Getxoko Udalak aho batez gaitzetsi du Ertzaintza Algortan ikertzen dabilen eraso sexista

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 30a, 15:25
300 lagun inguruk salatu zuten 2014an, Telletxe plazan, urte horretako San Inazio jaietako azken egunean gertatutako sexu erasoa.

Atzo goizaldean, domekan, Algortan jazotako eraso sexista bat salatu dutela-eta, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak "erabateko desadostasuna" agertu du gaur eta "genero-desberdintasunean oinarritutako jarrera sexista guztiak gaitzetsi" ditu. Bitartean, Ertzaintza ustezko delitua ikertzen dabil.

Era berean, Bozeramaileen Batzordeak salaketatik ondorioztatu daitezkeen erantzukizunak ahalik eta lasterren argitzea eskatu du. Halaber, biharko, martitzena, goizeko 12:00etan kontzentrazioa egiteko deia egin du erakundeak, udaletxeko eskaileretan. Bestalde, herritarrei dei egin die egun berean biltzeko, Telletxe plazako puntu morean, 19:30ean.

Adierazpen ofiziala

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, aho batez, ondorengoa adierazten du:

1. Erabateko desadostasuna agertzen du eta genero-desberdintasunean oinarritutako jarrera sexista guztiak gaitzesten ditu. Bestalde, aipatutako salaketatik ondorioztatu daitezkeen erantzukizunak ahalik eta lasterren argitzeko eskatzen du.

2. Erasotako emakumeari elkartasuna adierazten dio eta babesa eskaintzen dio.

3. Berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lan egitea defendatzen du, zeinean emakumeak espazio publikoan askatasunez ibili daitezken eta hori libre erabili dezaketen, nahi beste kaletik lasai ibili daitezken, eta sexu-harremanak norekin, noiz eta nola izan nahi dituzten erabaki dezaketen. Hitz batez, emakumeen nahia erabat errespetatzen duen gizartea lortzeko.

4. Getxotar guztiei, gizon zein emakume, dei egiten die, emakumeen kontrako eraso guztien aurka egin dezaten eta emakumeak iraintzen dituzten eta eraso sexistak bultzatzen dituzten jarrerak onar ez ditzaten.

5. Erakunde kontzentrazioa egiteko dei egiten du, maiatzaren 31n, asteartea, eguerdiko 12:00etan, udaletxeko eskaileretan. Bestalde, herritarrei dei egin die egun berean biltzeko, Telletxe kaleko puntu morean, 19:30ean.

6. Emakume elkarteei eta Berdintasun Kontseiluan parte hartzen duten erakundeei dei egiten die bereziki deialdiarekin bat egiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun