Gazte Danbadara joateko deialdia egin diete Aixerrota institutuko ikasleei

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 24a, 13:30
Gazte Danbadako akanpalekua irudikatu dute Ernaiko gazteek Aixerrota institutuan. ALGORTAKO ERNAI

Algortako Ernai gazte-antolakundeak Gazte Danbada jaialdian parte hartzeko deia egin die gaur goizean, eguaztena, Aixerrota institutuko ikasleei. Martxoaren 25etik 28ra bitartean ospatuko dute Aitzina eta Ernai antolakundeek Gazte Danbada jaialdia Laudion, "Esna harrapa gaitzala" lemapean. Sarrerak daborduko erosi daitezke Algortako Hator tabernan, 30 euroan, 10eko taldeetan erosita otsailak 28 baino lehen; eta 35 euroan, banaka erosita. Egun bakoitzeko sarrerak, berriz, 15 euroan eros daitezke aldez aurretik, eta 18 euroan bertan.

Berbaldiak

Hitzaldiek honako gai hauek izango dituzte hizpide: gazte-boterea, burujabetza, autogestioa, Euskal Estatuaren eraikuntza, independentzia, amnistia, Ipar Euskal Herriko errealitate instituzionala, internazionalismoa, Euskal Herria Zuzenean festibala, elikadura-burujabetza, gazteek bizi duten prekarietatea, komunikazioa, hezkuntza, drogak, euskalgintza, kirola eta geopolitika, besteak beste.

Horretarako, hainbat lagun gonbidatu dituzte berba hartu eta eztabaida sustatzera, hala nola CUPeko Anna Gabriel, Eskoziako hautagaia den Cat Boyd, Jule Goikoetxea eta EH 11 koloreko lagunak.

Tailerrak eta kultur eskaintza

Ekintza praktiko mordoa ere egongo dira aukeran: zirkua, josten ikasteko saioa, samurtasun-tailerra, serigrafia eta txantiloiak egiten ikastekoak, "ideiatik formara" sorkuntza-prozesua, rap- eta sendabelar-tailerrak, antzerkia, tratu onak, sormen-prozesu kolektiboa eta abar.

Kultur eskaintzari dagokionez, "Ez da kasualitatea" bertso-saioa, "Erractus" poesia-saioa, espetxearen inguruko poesia-emanaldia, "Marx attacks" antzerkia, African dance, zumba euskaraz, agro-olinpiadak, Lekeitioko Deabruak, Joseba B. Lenoir eta Olatz Salvador, elektrotxarangak, Aiaraldea Sound System, Electroswing, "performance"-ak eta beste hamaika gauzaz gozatzeko aukera egongo da.

Kontzertuak

Musika eskaintzari dagokionez, gune nagusi bi egongo dira aurten. Oholtza gainean bakerik ez! ekimeneko 27 talde igoko dira eszenatoki bietako batera, eta parte hartu duten beste hainbatek herrian zehar jarriko diren bestelako gune batzuetan jotzeko aukera izango dute.

Beste karpan, aldiz, honako hauek joko dute: Esne Beltza, Afu, Gatibu, Norte Apache, McOnak, Blaka, Sorkun, Non Servium, Arkada Social, Juantxo Skalariak, Ken Zazpi, Gose, Pixontxis, Belako, Las Tea's Party eta Xutik.

Gazte Danbadako egitarauaren aurkezpena, Laudion (cc-by Topatu.eus)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun