojatu ostean, kale gorrian zegoen Algortako gazteriak kale topagunea asmatu zuen negu gorrirako. Bilbotarrak bailiran "Indaba Mundiala" izendatu zuten asmakizun zahar-berria. Ordutik hona, San Martin garaian edo, urri bukaeran ospatu izan da Algortako Indabada. Aurten, betiko legez, Txiki ta Otaegi plazan egingo da. Batzuk goizean goizetik prestaketetan arituko badira ere, ehundaka gazte 13:00etan agertuko dira, aurreskuaz, musikaz, trikitixen doinuaz zein txikiteoaz gozatzeko. Ondoren, herri bazkaria egingo dute, babajana noski.
  Gazteok 2006-10-30 19:22

"GaztHerria" aldizkaria kaleratu du Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak (EHGK) bi hilabetean behin argitaratuko duen aldizkaria dugu "GaztHerria" (argazkian), eta gure webgunean deskargatzeko aukera izango da. Publiko eta dohakoa izango da, beraz. Bertan, gazteriaren diagnosiak aztertuko ditugu, baita Euskal Herriko gazte eragileak protagonista izango diren erreportaiak irakurtzeko aukera ere. Eta noski, Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluaren ibilbidea jarraituko dugu. Egin klik bada, eta deskargatu ezazu! (pdf) Eta kontutan hartu inprimatzeko eta kopiatzeko aukera duzula, beraz lagunduiguzu GaztHerria zure herri eta inguruan zabaltzen!
  Gazteok 2006-10-24 20:18

Gazte Plana prestatzen ari da Erandioko Udala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko lehen Gazte Plana prestatzen ari da une honetan Erandioko Udala. "Gazte Zerbitzua buru dela, gazteengan eragina duten udal arlo guztiek parte hartzen dute Gazte Plana taxutzeko", udal iturriek baieztatu dutenez. "Planak ikuspegi integralez eta zeharka lantzekoa izango da. Ekimen honen asmoa da gazteen errealitatearekin zerikusia daukaten gizarte agente guztien ekarpenak jasotzea, hau da, kultura, kirol, auzo eta gazte elkarteen ekarpenak. Baina, bereziki, gazteen inplikazioa bilatzen du eta gazteen parte hartzea plana gauzatzeko. Beraz, parte hartzeko plana dela esan dezakegu", azaldu dute.
  Gazteok 2006-09-28 14:23

Larunbatean Uribe Kostan zehar martxa egingo du Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Segi gazte erakunde ilegalizatuak azken egunotan Uribe Kostako gazteriari zuzendu zaio, irailaren 30ean, larunbata, burutuko duen martxarekin bat egin dezan. Kartel eta esku-orrien bidez, “Costa Rica suntsitu eta Uribe Kosta eraiki” lelopeko ibilaldia iragarri dute ezker abertzaleko gazteek. Ekimen hau dela medio eskualdeko eredua “arrotza, kapitalista, patriarkarra” eta suntsitzailea dela salatu eta “bidegabekeri guztiei erantzun, topeak bilatu eta alternatibak planteatuz” lan egiteko prestasuna agertu du gazte erakundeak. Dena den, gogoratu du Segik Uribe Kosta euskaldun, sozialista, feminista eta naturarekin bat egingo duena eskuratzeko “nahitaezkoa” izango dela Euskal Herriko independentzia eskuratzea. Martxa larunbatean, goizeko 10etan, hasiko da Urdulizen eta geroago Sopela, Berango, Algorta, Itzubaltzeta / Erromo eta Lamiakon geldiuneak egin ostean Leioan bukatuko da, tartean hainbat hitzaldi, ekimen eta herri bazkaria izango direla. Argazkian, iazko martxaren irudi bat.
  Gazteok 2006-09-26 16:50

Bi urte beteko dituela ospatuko du ostiraletik aurrera Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "2 urtez zirikatzen… eta urte askotarako!" lelopean ospatuko du Itzubaltzeta gaztetxeak bere bigarren urteurrena. Izan ere, ostiral honetan aterako dira kalera Itzubaltzeta / Erromoko zein inguruko gazteak, lortutakoa aldarrikatzera: lehenengo aldiz Getxoko udalerrian gaztetxe batek bi urtez zutik eta bizirik mantentzea. Hitzordua Santa Eugenia plazan izango da, 21:00etan. Manifestazioaren ondoren, luntx batetaz gozatu ahal izango da gaztetxean. Hurrengo astean, berriz, mota askotako ekitaldiak izango dira herriko plazan zein gaztetxean, gazte, heldu eta umeentzat, tartean larunbateko kontzertua Txapel Punk, Macarrada eta Okupando Rom@ taldeekin. Argazkian, bigarren urteurrena aurkezteko Itzubaltzeta gaztetxeak emandako prentsaurrekoa.
  Gazteok 2006-09-23 01:34

Alderdi Eguneko kanpaldia abiatu du EGIk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri “Bide berriak, helburu berbera: independentzia!” lelopean, arratsaldeko 8etan abiatu du Euzko Gaztedik Forondako zelaietan asteburuan zehar EAJko Alderdi Egunaren inguruan egiten ohi duen kanpaldia. Gaueko hamarretan, berriz, ekitaldi ofiziala izan da, non, Herrialde Katalanetako, Galizako eta Saharako hainbat ordezkari lagun izan direla, Jesus Galindez EAJko eta FBIko kideari omenaldia egin zaion eta aurreskuaren ondoren ikurrina altxatu den. Gaua hasteko, Kresala taldeak eta Eneko DJk bere doinuak jarriko ditzute Forondan. Bihar, berriz, egun estua izango dute EGIzaleek. Hamaiketakoa 12:00etan gosalduta, ez omen dute aitzakiarik izango ordu bat beranduago Josu Jon Imazen esku izango den ekitaldi poIitikoan egoteko. Badaezpada, 15:00etan indarrak berreskuratzeko aukera izango dute 10 euro balio duen herri bazkaria dela medio. Bazkari ostean, ohikoa denez, bazkalostekoak: kantak eta euskal dantzak. Eguna bukatzeko, aldiz, doinu berriagoak izango dira Etxe, Sustrai eta Joxeina Etxeberriaren eskutik. Argazkia: EGI.
  Gazteok 2006-09-20 23:38

EAEko Gazte Kontseiluak begirale ikastaroetan matrikulatzera deitu du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gazte Kontseiluak (EGK) irailaren amaiera edo urriaren hasiera arte matrikula epea zabalik daukaten astialdirako begirale edo zuzendari izateko ikastaroetan izena ematera deitu du. Horrela, eta bakerako heziketa, partaidetza, ingurumenarenganako errespetua, elkarbizitza, euskararenganako motibazioa, genero berdintasuna, kulturartekotasuna baloreak indartzeko asmoz, EAEko hainbat astialdi eskolekin batera ikastaroak prestatu ditu EGKk. Bizkaian, Iturralde), Gaztetxoak), Urtxintxa), EDE) Fundazioa, Kurkudi eta Gazteen Gurutze Gorria) dira EGKrekin batera ikastaroak emango dituzten elkarteak.
  Gazteok 2006-09-20 21:07

Bordatxu gazte txokoa, berriz zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Bordatxu gazte txokoak bere ateak berriz zabaldu zituen pasa den irailaren 15ean. Iaz bezala, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako lokala ostiral eta larunbatetan egongo da irekita urtean zehar, arratsaldeko bostetatik bederatzietara bitartean. Berrikuntza moduan, urritik aurrera igandeetan ere zabalik egongo da Bordatxu. Lokalean lagunekin egoteko, musika entzuteko, interneten nabigatzeko, ekitaldiak antolatzeko eta euskaraz egiteko aukera izango dute gazteek. Argazkian, neska koadrila bat Bordatxun.
  Gazteok 2006-09-11 19:52

Gaur eta atzoko 200 eskaut batu ditu Algortako Scout Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Basagoiti etorbideko egoitzaren 30. urteurrena aitzakiatzat hartuta, lehengo Etorkizunak edo gaurko Algortako Scout Taldeak beren 50 bat urteko ibilbideko kideak batu zituzten pasa den larunbatean. Azkenean, argazki erakusketa eta bazkaria Bihotz Alai plazan burutu ziren eta bertan adin guztietako 180 bat lagunek parte hartu zuten “giro ezin hobean”, taldeko kideen iritziz. Irudian, larunbatean egindako talde argazkia / Nahikari Ayo.
  Gazteok 2006-09-03 21:53

Algortako Scout Taldearen egoitzako 30. urteurrena aitzaki herri bazkaria izango da datorren larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Scout Taldeak hogeita hamar urte betetzen ditu aurten Basagoiti etorbideko 69. atarian ezarri zenetik. Urteurrena ospatzeko, bazkari bat egingo du datorren larunbatean, irailak 9, Algortako San Nikolas Plazan. Eskautetatik pasatu den jende guztia mahaiaren inguruan batzeko asmoa daukate oraingo taldekideek. Horregatik, bazkarian parte hartzera dei berezia egin dute, bazkarira apuntatzeko telefono zenbaki honetara deitzeko baino ez dela egin behar: 658713428 (Nahikari). Bestalde, oraingo egoitzak 30 urte bete baditu ere, Algortako Scout Taldearen sorrera 60. hamarkadaren bukaeran koka dezakegu. Elkartearen lehen egoitza, gazteek egindako “txabola” bat izan zen eta geroago egun Aldai Patronatua dagoen lurretan kokatu zen. Argazkian, taldeko hainbat kide Donostiako izotz-pistara 2006ko otsailaren 12an egindako txangoan / Nahikari Ayo.
  Gazteok 2006-09-03 13:05

Kurtsoa hasteko batzarra egingo du asteazkenean Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datorren asteazkenean, irailak 6, arratsaldeko 8etan, Itzubaltzeta gaztetxeak kurtso berria hasteko batzarra burutuko du. Batzarra horretara gonbidatuta daude gaztetxea erabiltzen duten kolektibo, kuadrila eta tailer guztiak zein interesa duen pertsona oro. Besteak beste, aurtengo tailerrak, eta lehenengo hilabeteen nondik norakoak zehaztuko dira bertan. Asteazkenera arte! Argazkian, Gaztetxe Martxa Itzubaltzeta / Erromon sartzen.
  Gazteok 2006-09-01 20:24

Presoek eta punk eta hardcore doinuek hartuko dute gaur Txorimalo gaztetxea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Txorimalo gaztetxeak presoen bizibaldintzei eta musika gogorrari egingo die lekua gaur. Algortako Gazte Asanbladak publikoki jakinarazi duenez, arratsaldeko 6etan bi presoren amek egindako adierazpenak biltzen dituen bideo bat proiektatuko dute. Bizipenak azalduko dituzten senideak Xose Tarrio "eraildako" presoaren eta Gabriel Pombo Da Silva "bahitutakoaren" amak dira. Era berean, arratsaldeko 8etan Deskiziadxs Leioako punk taldeak, Madrilgo Antitedax hardcore bandak eta Txaunis Bomb Band taldeak kontzertua emango dute. Sarrerak gaztetxean bertan salduko dira 3 euroen truke. Gaurkoaz gain, hamaika ekitaldi antolatu ditu Txorimalo gaztetxeak irailean zehar, batez ere ekologiari, zinemari, eutogestioari eta musikari lotuak. Argazkian, Topo, Deskiziadxs taldeko baxu-jolea.
  Gazteok 2006-08-30 15:23

Bihar da azken eguna Euskal Herriko III. Graffiti Lehiaketan izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, abuztuaren 31, bukatuko da Euskal Herriko III. Graffiti Lehiaketan izena emateko epea. Duda-mudan dauden 15 urtetik gorako sprayzale euskaldunek parte hartzeko aukera daukate oraindik, Euskara Elkarteen Topaguneak Abadiñon duen egoitzara egin nahi duten graffitiaren zirriborroa bidaltzen badute, gaur edo bihar askoz jota. Jasotako zirriborroen artean, epaimahaiak hamar aukeratuko ditu, eta horiek izango dira irailaren 16an marraztuko direnak, Tolosan egingo den gazteen sormena eta ekoizpen artistikoa sustatzeko lehiaketa honen finalean.
  Gazteok 2006-08-11 19:33

Uribe Kostako Aralarrek Sopelako gaztetxea itxi izana salatu du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Ganebarri gaztetxea hustu izana salatu du Uribe Kostako Aralarrek. Alderdiak uztailaren 21ean kaleratutako prentsa oharrean nabarmendu zuen "eskualde horretako gazteak elkartzeko leku barik geratu direla". Era berean, Aralarrek kritikatu zuen "Sopelako Udalak ez dituela gazteek euren gestionatuko dituzten lokalik egokitu, hala eskatu arren. Eta gainera, eskariei kasu egin beharrean, gaurko egunean gazteek zuten elkartzeko leku bakarra ixtea erabaki duela Udalak". Horren aurrean, Uribe Kostako Aralarrek "gazteentzako lokalak egoki ditzala eskatzen dio Sopelako Udalari, hori baita bere egitekoa, herritarrei behar dituzten zerbitzuak egokitzea. Hori dela eta Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladaren eskariarekin bat egiten dugu eta Udalak hartu duen erabakia salatzen dugu". Argazkian, SUGAko kideak Sopelako udaletxeko teilatuan egindako protestan.
  Gazteok 2006-07-26 18:22

Ostiralean Sopelako udaletxean gertatutako liskarrei buruz balorazio kontraesankorrak dituzte alkateak eta SUGAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiral goizean, Ganebarri gaztetxea Ertzaintzak hartuta zegoela ikusi ondoren, Sopela eta Urdulizko gazteek Sopelako udaletxearen kanpoaldean ordu erdiz kontzentratu ostean eraikinean sartu izana erabat gaitzetsi du Udal Gobernuak. EAJko politikarien aburuz, “kontrolatu gabeko talde bat” udaletxea “inbaditu” zuen eta Udaltzaingoko kide batzuei “eraso” egin zien. Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (SUGA), berriz, salatu du kontrakoa: “gazte asanbladako kide batzuk barrura sartzen ahalegindu direnean desalojoa salatzeko asmoz, txakur udaltzain batek gazte bat eraso du, biak lurrean jira-biraka ibili direlarik”. UKBERRI.NETek, funtsean, SUGAk esandakoa berretsi behar du: lasai asko sartu egin ziren gazteak udaletxera, udaltzain batek gazte informaziorako lehiatilaren aurrean gazte bat lurrera bota eta besoarekin lepoa estutu arte. Ondoren, gazteak polizia gainetik kendu zuen eta giroa berotu zen, beste udaltzainak bere kidea babesteko erasotzailea eta gazteen artean jarri zirela (argazkian). Une horretan, enfrentamendua bultzadetara eta oihuetara mugatu zen, nahiz eta bigarren udaltzain batek borra atera eta gazteek berau ebatsi.
  Gazteok 2006-07-26 14:32

Ganebarriren desalojoa salatzeko kanpaldia kentzera behartu du Ertzaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiralean Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (SUGA) udaletxe ondoko parkean jarritako kanpaldi mugagabea kentzera behartu du gaur goizean EAEko Poliziak. Goizeko 8:30ean heldu dira brigada higikorreko “beltzak”, kalez jantzitako poliziak eta uniformedun ertzainak, guztira 25 bat polizi, une horretan zeuden dozena bat gazte desalojatzera. Kalez jantzitako polizia batek, “polizia onaren planta eginez” gazte bat identifikatu du eta kanpaldia kentzeko agindu judiziala erakutsi arren ez die eman, SUGAko kideek jakinarazi dutenez. Identifikazioaz gain ez da bestelako gertakizunik egon. Gazteek kanpin dendak kendu dituzte baina bertan jarraitzen dute, “beltzen” furgoneta baten ondoan. Arratsaldeko 7etan batzarra egingo du SUGAk. Argazkian, SUGAko bi kide kanpaldiko materiala zaintzen, atzean "beltzak" dituztela.
  Gazteok 2006-07-21 14:11

Sopelako udaletxeko teilatura igo dira Ganebarriko gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Behin ordu erdiko elkarretaratzea bukatuta, Sopelako udaletxera sartu dira Ganebarri gaztetxea hustu izana salatzen ari ziren neska-mutilak. Orduan hasi dira liskarrik gogorrenak: lau udaltzain gazteei bidea mozten saiatu dira eta bost minutu luzez egon dira bultzadak, irainak, eta abar. Bitartean, beste hainbat gazte kalejiran abiatu dira udaletxean barrena, alkatetza eta idazkaritzatik igaroz. Halabaina, biak ala biak itxita zeuden. Ondoren, teilatura igo, "Ganebarri desalojatuta. PNV, hurrengoa zuena" lelopeko pankarta eskegi eta goian jarraitzen dute neska-mutilak. Bitartean, megafoniaz, gaur 20:00etan, udaletxe aurrean kazerolada egitera deitzen ari da Sopela eta Urdulizko Gazte Asanblada; eta bihar, ordu eta leku berean, manifestazioa izango da.