"Akabuko martxea" dokumentala aurkeztu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 7a, 11:11
Urbiatik abiatu eta Getxon amaitu zuten bidaia joan den urrian, euren artaldeagaz, Mikel Etxezarretak eta Eli Arrillaga bere emazteak.

Urbiako (Gipuzkoa) mendietatik Uribe Kostara euren artaldeak neguan ekartzen zituzten artzainen zeregina gogoratzen duen "Akabuko martxea" ordubeteko dokumentala aurkeztu zuten atzo, ekainak 6, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza proiektuaren barruan; Tabakalera gunean egin zuten ekitaldia. Bertan, "Dominica" zortzi minutuko ikus-entzunezko lana ere aurkeztu zuten; artzaintzan emakumeek eduki duten papera ikustarazi eta aldarrikatu gura du horrek. Bada, zapatu honetan, ekainak 11, Algortako Biotz Alai plazan proiektatuko dituzte biak, 20:00etan. 

Emanaldian Aitor Gisasola getxoztarra (zuzendarietako bat) eta Eli Arrillaga zarauztarra (lan bien protagonista) egongo dira. Sarrera doakoa izango da; tokien kopurua mugatua da.

Aitor Gisasola ez ezik, Fredi Paia algortarra ere ibili da dokumentalen zuzendaritza eta gidoi lanetan. Umetan egiten zuena gogoratuz, joan den urrian Mikel Etxezarretak artaldeagaz egin zuen ibilbidean (Urbiatik Getxora) hartutako irudiak ikus daitezke "Akabuko martxea" ikus-entzunezkoan; ardiakaz, Gisasola eta Paia ere joan ziren. Transhumantziaren ohitura gogora ekartzeaz gainera, herrialde desberdinetako biztanleen arteko hartu-emanen aberastasuna uzten du agerian dokumentalak; Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko harreman horien memoria berpizteagaz batera, "argi geratu da erakunde eta herritar ugariren partaidetzari esker aurrera atera dela" proiektu hau, Paiak Donostiako aurkezpenean azaldu zuenez.

Etxezarreta artzainari, berriz, gustatuko litzaioke egindako filmak "gazteak lanbide honetara dedikatzera animatzeko balio izatea". Eli Arrillaga Etxezarretaren emazteak emakumeek lanbide honetan duten papera aldarrikatu zuen, "betidanik aritu delako eta ez delako errekonozitzen". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun