Konfiantzazko botoa eman arren, gobernu-taldearekiko mesfidantza duela ohartarazi du EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 13a, 13:26
Gaur goizean egin dute balorazioa EH Bilduko kideek.

Getxoko EH Bilduk abstentzioagaz erantzungo die gobernu-taldeak aurkeztuko dituen 2016ko aurrekontuei. Izan ere, ohartarazi dutenez, Getxo 4 urte egon da aurrekontu barik, eta akordiorik lortu ezean egoera berdinean jarraituko luke. Hala, aurrekontuei bide emango die, bai, EAJ eta PSEgaz izandako negoziaketen ondoren lortutako akordioa "ezkerrerantz urratsak jasotzen direlako".

Koalizio abertzaleak EAJk eta PSEk osatzen duten gobernu-taldearen aurrekontuei bide ematea erabaki du, horiek bozkatzeko orduan abstentziora joz. Hala, lau urteren ostean, Getxok aurrekontuak izango ditu. EH Bilduk ohartarazi du ez direla euren aurrekontuak izango; halere, gobernu-taldeagaz izandako negoziaketen ondoren lortutako akordioek aurrekontu horiek "ezkerrerantz urratsak" ematea lortu dute, "getxoztarren ongizaterako". 

Besteak beste, EH Bilduk lortutako proposamenen artean, honakoak jasoko ditu aurrekontuak: gazteak emantzipatzeko 250.000 euroko diru-partida laur urteetan; udalerriko etxebizitza hutsen errolda egitea; alor guztietako diru-laguntzetan %10 igotzea, eta lau urteetan izandako %20aren murrizketa osoa berreskuratzea; Portu Zaharreko irisgarritasuna hobetze aldera, igogailuaren proiektuaren gauzatzea eta emakumeen txokoaren hobekuntza eta proiektua; Andra Mariko Benta eraikinaren etorkizuna erabakitzeko prozesu parte-hartzaile bidez proiektatzea; eta Emakumeen etxea eraikitzeari begirako prozesu parte-hartzailea martxan jartzea.

Prozesuaren nondik norakoak

Urtearen hasieran, udalerriak aurrekontuak izateko beharra adierazi zuen EH Bilduk, "eta horiek lortze bidean gure konpromisoa eta lan egiteko gogoa argi azaldu genuen". Hala, 2016ko aurrekontuak osatzeko EAJ eta PSEgaz negoziaketak martxan jartzea begi onez ikusi zuten, "betiere negoziazio hori emateko gutxiengo batzuk bete behar zirela argi utzi genuen: aurrekontuak Udalbatzan bozkatuak izan behar ziren, murrizketarik gabekoak eta parte-hartzaileak".

Hala, koalizio abertzaleak bere prozesu parte-hartzaileari ekin zion, auzoka herritarren beharrak eta nahiak jasotzeko. Horrez gainera, ostalari, merkatari eta elkarte ugariren iritziak ere jaso zituen, eta horiekaz, gobernu-taldeagaz izandako negoziaketen ibilbide orriaren oinarriak osatu dute.

Konfiantzazko botoa, baina mesfidantzaz

Aurretik lortutako akordioen betekizun mailari so eginez, EH Bilduk adierazi du mesfidantza duela gobernu-taldeagaz; halere, "etengabeko" prozesu parte-hartzaileak eta herri-bileraren oniritziak aurrekontuari bide emateko urratsa ematera eraman dutela azaldu du.

Negoziaketen bidez aurrekontuak hobetzeko urratsak eman gura zuten EH Bilduko kideek, eta uste dutenez, eman dituzte. "Aurrekontu horiek ez dira gure politikaren adierazgarri, ezta gure kudeaketaren eredu ere ez, baina historikoki hainbat alorretan egindako eta gureak diren aldarrikapenak biltzen ditu, politikoki gure eragiteko gaitasuna erakusten dutenak".

Hori horrela, oposiziotik, EH Bilduren 4 zinegotziek "arduraz" jokatuko dutela agindu dute, "eta oposiziotik segituko dugu Udalean zein kalean herri eredu desberdin baten alde lanean".

EAJ zein PSE gobernu-taldean egon bitartean, EH Bilduk "argi" du aurrekontuak ez diola "inondik inora" bere proiektu sozialari "osotasunean zein partzialki" erantzungo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun