Domekan Erabakiaren Adierazpena aurkeztuko du Getxoko GEDk

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 3a, 11:48
Maiatzaren 21ean egin zuten Adierazpenaren aurkezpena, San Nikolas plazan.

Gure Esku Dago herritarren ekimenak bultzatutako Getxoko Adierazpenagaz bat egin dute jardunean dabiltzan zein zinegotzi izandako ia 30 hautetsik; horien artean, lau alkate ohi ere badira. Iragan maiatzaren 21ean egin zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko agerraldia, antzinako udaletxearen aurrean. Erabakiaren Adierazpenaren alde daudela adierazi zuten, eta parte hartzera dei egin zuten ekainaren 5ean, domekan, Algortako Biotz Alai plazan Adierazpena aurkezteko egingo duten ekitaldian.

Agerraldiaren lekua ez zuten ausaz aukeratu. Izan ere, udaletxea izan zenaren agerlekua baliatu zuten akordura ekartzeko, behinola, Jose Antonio Agirre Getxoko alkate zela, Getxoko Udalak euskal errepublika aldarrikatzeko adierazitako arrazoia: "herriek, libre determinazioaren bidez, beren burua gobernatzeko duten ezin kenduzko eskubide naturala" dutela. Getxoko GEDk azaldu duenez, 85 urteren ostean, "zenbait alderdiren izenean zinegotzi izan diren eta gaur egun diren gizon eta emakumeok berretsi dute herriek, gizarte politikoki antolatuek, modu libre, baketsu eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea dutela, erabaki librea da-eta herri solidarioago eta itxaropentsuago bat lortzeko bidea".

Joan den maiatzaren 21ean San Nikolas plazara bertaratutakoen izenean, hitza hartu zuten helduenak eta gazteenak, Francisco Urretxua alkate ohiak eta Maite Arraiza jarduneko zinegotziak: "1979tik hona Getxoko zinegotzi eta alkate izan garenok eta egun ere garenok berretsi eta aldarrikatu gura dugu herriek, gizarte politikoki antolatuek, modu libre, baketsu eta demokratikoan, erabakitzeko eskubidea dutela". Horregatik, "demokrazian" sinetsi egiten dutela aldarrikatuta, eta "herri bat garela, herritarren garaia dela, eta erabakitzeko eskubidea dugula partekatzen dugulako", ekainaren 5ean Biotz Alai plazan aulkia hartuko dutela iragarri zuten. Halaber, getxoztar oro gonbidatu zituzten aulkia hartzera (txartelak salgai daude), hitza hartzera eta erabakitzeko eskubidea herritarren esku dagoela indarrez adieraztera.

Erabakiaren plaza, domekan

Ekainaren 5eko ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Algortako Biotz Alai plazan. Bertan, erabakitzeko eskubidearen gainean ezberdinen arteko adostasunetik "jaiotako" adierazpena aurkeztuko dute. Horrez gainera, eguerditik aurrera, Otxandategi taldeko joaldunak, Samba Skull batukada, Laura Mintegiren narrazioa, Jone Uriaren bertsoak, Sangre Boliviana eta Elai Alai taldeen dantza ikuskizunak, eta musika-emanaldiak egongo dira, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun