Gazteok 2006-06-19 23:45

Aste bukaeran gerta liteke Sopelako Ganebarri gaztetxearen desalojoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostegunean, UKBERRI.NETek jakinarazi zuenez, egun horretan eguerdian, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako (SUGA) abokatuak Sopelako Ganebarri gaztetxetik irtetzeko 72 orduko epea ematen zien desalojo agindua jaso zuen Getxoko Justizia Jauregitik. Gaur bertan letraduak azaldu duenez, otsailaren 6an, gune autogestionatua dagoen Elorriagane etxea bereganatu zutelakoan epaitu nahi izan zituzten hiru lagunek ere aipatu agindua jaso eta 72 ordutara arte ezin izango dute gauzatu desalojoa: "bik gaur hartu dute agindua eta bestea bihar joan behar omen du bila", adierazi du.
  Gazteok 2006-06-17 06:37

Itzubaltzetako Autogestio Eguneko ekitaldi guztiak debekatu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Getxoko Udalak debekatu egin ditu Itzubaltzeta gaztetxeak gaurko deitutako ekitaldi guztiak. 3282/2006 dekretuan Iñaki Zarraoa alkateak hainbat lege aipatuz kaleko ekintzak debekatu ditu inolako baimenik ez eskatzeagatik. Berriz, gaztetxearen barruan egitekoak diren bideo emanaldia eta kontzertua galarazteko Ikuskizun Publiko eta Jolas Jarduerei buruzko Euskal Legean oinarritu da EAJko alkatea bertan ere jasotzen baita ikuskizunak burutzeko Udalari baimena eskatu behar zaiola, 10 egunekoa gutxienez. Gaztetxeko kideak iluntzean batu dira dekretua aztertzeko eta erantzun bat emateko. Horrezkero, jakinarazi dute gune autogestionatua diren heinean ez dutela dekretua aintzat hartuko eta ekitaldi guztiak mantenduko dituztela, Udal Gobernua osatzen duten EAJ, EA eta EB alderdiei debekuen ardura leporatuz. Era berean, aurretik Erromo eta Pinuetako Jai Batzordeari zein Gazte Enbata konpartsari "jarritako oztopoak" gogoan izan dituzte.

  Gazteok 2006-06-15 10:37

Desalojo agindua jaso du Ganebarri gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Ganebarri gaztetxea "dagoeneko desalojo mehatxuan dago" Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (SUGA) jakinarazi duenez. Atzo eguerdian, SUGAko abokatuak Sopelako gaztetxetik irtetzeko 72 orduko epea ematen dien desalojo agindua jaso zuen Getxoko Justizia Jauregitik. Horrezkero, "gazteriaren kontrako beste errepresio ekintza hori" salatu eta gaztetxea defendatuko duela iragarri du SUGAk. Era berean, Ganebarriko kideek mobilizazioak deitu dituzte larunbat honetarako eta egun horretan aurretik prestatuta zeukaten Koadrila Egunean parte hartzeko deia egin diote Uribe Kostako gazteria osoari. Argazkian, Ganebarriren inguruko deklarazioak izan zireneko kontzentrazioa Getxoko epaitegien aurrean.
  Gazteok 2006-06-14 17:57

Koadrilen Eguna izango da larunbatean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, ekainak 17, Koadrilen Eguna ospatuko du Sopelako gazteriak, herriko Balearen plazan. Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (SUGA) antolatuta, ekintza ugari izango dira gazte sopeloztarren arteko harremanak bultzatu eta aisialdi aske, partehartzaile eta herrikoia aldarrikatzeko. Horrela, 16:30ean Eskupilota Txapelketari hasiera emango zaio. Bitartean, eskalada egiten ikasteko aukera ere izango da. 18:30ean, sokatira txapelketa, aurpegi margoketa eta paper-mural margoketa izango dira. Ordu berean, sagardoa eta txistorra dastatzeko txosna zabalduko da. 19:30ean, jolasei hasiera emango zaie eta, ondoren, kalejira eginez, Ganebarri gaztetxera helduko gara. Arratsalde osoan zehar, azoka herritarra eta umeentzako puzgarriak izango dira.
  Gazteok 2006-06-09 18:55

Uztailerako hainbat jarduera antolatu ditu Berangoko Gaztelekuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uztailean, bere ohiko jarduerak alde batera utzi eta Uda Gaztea egitasmoari ekingo dio Berangoko Gaztelekuak. 13 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta, aipatu udalerrian erroldatutakoek izango dute lehentasuna partaide kopuru mugatua daukaten ekintzetan; ordaindu beharrekoak merkeago ere aterako zaizkie berangoztarrei. Gauzak horrela, uztailaren 3tik 21era izango du iraupena Uda Gaztea egitasmoak eta astelehenetik ostiralera izango dira jarduerak, 16:00etatik 20:00etara. Hala ere, baliteke ordutegia aldatzea, burutu nahi den ekintzaren arabera, Berangoko Udaleko iturriek azaldu dutenez. Argazkia: surf ikastaroa egingo dute uztailaren 10etik 14ra.
  Gazteok 2006-06-08 21:19

Ekainaren 17an autogestioan bi urtez aritu izana ospatuko du Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ekainaren 17an, larunbata, Autogestioaren Eguna ospatuko dute Itzubaltzeta / Erromo herrian zehar gaztetxeko kideek. Ekimen horrekin, Itzubaltzeta gaztetxeak 2004ko ekainaren 19an herriko gazteriak okupatu eta 4 hilabete geroago Ertzaintzak eta Getxoko Udalak eraitsitako gaztetxearen proiektu berarekin jarraitzen duela islatu nahi du. Bi urte hauetan gaztetxea gazteen topagunea, aisi eta borrokagunea izan da eta izaten jarraitzeko asmoa du. "Bi urtez autogestioan, Itzubaltzeta aurrera" lelopean, egitaraua zabala prestatu dute gaztetxeko kideek, tartean azoka txikia, herri bazkaria eta Ehiztari, Noizean Behin eta Biok taldeen kontzertua izango dela.
  Gazteok 2006-06-08 15:29

Talo tailerra, afaria eta poteoa izango dira bihar Ganebarri gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiral guztietan, Ganebarri gaztetxeko taberna zabalik egoten da eta ekimen ugari izaten dira bertan: bideo emanaldiak, tailerrak... Bihar, berriz, taloak egiten ikasteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (SUGA) antolatuta. Hortaz, tabernaz eta musikaz gozatzeaz gain, talo tailerra izango da arratsaldeko 7etan, eta afaria eta poteoa ondoren. Animatu eta etorri! Argazkia: Atauri
  Gazteok 2006-06-08 10:44

Berriro zabaldu dute Txorimalo gaztetxea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Gazte Asanbladak (AGA) jakinarazi duenez, berriro ere martxan dago Txorimalo gaztetxea. Atzo arratsaldean jende andana sartu egin zen berriro Getxo aldeko gune autogestionatuan, Amarratsak Astearen barruan programatua zegoen hitzaldian parte hartzeko. "Ez dugu oharrik aterako, dagoeneko jakin beharreko guztia esanda dagoelako. Gainera, oharrik onena gaztetxe dinamikekin jarraitzea dela uste dugu", adierazi dute neska-mutilek. "Kukutza gaztetxean behin esan genuen bezala, irabaztera goaz!", gaineratu dute AGAkoek.
  Gazteok 2006-06-07 01:47

Berriro Getxoko gaztetxe bat desalojatua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Berriro ere kalean, eta dagoeneko ia ez dakigu zenbat okupazio eta gaztetxe sortu eta desalojo, salaketa, isun, karga, errepresioa, jarraipen, intoxikazio mediatiko... jasan behar izan ditugun. Orain dela bi hilabete gaztetxe berria eraikitzen hasi ginen, pasa den asteburuan inauguratu egin genuen eta egun horretatik aurrera (bi egunetan) jasarpen poliziala besterik ez dugu izan. Bost pertsona identifikatu dituzte, sei alditan gaztetxera hurbildu dira eta azkenean epailearen eskutitzarekin etorri dira. Oraingoz hau da Getxoko Udalak, hau da, PNVk, ematen digun alternatiba: errepresioa eta gazteontzako usain usteldua daukan Gazteleku proiektua non bakarrik 14 eta 17 urte bitartekoentzako lekua izango den, udalak kuadeatua.
  Gazteok 2006-06-07 00:48

Txorimalo gaztetxea hustu egin du Ertzaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Iluntzean, Getxoko Txorimalo gaztetxea hustu egin du EAEko Polizia autonomikoak. Algortako Gazte Asanbladako kideek jakinarazitakoaren arabera, arratsaldeko azken orduan 9 ertzain sartu dira orain dela 4 egun inauguratu zen gaztetxean. Uniformez jantzitako lau ertzainek kanporaketa egiteko agindu judiziala erakutsi dute eta kalez jantzitako beste bost polizia atzean zituztela, bi "aukera" eman dizkiete gaztetxe barruan zeuden 6 neska-mutilei: besterik gabe alde egiteko, identifikazioak ere ez zituztela egingo edo, erresistentzian saiatuz gero, epaitegian bukatzea. Gazteak atera direnean, eraikina eta sarbideak prezintatu dituzte ertzainek eta barruan gelditu diren gauza guztiak epaitegian eskatu beharko dituztela esan diete gazteei. Dena delakoa, Txorimalorekin, azken zazpi urteotan zazpi gaztetxe eraitsiak edo hustuak izan dira Algorta eta Getxon. Bestalde, Algortako Gazte Asanblada bihar batzartuko da egoera hausnartzeko eta hurrengo ekimenak zehazteko. Era berean, bihar, asteazkena, eta ostiralean aurreikusita zeuden II. Amarratsak Asteko ekitaldiekin zer gertatuko den ez dago argi oraindik.
  Gazteok 2006-06-01 23:30

Getxoko Txorimalo gaztetxea aurkeztuko dute larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, ekainak 3, Getxoko Txorimalo gaztetxearen aurkezpena egingo du Algortako Gazte Asanbladak. Era horretan, apirilaren 10ean okupatu zuten etxea gazteriari erakutsi nahi diote, ezagutzen dutenei txukuntze lanek izan dituzten emaitzak erakusteko eta oraindik ezagutzen ez dutenei gaztetxeak guztiontzat ateak irekita dituela azpimarratzeko. Asmo horiekin, egitarau zabala prestatu du Algortako Gazte Asanbladak larunbaterako: goizeko 12etan kalejira izango da Txiki eta Otaegi plazatik Aixerrota institututik gertu dagoen gaztetxeraino. Bi ordu beranduago, txupinazoa, traka eta ohorezko aurreskua izango dira. 15:00etan, bertso bazkaria antolatu dute, tartean sagardo kupeletan txotx egiteko aukerarekin, eta gaua hasteko, 19:30etik aurrera kontzertuak, musika eta jaia izango dira.
  Gazteok 2006-05-25 14:06

Bilboko gaztetxe berria desalojatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaztesarea webguneak zabaldutakoaren arabera, Ertzaintzaren brigada mugikorreko lau furgoneta eta beste horrenbeste patruila-auto agertu dira, goizeko hamarrak aldera, Zazpi Kaleetako gaztetxean. Polizia agenteek pareta bat bota dute eta, barruan zirenak identifikatu ostean, eraikina hormatu dute langileek. Gazteek jakinarazi dutenez, 19:00etan manifestazioa izango da Santiago plazatik. Egun bateko aldearekin, desalojatu duten hirugarren gune okupatua da Bilbokoa: atzo bertan orain bi aste Gasteizko Errota auzoan gazteek okupatutako lokala hustu zuten ertzainek; eta, Donostiako Morlans auzoan, urtetan okupatuta izan den etxe bat bota zuten. Informazio gehiagorako: Gaztesarea.net
  Gazteok 2006-05-24 19:28

Auzolanak izango dira Getxoko Txorimalo gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Badira bi hilabete Algortako Gazte Asanbladak Txorimalo gaztetxea okupatu zuela. Herritik pixkat urrun geratzen denez ez da gazte askorik hurbiltzen. Bi hilabete hauetan lan fisikoaz arduratu gara gehien bat, eta etxea txukuntzen bukatu behar dugu ahalik eta lasterren gaztetxea erabiltzen hasteko. Horrexegatik, auzolanak antolatu ditugu ekainaren 3, 4, 9 eta 10erako. Goizeko 11etatik aurrera, egun guztietan zehar arituko gara lanean, ekainaren 10ean izan ezik; bazkal ordura arte izango dira.
  Gazteok 2006-05-24 19:16

Ostiralean deklaratu beharko dute Getxoko Udalak eta PPk salatutako hiru gaztek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Desordena publikoa eta polizia agente bati lesioak eragitea leporatuta", ostiral honetan (maiatzak 26) deklaratu beharko dute, Getxoko 5. Instrukzio Epaitegian, hiru gaztek. Berez, apirilaren 25ean zuten hitzordua, baina ez ziren agertu eta berriro heldu zaie zitazioa, Algortako Gazte Asanbladako kideek UKBERRI.NETi adierazitakoaren arabera. Abenduaren 23ko gertakarien ondorioz deklaratu beharko dute. Egun horretan, orain hilabete batzuk hustutako Mentxakabarri gaztetxearen aurrean prentsaurrekoa egitekoa zen Getxoko PP eta udaletxean egitea erabaki zuen azkenean, neska-mutilak gaztetxetik irten eta metro gutxitara paratu zirelako. Gazteak 10:45ean agertu beharko dira epaitegian.
  Gazteok 2006-05-17 20:42

“Zapore goxoa” utzi zuen Itzubaltzetako II. Gazte Egunak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Maiatzak 13ko goizaldea, goizegi piztu genuen Itzubalteta-Erromoko gazteok eta 8etarako hitzordua jarria genuen Gazte Eguna '06ren lehenengo pintzeladak herrian ematen hasteko. Lokartu aurpegiekin batu ginen 12 bat gazte eta gogotsu hasi ginen kamioi zuriaren barrunbeetan panelak, aldamio-gorputzak, banderak, mahaiak, aulkiak... sartzen. Egunari emandako garrantzia eta asteak atzera egindako lanak eragiten duen presio natural horrek lehenengo urduritasun arrastoak antzeman zituen, baita gure arteko ahots altuak ere. Taldeetan banatu ginen, batzuk metalezko gorputzei forma ematera bertan panelak itsasteko asmoarekin; beste batzuk, azokaren gunea herri-saltzaileek merezitako alfonbra gorriaren gainean mahaiak eta aulkiak antolatzera eta gelditzen zirenak berriz, gaztetxoen txokoa txukuntzera, bertan umeentzako bi puzgailu, euren koxkorrezko sormena eraikitzen hasteko margoak eta magiaz beteriko erakustaldiek izango zituen oinpeko zuri-beltza lurrean ondo jarriz. Argazkian, Gabai, Gazte Enbatako ikurra.
  Gazteok 2006-05-11 19:58

Itzubaltzetako II. Gazte Eguna ospatuko da larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Duela 6 urte, Itzubaltzeta-Erromoko gazte batzuen buruetatik herriko gazteria batuko lukeen konpartsa bat sortzeko ideia igaro zen; ilusioz, lan egiteko eta lan horren fruituaz gozatzeko kideak batuko lituzkeena. Handik hona bueltaka zebilen ideia hura berehala gorpuzten joan zen, herrian zehar sakabanaturik zeuden zenbait koadrilarekin bat etorri ondoren eta jaietan 40-50 bat konpartsakide izatera heldu ginen izugarrizko giro, kolore eta aldarrikapenak uztartuz. Bertan eman zituen hastapeneko pausoak Itzubaltzeta / Erromoko Gazte Enbata konpartsak.
  Gazteok 2006-05-11 17:56

Gaztetxe Martxaren Uribe Kostako irudiak sarean jarri ditu UKBERRI.NETek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pasa den apirilaren 30ean, Uribe Kostako hainbat herri zeharkatu zituen Gaztetxe Martxak. Egun horretan, etengabeko jarraipena egin zuen UKBERRI.NETek eta Martxaren gora-beheren inguruko 18 albiste eman zituen, herri bakoitzeko giroa islatu nahian. Gaur, beste urrats bat eman du irakurtzen duzun egunkari digital honek eta 82 argazki sareratu ditu interesa duen pertsona orok ikusi ahal izateko. Arrazoi teknikoak direla eta, argazkiak bi multzotan banatuta daude: hemen eta hemen. Dena den, UKBERRI.NET ez zen izan bakarra argazkiak ateratzen egun horretan, hainbat irakurle berdin jokatu zutela. Hortaz, zure argazki onak, txarrak edota erdipurdikoak guztiok ikus ditzagun nahi baduzu, bidali guri ukberrinet[abildua]ukberri.net helbidera eta guk igoko ditugu Internetera. Dagoeneko, Internetera igo badituzu esaiguzu non, horren berri emateko.
  Gazteok 2006-04-30 22:35

Leioako okupazio mugimenduak 10 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako Gazte Asanbladak lehenengo bilerak antolatzeari 1996ko udaberrian ekin zion. Bertan gehien azaldu zen arazoa gazteentzako lokalen gabezia izan zen. Horregatik, gazte asanbladaren lehenengo aldarrikapena hori izan zen. Udal Gobernuaren erantzun eza ikusita, okupazioaren "beharra" ikusi zuten gazte asanbladako kideek eta 1997ko apirilaren 5ean Mendibile jauregia okupatu zuten. Gazte asanblada eraikina garbitzen eta konpontzen hasi zen, izan ere jauregia "guztiz utzita" baitzeukan Udalak, bere plan bakarra "espekulatzea" zela. Aste bat beranduago desalojatu zituzten gazteak baina Mendibile berrokupatu zuten. Gaztetxeak gazte mordo bat erakarri zuen eta erreferentea bihurtzen hasi zen Leioako gazteriaren artean. Talde mordo bat ere biltzen eta sortzen hasi ziren gaztetxean: gazte asanblada bera, Leioako Insumiso Taldea, Lila Gorriak, Asamblea Libertaria de Leioa, Amalurra taldea, Antzerki taldea, Duina... Hamaika ekintza hasi ziren egiten gaztetxean: tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak, kontzertuak... Kulturaren sorkuntza eta eskaintza izan zen zeregin nagusia 2000ko ekainera arte. Argazkian, Udondo gaztetxearen bosgarren urteurrena.
  Gazteok 2006-04-28 23:35

Gaztetxe Martxa heltzear dago

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mauletik apirilaren 21ean abiatu zen Euskal Herriko Gaztetxe Martxa igandean helduko da Uribe Kostara, eskualdeko gazte asanbladak eta gaztetxeak zain dituela, berauek iganderako makina bat ekitaldi prestatu dutela. Goiztiarrenak Getxoko gaztetxe okupatu berrikoak izango dira. Izan ere, bihar, larunbatean, gaueko jaialdia antolatu dute "Algortako gaztetxea martxan" lelopean. Parrilladarekin hasi, bakarrizketa jarraitu eta "Genova libera" filmaren emanaldiaren ostean okupa-akanpada burutuko dute. Halabaina, akanpada ez da luzea izango, igandean goizeko 11etan gosariarekin hasiko baitituzte Gaztetxe Martxa inguruko ekitaldiak. Ordu erdi beranduago hasiko dira Itzubaltzetakoak. Bitartean, leioztarrak, sopeloztarrak eta urduliztarrak 14:00etan eskualdera helduko den Gaztetxe Martxa itxarongo dute ekitaldiak prestatzeko. Argazkian, Gaztetxe Martxa Hernanin.
  Gazteok 2006-04-11 19:05

Gaztetxe berri bat zabaldu dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko etxe bat okupatu zuten atzo 40 gaztek, Ez Jaun Ez Jabe talde anarkistak Bizkaiko Asanblada Libertarioaren webgunean jakinarazi duenez. Okupazio horren bidez iragan den martxoaren 7an Ertzaintzak desalojatutako Algortako Mentxakabarri gaztetxearen lekukoa hartu nahi izan dute. Ez Jaun Ez Jabe taldearen iritziz, "amets berria, utopia berria eta gaztetxe berria eraikitzeari ekin diete gazteek". Gaztetxe berria Algortatik kanpo da, Getxo herrian, eta bi solairu, garaje moduko bat eta ortua ditu. Etxe horretan "inguruko gazteontzako topagunea" eta aske adierazteko zein eguneroko bizimoduari alternatiba izango den kulturgunea sortzen saiatuko dira. Bestalde, Algortako okupazio mugimenduak jakinarazi du etxea lehen squater gisa erabiltzen zuten kideek utzi eta horren berri izatean okupatu dutela etxea.