Etxebizitza hutsak erabiltzeko eskubidea aldarrikatzeko jardunaldiak egingo dituzte martxoaren 14an

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 4a, 12:00

Getxon etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko kanpaina sozioekonomiko bateratua abiatu dute Algortako Ernaiko eta Txorimalo gaztetxeko kideek. “Non daude giltzak?” lemapean, azken egunotan giltzak nonahi eskegita eta Getxoko etxebizitzen egoeraren datuak azaltzen dituzten pankartak ikusi ahal izan dira Algortako kaleetan zehar. Horrez gainera, gaztetxekoek datu eta azalpen gehiago emateko txostentxoak banatu dituzte auzoetan zehar, udalerriko jendea informatu eta eztabaida piztu ahal izateko. Informazio fase horren ostean, Algortako gazte-asanbladako eta Ernaiko lagunek “Etxebizitza eta okupazioa” izeneko jardunaldiak prestatu dituzte martxoaren 14rako. Horretarako hitzordua 11:00etan jarri dute, Eztabaida Gunean, eta esperientzia handiko hainbat eragile eta talde gonbidatu dituzte eztabaidarako: Errekaleor (Gasteiz), Txantreako Emantzipazio Bulegoa (Iruñea), Can Vies (Bartzelona), Bilboko Okupazio Bulegoa (Bilbo), Iruñerriko gaztetxeak (Iruñea), Euskal Jai (Iruñea) eta Tosuko Landa (Algorta). Algortako gazte guztiak gonbidatuta daude jardunaldian parte hartzera.

Joan den urtean Ernaikoek martxan jarritako prozesuaren hurrengo pausoa da okupazio-mugimenduko neska-mutilakaz batera hasitako kanpaina. Izan ere, 2013 eta 2014 bitartean ezker abertzaleko gazte-erakundeko kideek Algortako gazteen kezkak ezagutzeko bira hasi zuten. Horretarako, txokoz txoko joan ziren adin ezberdinetako neska-mutilen artean eztabaidak sortzeko eta horien iritziak jasotzeko. Hala, hainbat kuadrillatatik igaro ostean, urriaren akabuan, OihUKa jaialdiaren baitan, gazte-topaketak egin zituzten Txiki Otaegi plazan, Algortako auzotar gazteen artean eztabaidak sortzeko, horien kezkak amankomunean jartzeko, eta, horiekaz batera, bide berri bati ekiteko. Topaketetan, gaur egungo egoera sozioekonomiarekiko eta etxebizitzarekiko kezka nagusitu zen, besteak beste.
Bitartean, Txorimalo gaztetxeko lagunek etxebizitzaren arazoaren inguruan eztabaidatu eta datuak lortu ostean, ohartu ziren Getxon etxebizitza eskubidea “luxu bat” dela; hori dela eta, “luxua dena eskubide bilakatzeko” kanpaina jarri zuten martxan, euren kabuz hasieran, eta Ernaikoakaz batera azkenean. Txorimalokoen arabera, EAEn 74.650 etxebizitza huts inguru daude, eta kale gorrian bizi diren pertsonen kopurua 1.700ekoa da. “Ikus daitekeenez, kalean bizi den pertsona bakoitzeko 43 etxe huts dago”, azaltzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun