Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Itzubaltzeta gaztetxeko kideek hasieratik ekindako bidea jarraituko dutela ohartarazi dute

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 4a, 17:13
Itzubaltzeta gaztetxearen Lagunak taldearen aurkezpena, artxiboko irudian.

Bi urte eta erdi "Etxe Merkean" egon ostean, Itzubaltzeta gaztetxeko kideek Getxoko Udalagaz batera egindako akordioa aurkeztu dute. Horren arabera, gazteak lau urtez erabili ahal izango dute hasiera batean okupatutako espazioa; hala ere, balorazioen bitartez, epe hori luzatu daitekeela jakinarazi dute. Horrez gainera, Itzubaltzeta gaztetxekoek ohartarazi dute etorkizunean ere hasieratik ekindako bidea jarraituko dutela: "gazteriaren ahalduntzea, kontzientzia kritikoaren sorkuntza, politika sozialen borroka eta gazteriarentzako eta herriarentzako alternatiba errealak sortu".

Itzubaltzeta gaztetxeko kideek zabaldutako oharra:

2008ko uholdeek Getxoko udalerria bortizki kolpatu zuten Errekagane kalean kokatutako etxebizitza, garaje eta lokalak gogo handiz urpetuz. Itzubaltzeta gaztetxeak ez zuen inolako kalterik jaso, baina Gobela ibaiaren zabalpenari hasiera ematen zioten obren baldintzapean, bere ateak itxi behar izan zituen 8 urte eta gero, 2013ko otsailean.

Uholdeen ondorioz auzoan bizi zen egoera aztertuz, eta ulertuz Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Gobela ibaiaren obrei hasiera emango zietela etorkizuneko gainezkatzeak ekiditeko, Itzubaltzeta gaztetxeak husteko arriskuan zegoen.

Gazte asanbladak, eragile sozialekin batera eta herriko babesarekin, "Itzubaltzeta gaztetxearen Lagunak" plataforma sortu zuen herriari bizia eta kolorea eman dion proiektua defendatzeko asmoz.

Herriko kanpaina komunikatibo bat hasi zuen, masak multzokatuz eta herri osoak 8 urte aurretik gazte batzuk martxan jarritako ametsa ezagutu eta defendatzeko.

Indarrak bildu ziren eta proiektuak herriaren babesa zuela ikusita, Getxoko Udalarekin negoziazio mahai bat sortzea erabaki zen. Prozesu horretan, espazioa obrak bukatzean berriro gazteriari bueltatzeko aukera negoziatu egin zen autogestio eta asanbleario premisen pean, proiektuaren ezinbesteko mugarri moduan definitzen direnak.

Gaztetxetik kanpo egon diren bi urte eta erdi hauetan, akordioaren oinarrietan lan egiten egon dira, hasierako proiektuaren filosofia eta hastapenei egokituko diren baldintza onenak lortzeko asmoz.  

Eta orain, prozesu guzti horren ostean, Getxoko Udalarekin egindako akordioa aurkezten dute, non gazteriari espazioa 4 urtez laga dieten, baterako balorazioen bitartez hori luzatu ahal delarik.

Nabarmentzekoa da Itzubaltzeta gaztetxeak bere aurreko funtzionamenduarekin jarraituko duela ordutegi, balore eta orokorrean ekintzen eginkizunean, hau da, gazteriaren ahalduntzea, kontzientzia kritikoaren sorkuntza, politika sozialen borroka eta gazteriarentzako eta Itzubaltzeta/Romoko herriarentzako alternatiba errealak sortzen lan egiten jarraituko dute parte hartze aktiboaren bidez eta asanbladaren bitartez.

Hemendik aurrera, azkeneko urteetan bezala eta espazio fisikoa berriro edukiz, gazteriaren eta herriaren babesa eta laguntza inoiz baino gehiago behar dugu, Gaztetxea esparru erreferentzial bat gisa bihurtzeko, bizitzaz, errebindikazioz eta gure herria herri justuago, solidarioago eta etorkizun hobe bat bihurtzeko alternatibaz betea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun