Getxok ia 104 milioi euroko aurrekontua izango du 2016an

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 14a, 17:12
Gaur goizeko prentsaurrekoa. © GETXOKO UDALA

Getxoko gobernu-taldeak apirileko osoko bilkuran onartuko diren 2016ko aurrekontuak aurkeztu ditu gaur. Guztira, urte honetarako aurrekontu bateratuak, hau da, Udalaren zein horren erakunde autonomoen kontuak biltzen dituena, 94,3 milioi eurokoa izango da. Halere, aurrekontuan jasotako gastuak diruzaintzako gerakinetik eratorritako finantzaketagaz osatu dituzte; hala, behin betiko kopurua 103,8 milioi eurokoa izango da.

Gaur goizean jakitera eman dutenez, udalaren zein udalaren erakunde autonomoen (Getxo Kirolak, Kultur Etxea, Udal Egoitza eta Musika Eskola) 2016rako aurrekontu bateratuak 94,3 milioi euro izango ditu, hau da, aurreko ekitaldian baino 3,5 milioi gutxiago, "azken urteetan lortutako datuei jarraiki zerga itunduen ondorioz jasoko ditugun diru-sarreren aurreikuspen zuhurra egin dugulako", azaldu du Imanol Landa Getxoko alkateak.

Hala ere, aurtengo ekitaldirako aurrekontuan jasotako gastuak 9,5 milioi eurotan areagotu dira, diruzaintzako gerakinetik eratorritako finantzaketagaz. Hala, behin betiko kopurua 103,8 milioi eurokoa izango da. Aurrekontu horiek apiril honetako osoko bilkuran onartu egingo dira, EH Bilduk bozketan abstentziora joko duela adostu ondoren.

Imanol Landa alkateak prentsaurrekoan azpimarratu duenez, "aurrekontu zuhurrak dira, defizit gabekoak, zorpetzerik gabekoak, murrizketarik ez daukaten aurrekontuak eta gizarte politikak, kalitatezko oinarrizko zerbitzuen mantenua, sustapen ekonomikoa eta kultura, kirola eta jarduera fisikoa azpimarratzen dituzten aurrekontuak, partaidetza, gardentasuna eta herritarrekiko komunikazioaren garrantzia alde batera utzi barik".

Landa lagundu dute gaurko agerraldian Jose Luis Landa (PSE-EE), Koldo Iturbe (EAJ) eta Ignacio Uriarte (EAJ) zinegotziek. Guztiek batera azpimarratu dute EAJ, PSE-EE eta EH Bilduk adostutako akordioa hiritar guztien interesaren aldekoa dela: "Negoziazio prozesu luzea izan da, alderdi politiko guztientzat irekia, zeinetan denei aurrekontuen zirriborroa aurkeztu ondoren, bakarrik EH Bilduk parte hartzea onartu zuen. Azkenik, udal gestioari buruzko ikuspegi desberdinak dituzten hiru alderdien arteko akordioa lortu da, elkarguneak izateko borondatea eduki baitute".

Akordioaren ezaugarriak

Gobernu-taldeak dioenez, proposatutako aurrekontua "orekatua" da, "gastuak ez ezik diru-sarrerak ere aintzat hartzen dituena, aurrekontu jasangarriak lortze aldera".

Hala, aurrekontuetan honako hauek hartzea adostu dute: etxebizitza alorrean, gazteen alokairu eta emantzipaziorako diru-laguntzak (250.000 euro) jasotzen dira, IBI-a ordaintzeko diru-laguntzak (150.000 euro), etxebizitza hutsen errolda egitea eta Zoruaren Udal Ondarera miloi bat euro gehiago bideratzea. Berdintasun alorrean, 50.000 euroko partida aurreikusten da Emakumeen Etxearen inguruko gogoeta prozesu parte-hartzaile baten bitartez abiatzeko. Horrez gainera, energia pobrezia arintzeko laguntzak aterako dira. Auzoentzako proiektuen artean, 200.000 euro bideratuko dituzte Portu Zaharrerako igogailuaren proiektua aztertzeko; beste 200.000 euro Portu Zaharreko emakumeen txokoaren eraikina zaharberritu eta erabiltzeko proiektuaren azterketarako; eta Bentaren erabilera eta berritzea zehazteko parte-hartze prozesua abiatzea.

Hiritarren parte hartzean, 232.000 euro bideratuko dituzte Auzoz Auzo programara, 270.000 euro auzokideak aukera izatea proiektu edo arlo batzuen artean erabakitzeko, eta 100.000 euro 2017ko aurrekontu parte-hartzailea prestatzeko. Halaber, nazioarteko lankidetza arloa aurrekontuen %0,7ra helduko da eta murrizketa izan zituzten diru-laguntza guztiak linealki legealdi osoan berreskuratzea onartu dute, udal diru-bilketaren bilakaerari lotuta (%25eko igoera sasoi batean pairatutako %20ko murrizketa konpentsatzeko. 2016an %10 igotzea onartu dute). Azkenik, akordioa betetzen dela bermatzeko jarraipen-batzorde bat osatu da.

Zorpetzerik gabe

Gobernu-taldearen arabera, "zuhurtziaz" egindako aurrekontu bat da, "bai diru-sarreren aurreikuspenari dagokionez, bai gastu arruntaren kudeaketan, ez baita aurreikusi inolako defizita sortzea eta, hala ere, inbertsio helburuetan tinko ageri da". Halaber, adierazi dutenez, aurten ere aurrekontuak ez du aurreikusi zorpetzea gastuak edo aurrekontuko inbertsioak finantzatu ahal izateko. Izan ere, maileguak murriztea aurreikusi dute, 3,06 milioi eurotan; hala, urtea 18,45 milioi euroko izendun zorragaz bukatzea aurreikusi dute. Zor horren finantza-kostua gutxitu egin da, "ia-ia desagertzeraino", Euriborraren jaitsieraren ondorioz. Hala, Ignacio Uriarte Ogasun zinegotziak aurreikusitakoaren arabera, zor izenduna 10 milioi euro baino txikiagoa izango litzateke legegintzaldiaren amaieran.

Era berean, Udalaren diruzaintzako gerakinak bestelako diru-sarrera bat eskainiko duela ohartarazi du, bankuko interesen bitartez, alegia, "zorraren finantza-kostua baino gehiago sortzen baitu". Hortaz, Getxoko Udalak egoera ekonomiko "onbideratua" daukala azaldu du Uriartek, eta horri esker, "udalerriaren beharrizanei berme egokiekin heldu ahal izango zaie".

Inbertsioak, puntuz puntu

Gizarte politikak eta etxebizitzakoak

  • Etxebizitza politikara lotutako partidak, bai inbertsiorako partidak, bai etxebizitzara sarbidea izateari lotutako diru-laguntzak.
  • Udal hiri lurzoruetan babestutako etxebizitzak sustatzea.
  • Gazteentzako alokairua laguntzeko programa bat martxan jartzea.
  • Etxebizitza hutsen egoerari buruzko diagnostiko bat egitea.
  • Pertsona nagusiei arreta eskaintzea, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren bitartez eta tutoretzapeko pisuetan. Funtsean, pertsonengan eta haien bizilekuetan zentratutako zerbitzuak indartzea.
  • Gizarte Zerbitzuen Lege berriaren mailakako hedapenaren ondorioz, prestazio eta zerbitzuen hedapena osatzea, gizarte kohesioko lanarekin jarraituz.
  • Pertsona nagusien elkarte getxoztarrei laguntzea.
  • Egoera zailean dauden familiei laguntzea, esaterako pobrezia energetikoaren kontrako borrokan.
  • Eskola materiala erosteko diru-laguntzak.
  • Garapenerako lankidetzarako % 0,7 bermatzea (nazioarteko elkartasuna).

Kalitatezko oinarrizko zerbitzuak       

  • Portu Zaharrean elementu mekanikoen bitartez irisgarritasuna hobetzeko proiektua egitea.
  • Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plan berri bat egitea, herritarren parte-hartzeagaz.
  • Hiri hondakin solidoen kasuan Jatorrian Gaika Biltzeko Sistema berria ezartzen jarraitzea.
  • Ur-sarean eta argiztapen publikoan eraginkortasuna hobetzea.
  • Espaloietan eta oinezkoen eremuetan irisgarritasuna hobetzen laguntzea, baita galtzaden mantentzerako kanpaina bat egitea ere.
  • Udaltzaingoen parke mugikorra berritzeko prozesuagaz jarraitzea, ibilgailu eta motor berriak erosiz.

Parte hartzearen eta gardentasunaren aldeko apustua

  • Aurrekontuko destinoetan herritarren parte-hartze prozesuak bultzatzea.
  • Aurrekontu honetan bertan zenbait ekintza edo programa lehenesteari lotutako parte-hartze prozesua nabarmendu gura dute; guztira 270.000 euroko zuzkidura dauka.
  • Aurreko ekitaldietan arrakastaz finkatutako ekintzei eutsiko zaie, esaterako Auzoz auzo, eta Gobernu Irekiaren plan arautzailean jasotakoak.

Modernizazioa: proiektu estrategikoak eta udal ondarearen kudeaketa

  • Udal Lurzoruaren Ondarerako baliabide ekonomikoak areagotzea.
  • Getxo Antzokia eta Musika Eskola eraikinen ekipamenduagaz jarraitzea.
  • Romo Kultur Etxea eta bertako ekipamenduari lotutako lanak amaitzea.
  • Begoñako galeriak balioan jartzeko II. Hirurteko Plana betearazten hastea.

Getxo gozatu

  • Kulturaren Plan Estrategikoaren garapenari bultzada ematea, kultura eta sorkuntza eragileakaz elkarlanean.
  • Getxoko Kultur Etxearen eta Andres Isasi Musika Eskolaren arteko elkarlana sustatzea.
  • Kulturaren arloko entitate eta elkarteei laguntza gehiago ematea, baita auzoetako jai batzordeei ere.
  • Euskara sustatzeko eta normalizatzeko herrian lan egiten duten elkarteen sarea babesteko eta elkarlanean aritzeko apustua.
  • Herriko kirol entitate eta klubei laguntza gehiago ematea kasuan kasuko jarduna garatzeko.
  • Hobekuntza inbertsioak kirol instalazioetan (piraguismoa eta Getxo Arraun).
  • Bolue III aldi baterako estaltzea, Fadurako aire zabaleko igerilekuetan espazio berriak prestatzeko, Gobela ibaian uholdeen aurkako lanen ondorioz espazio berdeen galera konpentsatzeko.
  • Oinarrizko kirola, kirol jarduerak eta ariketa fisikoa babestea, adin guztietarako.
  • Getxo Kirolakeko instalazioen mantentze-lanetarako inbertsioak.

Ekonomiaren sustapena

  • Benturillenako enpresa mintegi berria martxan jartzea.
  • Enpresen arteko lankidetza programak sustatzea eta areagotzea (GetxokoKrea, GetxoAktibatu..).
  • Getxon jarduera ekonomikoa sustatzeko diru-laguntzak bultzatzea, lankidetzan egingo diren proiektu ekonomikoak bereziki sustatuz.
  • Udalerriko saltoki eta ostalaritza laguntzea (aholkularitza, prestakuntza eta lankidetza publiko-pribatua).
  • Hutsik dauden etxabeen jabeakaz bitartekaritza lana egitea.
  • Getxok iraunkortasun ekonomiko eta sozialari emandako laguntzaren balioa agerraraztea, erosketa iraunkorra erraztu eta sustatzera bideratutako programekin, horretarako mekanismoak eta egitasmoak gaituz.
  • Jardun Ekonomikoari Bultzada emateko Planaren IV. fasea garatzea: Esparru Estrategikoak Getxon 2020.
  • Turismo-seinaleak hobetzea eta informazio birtuala ezartzea hainbat turismo-zerbitzutan.
  • Turismo-sektorearen lehiakortasuna bultzatzea Euskadi Gastronomika programa finkatuz.

Zorroztasun ekonomikoa eta eraginkortasuna kudeaketan

  • Zorraren finantza kostua nabarmen gutxitzea.
  • Sailak: Kontu hartzailetza, Diruzaintza, Kontratazioa, Langileak, Kalitatea, Hirigintza Diziplina, Administrazio Orokorra eta gobernu organoak.
  • Zorraren amortizazioa, aurreikusitako amortizazio plana jarraituz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun