Aratusteak 2016

Udaltzaingoak 800 litro alkohol atzeman ditu Algortako aratusteetan

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 15a, 13:10
San Juan gauean ere dispositibo berezia egin ohi du Udaltzaingoak Arrigunaga aldean. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udaltzaingoak 800 litro alkohol atzeman zituen zapatuan Algortan, 16:00etatik 05:00etara martxan jarritako prebentzio-dispositibo berezian. Arrigunagako hondartzan eta Bidezabalgo metro-irteeren aldeetan konfiskatu zuten alkohola; izan ere, aratusteak ospatzeko asmoz, Arrigunaga aldera hurbiltzeko deia zabaldu zen sare sozialetan. Halaber, 21:00etatik 22:00etara, adingabe bi artatu eta erietxera eraman behar izan zituzten, lehena erori zelako, eta bigarrena intoxikazio etiliko arina izateagatik, udal iturriek zabaldu dutenez. Bestalde, 00:30ean poliziak adingabe bat atxilotu zuen, beste bati mugikorra lapurtzen saiatzea egotzita. Gaztea gurasoen zaintzapean utzi ondoren, orain Adingabeen Fiskaltza arduratzen da kasuaren diligentziez.

Udaltzaingoak aditzera eman duenaren arabera, 23:30ak aldera galerna txiki batek haize gogorra eragin zuen Arrigunaga aldean, eta horregatik poliziak bildutako gazteei, 13 eta 15 urte bitartekoei, Tamarindo arkupeetatik alde egiteko eskatu zien, "kalterik ez izateko".

Azkenik, Udaltzaingoak hiru akta ireki zituen adingabeei alkohola saltzeagatik; horrez gainera, ixteko ordutegia ez betetzeagatik ostalaritzako lau establezimendu salatu zituen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun