Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Popularrek bakarrik bozkatu dute Errekaganeko pabilioiak erostearen kontra

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 1a, 16:30
Getxoko Udalbatza osatzen duten zinegotziak, artxiboko irudian.

Getxoko popularrek ez dute lortu Itzubaltzeta/Romoko pabilioiak 1,4 milioi eurotan erosteko erabakia atzera botatzea eta baliogabetzea. Atzoko osoko bilkuran egin zuten eskaera hori, urgentziaz gai-zerrendan sartutako mozio baten bitartez. PP pabilioi horien erosketaren aurka dago, eta popularren ustetan, "garrantzi handiko zenbatekoa duen gaia da, hortaz, udalbatzara ekartzeko modukoa zen". Horren harira, GUK taldekoen arabera, "zenbatekoa ikusita, gutxienez, Hirigintza Batzordera eramatekoa zen".

Koldo Iturbe Kultura zinegotziak, bere aldetik, Gobernu Batzordearen erabakia erabat legezkoa dela azaldu zuen eta kreditu hori dagoeneko aurreko legegintzaldiko udalbatzara eramandakoa dela. Pabilioiak "berreskuratu eta auzokoen esanetara ipintzeko" Gobernu Taldeak hiritarrakaz hartutako "konpromisoak" gogoratu zituen Iturbek; eta pabilioiak erabiltzen zituen gazte mugimenduagaz hartutako konpromisoak ere. Mozioak PPren aldeko oniritzia baino ez zuen jaso. Aurka bozkatu zuten EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Ciudadanos-ek. Guk Getxo, berriz, abstenitu egin zen.

Zabor zerbitzuaren inguruko kontratua bermatzen duen epaiaren kontu-ematea

Udaleko osoko bilkuran, halaber, Getxon zaborren zerbitzuaren kontratua bermatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Justiziako Auzitegi Nagusiaren epaiaren berri eman zuten. Auzitegi Nagusiak, Udalak EAEko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren 2014ko uztailaren 31ko ebazpenaren aurka egin zuen administrazioarekiko auzi errekurtsoa baietsi du.

Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren ebazpen horrek enpresa lizitatzaileetako baten errekurtsoa zati batean baietsi zuen, eta "bide garbiketako, hiri hondakin solidoen bilketa eta garraioko, udalaren ingurumen konplexuaren berriztapen eta ustiapeneko, eta antzeko beste zerbitzu batzuetako" kontratua adjudikatzeko prozeduran jardundako guztiaren deuseztasuna adierazi zuen, ebazpen hori indarrik gabe utziz. Auzitegiak, hortaz, eskatutako baldintzak ez betetzeagatik lehiaketatik kanpo geratu zen enpresaren errekurtsoa gaitzesten du.

Beste mozio batzuk

Horrez gainera, mozio guztiak betearazleak ez direla eta testigantzazkoak direla aintzat hartuta, zortzi mozio onartu ziren atzo. Horietako bi, PPrenak: lehenengoa, Loro landako eta Mesedeetako eliz ondoko umeentzako parkeak hesitzeko. Bigarrena, GUKek aurkeztuta, Zaharren udal egoitzatik Aiboako metro geltokira edo inguruetara tresna mekaniko bat ipintzeko bideragarritasunari buruzko txosten bat egiteko. Eta ipini ahal bada, berandu baino lehen ipintzeko.

GUKek, gainera, beste mozio bat atera du aurrera, ibaiari irabazitako ibarren mantentze egokirako eta panpa-belarra espezie inbaditzailea desagertzeko plan bat lortze aldera erakunde arteko erabakia Gobernu Batzordeak bere gain hartu eta gidatu dezan. Talde haren beste mozio bat ere onartu zen, EH Bildugaz batera aurkeztutakoa, Emakumeen Munduko Martxari babes eman eta berdintasunaren alde egiteko alor desberdinetan (indarkeria matxistaren aurka, emakumeen jabekuntzaren alde, eta abar).

 Halaber, udalbatzan EH Bilduren beste bi mozio onartu zituzten: lehenengoa, Portu Zaharreko estoldak konpondu eta gunearen itxura mantentzeko egin beharreko lanei ekiteko, besteak beste. Eta bigarrena, EAJk transakzionatua, non Udalak Askapena nazioarteko mugimenduaren aurkako epaiketa guztiz gaitzesten duen, "inoiz ez baitzuen hasi behar eta auzipetu guztiak,, tartean Gabi Basañez getxotarra, absolbitzeko erabakiarekin epaiketa berehala amaitu dadin exijitzen du Udalak".

Azkenik, Ciudadanos taldeak ere mozio bi aurrera ateratzea lortu du, udal ordenantzen testua eguneratu eta webgunean agerrarazteko, bata, eta ibilgailu elektrikoa gehiago erabiltzeko, bestea.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun