Elkarrizketak

Badator Hamargarrena lantaldea: "Gaztetxea gure egiten saiatu behar dugu"

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 22a, 11:32
Aurtengo egitaraua Algortako hainbat gaztek antolatu dute; argazkian, horietako batzuk.

"Badator hamargarrena" goiburuagaz, Algortako hainbat gaztek Txorimalo gaztetxearen 10. urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu dute, 10 egun iraungo duena.

Atzerako kontaketa hasi da, zelan doaz prestaketa-lanak?

Irailetik daramagu dena prestatzen, eta dagoeneko egitaraua itxita dugu. Orain, txandak lotzen saiatzen ari gara; 10 egun izango dira, eta horiek betetzeko jende nahiko behar dugu.

Zeintzuk ekitaldi nabarmenduko zenituzkete?

Herriko jende guztiarentzako ekintzak antolatzen saiatu gara. Hitzaldiak egongo dira, okupazioaren eta feminismoaren inguruan; herri-bazkariak, horietakoren bat kutsu kultural batekin; eta Euskal Herriko musika-taldeez gozatu ahal izango da Anestesia eta Itziarren Semeak taldeekin. Iraganari begira ere jarri gara, eta Algortako aspaldiko bi musika-talde lortu ditugu: Libertad Kondizional eta Konter. Horiez gain, DJak, tailerrak, erromeria, antzerkiak eta beste hainbat kontu ere egongo dira.

Gainera, musikari gazteak elkartu eta ospakizunari doinua jarriko diete...

Bai, aukera polita zen gaztetxeari abesti bat egitea, eta lehiaketa bat egin ostean, jaso genituen abestietako bat aukeratu, eta herriko musikari desberdinekin grabatuko dugu.

Jarduera guztiak Txorimalo gaztetxean bertan izango dira?

Gehienak gaztetxean izango dira, bai; halere, herrian baten bat ere egiten saiatu gara. Hala, domekan, talo tailerra eta film laburren maratoia herrian izango dira, Txiki-Otaegin (San Nikolas plaza), osteguneko poteo dantza gidatua herrian izango da ere, eta bigarren zapatuan, azoka egongo da Txiki-Otaegin.

Kartelean Txorimalo mexikarrez jantzita dago, zer dela eta?

Hamar urte betetzen dituenez, mozorro bat edo elegante jantzi nahi genuen. Hala, mexikarrez jantzi genuen, Txorimaloren itxura modernizatu arren.

Zelan baloratzen dituzue gaztetxeak herrian egindako 10 urteak?

Hasieran, gaztetxe guztiak bezala, oso arrakastatsua izan zen; eta horrela jarraitu zuen urte luzez. Gero, beherakada bat izan zuen, baina hor mantendu zen, alternatibak eskaintzen. Halere, azken urteotan, ez dakigu modak aldatu direlako-edo, okupazioa ez dago bere puntu gorenean. Ostera, balorazioa nahiko positiboa da, hainbat generazio igaro direlako bertatik, eta poztekoa delako 10 urte betetzea. Gure helburua da, 10. urteurren honen ostean jendeak ikusi dezala benetan zer den gaztetxea, zer adierazten duen, eta, ahal bada, belaunaldi berriak animatzea horretan parte hartzera.

Hala ere, iaz Algortako gazte-asanblada desegin zen...

Bai, gazte-asanbladan eta gaztetxean lau gazte inguru gelditu ziren, eta ezinezkoa zen proiektua aurrera eramatea. Hala, hura desegitea erabaki, eta bestelako gazteekin zerbait sortzeko apustua egin zen. Ondorioz, Algortako Gazteak sortu da, eta nahiz eta berdina ez izan, apur bat erreleboa hartu dio.

Etorkizunean, hortaz, zer egingo da gaztetxeagaz?

Orain auzolan-talde bat dago, etxea mantentzeaz arduratzen dena. Halere, prozesu bati ekingo diogu horrekin zer egin adosteko. Herriko jendeak zertarako erabili nahi duen jakin nahi dugu, eta horretarako apirilaren 16an elkartuko gara, zer egin eztabaidatzeko.

 

Badator hamargarrena, egitaraua:

Apirilak 1, barikua

  • 19:00 Hasiera-ekitaldia.
  • 19:30 Bertoko taldeen maratoia.

Apirilak 2, zapatua

  • 15:00 Bertso-bazkaria, Jone Uria eta Fredi Paiagaz. 6 euro.
  • 18:00 Urrats erromeria.
  • 20:30 Kontzertuak: Libertad Kondizional, Konter eta DJ Bull. 4 euro.

Apirilak 3, domeka

  • 18:00 Talo tailerra, San Nikolas plazan.
  • 19:00 Beldurrezko film laburrak, San Nikolas plazan.

Apirilak 4, astelehena

  • 19:00 Hitzaldiak: maitasun erromantikoa, mikromatxismoa; eta clown ikuskizuna.

Apirilak 5, martitzena

  • 19:00 Okupazioaren inguruko solasaldia: Iruñea eta Gasteiz.

Apirilak 6, eguaztena

  • 18:30 Irrien Lagunak: «Euskararen taupadak».
  • 20:30 Belaunaldien arteko afaria.

Apirilak 7, eguena

  • 20:00 Poteoa, dantza gidatuagaz, Algortan barrena.

Apirilak 8, barikua

  • 17:00 Umeentzako tailerrak, San Nikolas plazan.
  • 20:00 Dantza afrikarrak. Sökole, San Nikolas plazan.
  • 20:30 Manifestazioa, San Nikolas plazatik.
  • 22:00 DJak: Kepa Baez eta Nebula Selektah.

Apirilak 9, zapatua

  • 11:00 Azoka, San Nikolas plazan.
  • 11:00 Garrapatu arte tailerra.
  • 12:00 Tortilla txapelketa.
  • 15:00 Bazkaria, eta, ondoren, bingoa
  • 17:30 Dantza gidatua.
  • 21:00 Kontzertuak: Anestesia, Itziarren Semeak eta Printzi Anaiak.

Apirilak 10, domeka

  • 17:00etatik aurrera Garbiketa, ogitartekoak, eta suziriak.

Apirilak 16, zapatua

  • 19:00 Gaztetxearen etorkizuna zehazteko eztabaida. Lekua: zehaztu barik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun