Algortako Gazteak taldea aurkeztuko dute zapatuan San Nikolas plazan

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 9a, 11:01

Algortako Gazteak talde sortu berriak bere burua aurkeztuko du zapatu honetan, hilaren 12an, Algortako San Nikolas plazan. Hitzordua goizeko 11:00etan jarri dute, eta bertan, azken hilabeteetan prestatutako lana ezagutaraziko diete bertaratutako neska-mutil denei. Izan ere, euren helburua da Algortako gazteek euren "espazioa" izatea proiektu horretan, euren parte-hartzea sustatuz. Izan ere, azaldu dutenez, "gazteak gure mugimenduko parte izatea gura dugu; guk ez dugu zerbitzu bat eskainiko eurek erabili dezaten soilik; horren parte izatea eta sentitzea gura dugu".

Ia urtebeteko hausnarketa eta lanaren ondoren, heldu da eguna Algortako Gazteak talde sortu berriari ondoetorria emateko. Iazko uda baino lehen desegin zuten Algortako Gazte Asanblada, eta horrek utzitako hutsuneagaz zer egiteko asmoz, hainbat gaztek bilera bat egin zuten San Nikolas plazan.

Elkartze horrek herriko gazteek dituzten bi behar azaleratu zituen: aisialdi eredu alternatiboa, eta kuadrillen arteko harremana. Kontuak hala, udako jaiakaz batera, behar horiei erantzuteko saiakerak egin ziren; gerora indartu egin ziren Indabadagaz eta Gabon Zaharragaz. Horietan lortutako emaitza "arrakastatsuek" prozesuaren beharra indartu zuen.

Hala, abendutik hona proiektuari forma eman eta helburuak zehaztu dituzte udalerriko hainbat gaztek. Hori horrela, hilaren 12an, zapatuan, kuadrillen arteko "amildegia apurtzeko" eta "aisialdi-eskaintzari beste aukera bat emateko" egitasmoa ezagutaraziko dute Algortako San Nikolas plazan, 11:00etatik aurrera.

Gazteek azaltzen dutenez, "edozein gaztek parte har dezake proiektuan; talde zabala da, irekia, anitza, parte hartzailea eta gardena". Hori dela-eta, jendea erakarri guran, Algortako Gazteak taldearen nondik norakoak azalduko dituzte topaketa horietan, "zer ari garen prestatzen helarazi nahi diegu gazteei, guztiek eskaintza guztiak ezagutzea, eta, gura badute, horietan parte hartzea". Izan ere, diotenez, "gazteak gure mugimenduko parte izatea gura dugu; guk ez dugu zerbitzu bat eskainiko eurek erabili dezaten soilik; horren parte izatea eta sentitzea gura dugu". Halaber, edozein gaztek horretan "bere espazioa" izatea dute helburu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun