Getxoko EH Bildu: "Nola hasiko dira Ibarbengoako obrak desjabetzerik egin gabe?"

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 1a, 15:35
Tosu landa inguruan egin nahi dute aparkalekua.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak Ibarbengoako metro geltokiaren ondoan egin gura duen aparkalekuaz kezkatuta agertu da Getxoko EH Bildu. Bada, egunotan getxoztarrek jasotako “diptiko informatiboaren” inguruan informatzeko eskaera egin diote Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariari. Koalizio abertzaleak adierazi duenez, diptiko horietan lanak “berehala hasiko direla” iragartzen dute; hori horrela, auzotarrek informazio hori “alarmaz” jaso dutela salatu dute, “izan ere, oraindik ez dira beharreko desjabetzeak egin”.

Getxoko EH Bilduk obrak nola hasi behar dituztela galdetu diote Ruiz de Angulori, desjabetzak oraindik ez baitituzte egin. Halaber, horiek noiz eta nola egingo dituzten azaltzeko eta obrak egiteko lanak noiz hasiko diren zehaztea eskatu diote; “ez al da planteatzen auzokide eta desjabetzea pairatuko dituztenei informatzea, bai eta getxoztar guztiei informazio gehiago ematea?”, gaineratu dute koalizio abertzalekoek.

Era berean, aparkalekuaren proiektuagaz duten desadostasunak eta Ibarbengoako geltokiaren eta aparkalekuaren proiektuen “kudeaketa txarra” salatu dute; “bereziki kontuan hartuta une honetan HAPO-a berrikusten ari dela Getxon eta honelako proiektua esku-sartze onartezina izan liteke”.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun