Getxoko kostaldea ezagutzeko, Paisaiaren Ekintza Plana abiatu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 3a, 18:15
Arrigunaga hondartza.

Udalerriko kostaldea aztertuko du Udalak, Arrigunagatik Ereagaraino, Paisaiaren Ekintza Planaren lehenengo ikerketan. "Getxo Paisaia: Arrigunaga-Ereaga" goiburupean, ikerketa-prozesu horrek kilometro bat pasatxo hartuko du udalerriko kostaldeak dituen 7 kilometroetatik. Arduradunen arabera, paisaiak gune "oso esanguratsuak" dauzka eremu horretan, berbarako Kantera (Arrigunagan), Abasotako lurmuturra, Jenaratxu parkea, Ereaga hondartza eta Begoñako galeriak. Hala, martxotik irailera bitartean, Getxoko enpresa batek ikertuko du tarte horretako paisaia.

Bitartean, informazio-jardunaldiak, gidatutako bisitak eta lan-tailerrak ere egingo dituzte. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza erabiliko dute: 21.000 euro. Parte-hartzearen planerako ere diru-laguntza emango du Udalak: 8.000 euro.

Arduradunek azaldu dutenez, paisaia babestek0, kudeatzeko eta antolatzeko tresna bat da paisaiaren ekintza-plana. Hala, plana idazten denean, Arrigunaga eta Ereaga arteko kostaldeko paisaiaren ezaugarri esanguratsuenak identifikatuko dituzte. Prozesu horretan, alderdi teknikoak, kulturalak eta sozialak aintzat hartuta, paisaiak dauzkan balio nagusiak eta bizi dituen gatazka garrantzitsuenak identifikatzen ahaleginduko dira.

Ekintza publikoei dagokienez, hilaren 4an informazio-jardunaldia egingo dute, 18:30ean, Villamonteko kultur etxean. Biharamunean, hilak 5, bisita gidatua egingo dute Arrigunagatik Ereagaraino, 11:30etik aurrera. Azkenik, tailer bi eskainiko dituzte, oraindino zehaztu barik dagoen datan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun