Athletic, 2015eko Koparen bila

Athleticen golak zuzenean ospatuko ditu Getxok

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 29a, 12:15
2009ko Errege Kopako finalean, jendetza batu zen Algortan partida pantaila erraldoian ikusteko. © GET

Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia eta Algortako Telletxe plazek "dar-dar egingo dute Athleticegaz", Kopako finalaren egunean. Getxoko Udalak dio hori, eta badaki zertaz dabilen, orain dela bost urte horrela gertatu baitzen Udalak plaza horietan jarritako pantaila handiak direla medio. !8:00etatik aurrera hainbat ekitaldi izango da bertan zein Areetan.

Beraz, bihar, 18:00etatik aurrera, Santa Eugenia eta Telletxe plazetan kirol askotako eta aisialdiko jarduerak egingo dira, Athletic Clubek eta Bartzelona  taldeak jokatuko duten Errege Kopako finalaren aurreko orduak alaitzeko. Bi plazetan ere, pantaila erraldoiak ipiniko dira 21:30ean hasiko den norgehiagoka zuzenean ikusi ahal izateko. "Getxo Athleticegaz" programazio bereziaren barruko ekintzak dira, hain zuzen; eta egitarau hori GetxoAktibatu! jarduera-egutegiaren barnean dago, Getxoko Udalak eta herriko merkataritzak, ostalaritzak, profesional, kirol talde eta kultur elkarteek ardatz komertzialak dinamizatzeko antolatutako programan. Bi guneetan, Udalak 500 lepo-zapi zurigorri banatuko ditu, finalaren oroigarri gisa.

Josu Loroño jarduneko zinegotziak adierazi duenez, “partidu aurreko jarduerak 18:00etatik 20:30era egingo dira, aldi berean, Romon, Areetan eta Algortan, eta pertsona guztiak animatzen ditut biziki parte hartu eta gune publiko horietan antolatuko den programazio bereziaz goza dezaten”. Izan ere, Areetako Xake plazan kart zirkuitu bat eta pedalez eragindako motoak ipiniko dira umeentzat, penalti txapelketak egiteko ate bat, Bizkerreko emakumezkoen futbol taldeak dinamizatua, eta mahai-futbol puzgarria ere. Horrez gainera, Santa Eugenia plazan, motibo zuri-gorrizko makillaje-tailerra eskainiko dute, ohe elastiko bat, txirrista puzgarri bat eta slackline eskolak ere izango dira, azken hori Orekan Slackline Bizi talde getxotarraren laguntzagaz.

Algortako Telletxe plazan bestalde, herri kirolen inguruko tailerra egingo da, Getxoko Herri Kirol Taldeak dinamizatua, makillaje zurigorrizko tailerra, rokodromoa, ohe elastikoa, slackline Orekan Slackline Bizi taldeak ere antolatuta, eta zumba eskolak izango dira.

Alvaro Gonzalez jarduneko kirol zinegotziaren arabera, ekimenaren helburua "Udalaren eta bertako ehun ekonomikoaren interes partekatuan" datza, "sektoreari laguntzeko era honetako gertaerak aprobetxatu" beharra dagoelakoan. "Aldi berean, jarduera fisikoa eta aisialdi osasungarria hiritarren artean sustatzeko politika indartuz jarraitzen dugu, kirol elkarteen laguntzagaz. Horiei eskerrak ematen dizkiegu parte hartzeagatik", adierazi du Gonzalezek.

Aldaketak Telletxe eta Zabalako garajeetako sarbidean

Finala dela eta Algortako Telletxe plazan antolatuko diren jarduera bereziengatik, eta hiritarren segurtasuna bermatzeko, Udaltzaingoak Telletxeko eta Juan Bautista Zabalako komunitate-garajeetarako sarbidea aldatuko du behin behinean egun horretan, 17:30etik igande goizaldera arte. Horregatik, ibilgailuek Algortako etorbidera jo eta Torrene kaletik sartu beharko dute garajeetara, Telletxetik sartu beharrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun