Elkarrizketak

Ana Murugarren: "Pinilla oso pozik egongo litzateke gure pelikulagaz"

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 15a, 10:16
Ana Murugarren zinemagile nafarrak zuzenduko du filma.

Ana Murugarren zinemagile nafarrak Ramiro Pinilla idazle getxoztarraren "La higuera" eleberria zinemara egokituko du, "La higuera de los bastardos" izenburupean. Grabazioak uztailean hasiko dituzte Getxon, eta maila handiko taldeak parte hartuko du filmean.

Uda honetan "La higuera de los bastardos" filma grabatuko duzue. Zelan doaz prestatze-lanak?
Oso ondo, egia esanda. Apurka-apurka, taldeko kide guztiak batzen hasi gara, eta lokalizazio guztiak lotzen gabiltza. Ohi den legez, grabazio guztiak hasi baino lehenago izaten den urduritasuna egon badago; den-dena lotzeko denborarik emango ez digulako sentsazioagaz gabiltza. Baina, beno, dena ondo!

Ramiro Pinilla idazle getxoztarraren "La higuera" liburuan dago oinarrituta pelikula. Zelakoa izan da egokitzea?
Edozein eleberri egokitzea bezala, zailtasunak daude. Idazleak protagonistaren pentsamenduak azaltzen ditu behin eta berriro, eta guk hori guztiori irudietara moldatzeko beharra dugu. Pertsonaia horren buruan sartu, eta modu batean edo bestean, pertsonaiaren pentsamenduak aurkeztu behar ditugu irudien bitartez. Horrez gainera, konkretuki liburu honetan, istorioa pertsonaiaren buruan jazotzen da, eta bere pentsamenduak azaltzen dira behin eta berriro... Baina arazo hori gaindituta, beste guztia oso erraza da. Erritmoa ere moldatu beharra dago: erritmo zinematografikoa txertatzea beharrezkoa da, kontatzen diren kontu asko erakutsiz, etab. Baina egiteko polita da, egia esanda.

Zergatik erabaki zenuten Pinillaren lan hori zinemara egokitzea?
Orain dela hainbat urte ezagutu genuen Ramiro, eta bere lanaren jarraitzaileak gara. Bere eleberri batzuen inguruan egin genuen berba beragaz. Esan zigunez, ilusio handiz hartuko zuen bere eleberririk handiena pelikula bihurtzea: "Valles verdes, colinas rojas". Halere, "La higuera" lanaren pelikula ikustea ere gogoko lukeela aitortu zigun. Baina hor gelditu zen kontua... Eleberri horrek asko hunkitu ninduen, horren amaierak, eta bertan kontatzen den istorioak... Hala, Joaquin Trincado produktoreak esan zidanean liburu horren egokitzapena egiteko, lanean hasi nintzen, eta segituan ikusi genuen pelikula oso on bat atera litekeela horretatik. Hala jaio zen proiektua, eta horrela garatu dugu.

Pinilla 2014ko urrian zendu zen. Berari ideia horren berri emateko aukera izan zenuten?
Proiektua garatzen hasi ginenean zendu zen. Dena den, haren oinordekoakaz eta Tusquets editorialagaz harremanetan ipini ginen. Argitaletxeak asko jagon du Pinillaren obra; izan ere, Ramiro borrokan ibili zen editorial askogaz, askotan oso txarto jokatu izan zutelako beragaz. Hala ere, Tusquetsekoakaz lanean hasi zenean, editorialen munduagaz fidatzen hasi zen berriro ere.

Idazlearen "Las ciegas hormigas" lana ere egokitu zuten telebista saio baterako. Hala ere, Pinillak ez zuen oso gustuko izan... Zure ustez, zer esango zukeen zuen "La higuera de los bastardos" pelikulaz?
Aipatu duzun lehenengo kasu horretan, argitu beharra dago Pinillak ez zuela inoiz emaitza ikusi. Antza, ez zegoen ados euren egiteko moduagaz, inoiz ez zutelako bere iritzirik kontuan hartu lan hori egiteko. Gure kasuan, ostera, nik uste dut oso pozik hartuko lukeela. Bere oinarrizko ideiak eta motibazioak errespetatu gura izan ditugu. Tentu handiz lan egin dugu filma egokitzerako orduan.

Istorioa Rogelio izeneko falangista baten eta Gabino umearen arteko loturan oinarritzen da. Zein izango da horren garapena?
Argi gelditu beharrekoa da ez dela Gerra Zibilaren inguruko pelikula bat. Garai horretan hasten da kontakizuna, baina garapena nahiko esperpentikoa da, surrealista. Gau batean, Rogelio baserri batera sartzen da eta bertako aita eta seme nagusia bahitzen ditu. Baserritik ateratzean, ume txiki baten begiradagaz gurutzatzen da falangista, eta ordutik Rogelio obsesionatu egiten da. Bere ustez, nagusitzen denean beregana joko du ume horrek, bera hiltzeko asmoz. Obsesio hori gero eta handiagoa bihurtzen hasten da bere barnean. Halako batean, umeak pikondo bat landatzen du bere aita eta anaia nagusiaren hilobian. Ondoren, falangista zuhaitz hori jagotera joaten hasten da, eta hala arituko da 30 urtez. Pikua handitzen hasten da, eta Rogelio horren ondoan bizitzera gelditzen da, hura zaintzeko, kontzientzia garbitu guran edo. Apurka-apurka inguru hori santutegitzat hartzen dute ingurukoek, eta erromesak hurbiltzen hasten dira, mirari bila. Rogelioren kide falangistek, ostera, ez dute batere ondo ikusten hori, hilketen lekua seinalatzen duelako, eta hura bertatik kanporatzen ahaleginduko dira. Hortxe hasten da istorioaren garapena. Amaiera zein den ez dut esango, baina iragar dezaket biribila izango dela.

Karra Elejaldek egingo du Rogeliorena. Behin baino gehiagotan esan duzu berak egin beharrekoa zela, zergatik?
Karrak pertsonaia horren gidoia irakurri zuenean esan zuen: «hau niretzat egina dago!». Egia da oso ondo datorkiola paper hori berari; Rogelioren erotasuna oso ondo antzez dezake Karrak. Nik uste dut oso ondo egingo duela. Halaber, Karraz gainera, dugun taldea izugarria da, castinga ezin hobea izan da.
Gabinorena egiteko, berriz, hainbat casting egin dituzue. Zelan doa aukeraketa?
Bagabiltza... laster beste proba bat egingo dugu eta ea zer lortzen dugun. Hala ere, badugu hortik zer edo zer nahiko interesgarria izan daitekeena.

Zeintzuk ezaugarri beharko ditu Gabinoren pertsonaia hezurmamituko duenak?
Den-dena begirada bakar bategaz esaten du. Hortaz, umearen begiradak katigatu behar zaitu. Horrez gainera, erraztasuna izan behar du kameren aurrean lan egiteko... Hala ere, oinarrizkoena begirada litzateke, begirada sakona eta ezohikoa izatea.

Ramiro Pinillaren seme txiki Davidek ere parte hartuko du proiektuan, ezta?
Bai, gure aurreko pelikulan "Tres mentiras" ere parte hartu zuen. Aktore profesionala da eta Maruri doktorearena egingo du oraingo honetan. Oso pozik dago.

Eleberriaren zati handi bat Getxon oinarritzen ei da. Zeintzuk izango dira grabazio-lekuak?
Irudi gehienak Getxon bertan grabatzeko ahalegina egin dugu, Pinillaren eleberriak han daudelako oinarrituta; eta lortzen ari gara. Daborduko baserri bi, zelaia eta jauregia lortu ditugu, besteak beste. Halaber, San Nikolas plazan ere grabatuko dugu, lehengo udaletxearen aurrean.

Noiz aurkeztuko duzue filma?
Uztailaren hasieran grabatzen hasiko gara, eta bost aste ibiliko gara lanean. Hala, abuztuan amaitu, eta postprodukzioan ibiliko gara azaroaren bueltara arte. Beraz, nire ustez, 2017ko udaberrian edo udagoienean estreinatuko dugu.

Zuk zuzendutako "Tres mentiras" pelikulak Filipinetako World Premieres Film jaialdiko sari nagusia jaso zuen iaz. Pozik?
Bai, bi sari eman zizkiguten: emakumezkoen artean aktorerik onenari, eta jaialdiko sari nagusia. Gero, inguruko beste hainbat jaialditan ere saritu dute filma, Tuteran eta Zaragozan, berbarako. Egia esanda, ikaragarria izan zen! Mundu osoko estreinaldiak aukeratu zituzten jaialdirako: zortzi, hain zuzen ere; askotarikoak ziren. Bada, hara joan ginen gure filma aurkeztera, eta saria eman zigutenean, izugarria izan zen. Bestalde, Filipinak ezagutzeko aukera eduki izana ere oso ondo egon zen. Zinemaren munduak behintzat bidaiatzeko aukerak eskaintzen dizkigu; ez gara aberasten, baina bidaiatzen dugu, kar ,kar.

Pelikulak sortu eta zuzentzeaz gainera, zinematografiaren inguruko tailerrak ere eman dituzu Joaquin Trincado ekoizleagaz batera, ezta?
Hala da, iaz master bat eman genuen Martzillan (Nafarroa). Bertan hainbat produktu egin genituen, esaterako bertako kondairaren pelikula bat, eta Erdi Aroari buruzko komedia bat. Oso ondo egon zen. Aurten ez dakit kurtso hori egingo duten ala ez; guk ezin izango dugu eman, baina espero dut etorkizunean proiektu horrek aurrera egitea. Baina ez hori bakarrik, Martzillako gazteluari erabilera handiagoa eman behar zaio; berriztatu berri dute, eta eremu ugari eta zabalak dauzka horrelako kontuak egin edo antolatu ahal izateko.

Eta euskal zinemaren egoerari zer deritzozu?
Bikain dagoela... Nire ustez, euskal zinema egoera ezin hobean dago gaur egun, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Euskarazko lanen kasuan, Loreak filmak lortu duen guztiagaz, nik uste gora egin duela. Izan ere, hizkuntza gutxituen artean dagoenez, pelikula horrek lortutakoak laguntza eta bultzada emango dio euskarazko zinemari, eta oso ondo datorkio! Gure kasuan, ostera, gaztelaniazko zinemaren barruan sartzen gara, beste zinemagile asko bezala. Gauza asko egiten ari dira, eta kalitate handikoak, gainera.
Esperantza handia daukat jendearengan. Egoera ekonomikoa kontuan hartuta, halako gauza hain onak egin ahal izatea izugarria da! Ekintzaileak gara, eta proiektuak egikaritzera ausartzen gara, aurrekontu handiago ala txikiago bategaz, baina azkenean, beti aurrera eroaten ditugu proiektuak. Mirari txikiak dira, baina hor daude. Hasi, grabatu eta amaitzen dira, emaitza oso onakaz. Gainera, azkenaldian nazioartean oihartzuna izan duten produktuak lortu izan dira. Orain dela hainbat urte boom bat egon zen euskal zineman, baina ordutik ez zen holakorik errepikatu, gaur egunera arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun