Begoñako galerien berritasunak ezagutaraziko dituzte

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 23a, 16:30
Bisitatu daitekeen gune berrietako bat. © GETXOKO UDALA.

Getxoko Udalak eta EHUk Begoñako galeriak ezagutarazteko bisita gidatuen ibilbide berria aurkeztu dute gaur goizean. Galeriak bihar, eguenean, irekiko dira berriro, eta urriaren amaiera arte egongo dira zabalik. Hala, EHUk 2015ean egindako ikerketa eta berreskuratze lanen ondoren, galerien eremu berria eta haiek balioan jartzeko prozesuan aurreikusitako ekintzak ezagutu daitezke.

Bihar, eguenean, Begoñako galerien bisiten etapa berri bati emango diote hasiera; hala, EHUko ikertaldeek 2015ean zehar galeriak balioan jartzeko proiektuan egindako aurrerapenak egongo dira ikusgai. Korridoreak eraikitzeko erabili ziren materialak identifikatu eta eraberritze lanetarako horiek ezagutzearen garrantzia nabarmenduko dute aurtengo bisita gidatuetan. Era berean, eraikinaren egonkortasuna eta kalteak eta hura eraberritzeko prozesuan aurreikusitako ekintzak aurkeztuko dituzte.

Bisita horietan, eremu berrietatik ibili ahal izango da, eta EHUko ikertzaileek eraikinean aurkitutako arazoak deskribatuko dituzte, horien kausak hautemateko, kalteen irismena ebaluatzeko eta zuzentze neurriak proposatzeko erabilitako metodologiak azaltzeagaz batera.

Ibilbide berria eta aurrerapenak "in situ" aurkeztu dituzte gaur Imanol Landa Getxoko alkateak eta Juanma Madariagak, proiektuaren UPV/EHUko ikertzaile nagusiak. Getxoko alkateak adierazi duenez, "bisita gidatuek, hortaz, ibilbide berria izango dute, gune berri bat ezagutzeko, oro har, hiritarrekin partekatu nahi duguna, eraikin hau gure ondarearen funtsezko pieza baita, gu guztiok berezkoa duguna, gure historiako lekuko bizia".

Juanma Madariaga proiektuaren ikertzaile nagusiak, bere aldetik, zera adierazi du: "berehala egin behar ziren ekintzen exekuzioan oinarritutako lehen fasearen ondoren, proiektuak balio kate bat sortzeko erronkari helduko dio orain. Ikertu behar dugu, ikerketa horren inguruko prestakuntza eman behar diegu pertsonei, eta eskuratutako ezagutzak herritarrei transferitu behar dizkiegu gero, proiektu hau beraiena dela ikusi behar baitute".

Bisitetarako, izen-ematea

Joan den urtean bezala, bisitetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik Getxoko Udalaren web orrian (www.getxo.eus) izena ematea edo turismo bulegoaren 94 491 08 00 telefono zenbakira deitzea.

Bisitak doan dira, eta 20 pertsona arteko taldetan egin daitezke, martitzenetik domekara, euskaraz edo gaztelaniaz, eta hainbat ordutan. Ordutegiak, datak eta hizkuntzak ezagutzeko eta izena emateko, Getxoko Udalak aplikazio xume bat egokitu du, udalaren webgunean eskuratu daitekeena.

Izena eman daiteke daborduko eta hilabete bakoitzerako aurreikusitako taldeak osatu ahala, taldeak gehituko dira hurrengo hilabeteetarako, urrira bitartean.

Punta Begoñako Galeriak balioan jartzeko proiektua

Begoñako galeriak XX. mende hasieran eraiki ziren. Haien erabileraren berezitasuna, kokaleku paregabea eta eraikuntzan erabilitako teknologia direla eta, garai hartako eraikuntza garrantzitsuenetako bat da, Bizkaian eta EAEn.

Hori guztia kontuan hartuta eta gaur egungo degradazio egoera ikusita, Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, eraikina berreskuratzeko xedea duena, jendearentzat irekia izango den eta herritarren zerbitzura jartzeko sortu den ikerketa eta exekuzio prozesu baten bidez.  

Hala, UPV/EHUko bost ikertalde diziplinarteko lana egiten ari dira galeriak berreskuratzeko, Getxoko Udalaren adituen talde bategaz batera, eta Bizkaiko Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren kolaborazioagaz. EHU aholkulari eta zuzentzaile organoaren eginkizuna ari da betetzen, Begoñako galeriak berreskuratzeko planteatutako ekintzen testuinguruan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun