Getxoko Udalak 2014ko kontu orokorra onartu du, EAJ eta PSEren aldeko botoakaz

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 24a, 16:16
Getxoko Udalbatza osatzen duten zinegotziak.

Getxoko Udalak 2014 urteari dagokion kontu orokorra onartu du, gaur goizean egindako udalbatzan, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoakaz. Gainontzeko talde politiko denak abstenitu egin dira. Gobernu Taldearen arabera, bertan ikusten da 8.936.848 euroko Udalaren Fondo Propioen hazkundea 2014 urtean, "hau da, %5,79ko hazkundea"; bestalde, epe luzerako zorra 3.533.305 euro murriztu dela azaldu dute, hau da, %14,3. Diru-sarrerak, finantza-interesek sortutakoak kenduta, 4.305.048 euro (%4,57) areagotu dira. Bestalde, gastuak %1 handitu dira.

Ignacio Uriarte Ogasuneko zinegotziak azaldu duenez, "kontu onbideratuak dira, gestio ekonomiko onaren ondorioa. Aurrezpen garbia sortze da eta udal zerbitzu guztiak eman ahal izatea bermatzen da, eta baita aurreikusitako inbertsioen finantziazioa ere".

Gainontzeko alderdiek (EH Bildu, Ciudadanos, GUK eta PP) 2016ko aurrekontuak osoko bilkurara eramateko, eztabaidatzeko eta Getxoko beharrei erantzna eman diezaieten eskatu dute. GUKekoek, gainera, aurrekontuak era parte hartzailean kalean ere aurkeztu beharko liratekeela esan dute.

Aurkeztutako mozioak

GUKek proposatuta, eta Gobernu Taldearen emendakina onartuta, aho batez onetsi da Jesus Maguregi Gorrotxategi poeta, idazle, musikari, konposatzaile, pintore eta Athleticen atezain algortarraren lana goraipatzeko mozioa. Udalak Musika Eskolaren eta Kultur Etxearen bitartez bere lanaren berri ematen segitzeko konpromisoa hartu du. Mozioaren berri Maguregiren familiari emango diote.

GUK taldeak EH Bildugaz batera aurkeztutako beste mozio bat ere onartu da, Udalak hiriko zuhaitzen ondarearen garapena azter dezan eta elkarte kontserbatzaileakaz eta heziketa lantzen dutenakaz 30 urtetik gorako eta interes berezia duten espeziak sailkatzen dituen plana aurrera eramatea adosteko. Aldi berean, babestea eta landatzerakoan edo baso-berritzerakoan bertoko espeziei lehentasuna ematea ere eskatu da.

Era berean, GUK taldeak aurrera atera ditu osoko bilkuran aurkeztu dituen beste bi mozioak ere, tokiko enplegurako mahai bat martxan jartzea eta Itzubaltzeta/Romoko multzo arkitektonikoa babesteko (Etxe Merkeak, Nagusien Etxea eta Euskaltegia, eta San Jose parrokia) babestea eskatzeko.

EH Bilduren kasuan, epaiketa politiko handiak amaitzea eskatzeko mozioa onartu da, 35/02 sumarioaren azken epaian kaltetutako elkarteetako eta Herriko tabernetako langileakaz eta bazkideakaz elkartasuna agertzeko, eta horrelakoek egoera politiko berrian ez dutela tokirik agerian uzteko.

Azkenik,  Ciudadanos taldeak aurkeztutako bi mozioak ere onartu dira. Bata, lonja hutsen errolda webgunean jasotzea eskatzeko izan da, eta bestea, herritarren partaidetzaren alde jokatzeko protokoloa martxan jartzeko gestio urbanistikoko esku-hartze handiak berresteko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun