Elkarrizketak

Elain Aspra: "Proiektuaren gakoa da filma %100 ‘made in’ Getxo izatea"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko eka. 25a, 10:00
San Nikolas plaza izango da filmak hartuko duen Algortako txokoetako bat.

Elain Aspra algortarrak pelikula bat grabatuko du Algortan datorren udaberrian. 44 urteko gidoilari, ekoizle eta zuzendaria da Aspra (izen artistikoa da), eta azken hamabi urteotan, Novel Films ekoiztetxean lanean jo eta su ibili da, gidoiak idatzi eta film laburrak egiten; joan den urtean hasi zen Algortako filmaren gidoia lantzen. Bere lehenengo film luzea izango da. Era berean, ekoiztetxearen izen berria (Aktual Films) eroango duen lehenengo filma izango da.

Zein da filmatu gura duzuen pelikularen haria?

Bikoteen gaineko istorioa da, gaur egun bikoteek dituzten harremanetan murgiltzeko. Uste dut aldaketa nabarmena gertatu dela; banantze asko dagoela azken boladan, eta kontu soziologikoez gainera, hor zertxobait dago, eta ikertu gura nuen. Horregatik zenbait harreman deskribatzen ditut, baina komeria eta umore moduan, era ausart batean, gaia leuntzen, baina, aldi berean, ekarpena egiten ahaleginduta.

Zein zuzendarik eroango du ideia pantailara?

Zuzendaria Alex Montoya da. Valentziakoa da; jatorri errioxarra dauka, baina, halere, harreman handia dauka Euskadigaz. Askotan egin du lan hemen, Jon Diez Dominguez argazkilaritza-zuzendari algortarragaz. Gogoko du Euskadi. Baina, batez ere, niretzat zuzendari egokiena da film honetarako, egin dituen film laburrengatik, eta filmetan erabiltzen duen tonuagatik. Montoya oso estu segitzen du ekoizle nahikotxok, eta adi-adi daude ea bere lehenengo film luzea zein izango den. Bere film bat Sundance festibalean saritu zuten, eta iaz Goya sarietarako izendatu zuten. Lehenengo pelikula egiteko, proposamen asko jaso du, eta gureagaz bat etorri da: gustatu zaio.

Montoya, Maria Vallejo eta hirurok Algortan izan zineten orain dela aste batzuk, lokalizazio bila. Zein leku izan dituzue gogokoen filmerako?

Algortako alde asko agertuko dira. Istorioa pentsatuta dago ekonomikoa izateko grabatzen dugun bitartean; oso lotuta daude ikusiko ditugun leku-kopurua eta grabazio-egunak zelan baliatuko dugun sistema. Filmean ikusiko dugun lagun-kuadrilla poteoan joango da gau batean, nik neuk edo hemengo gehienok egiten dugun legez, tabernaz taberna Algorta osoan. Gau horretako kontuakaz batera, hainbat flashback ere ikusiko dugu, kuadrillako bikote batzuen harremana kontatzeko. Flashback horietan barruko irudiak ikusiko ditugu, etxe batenak, baina gaua pasatzen den bitartean, poteoagaz aterako dugu Algortako ahal ditugun leku denak. Bisualki oso film aberatsa izango da, taberna asko eta giro ezberdin nahikotxo zabaltzeko aukera emango digulako, berdin San Nikolas plazan zein Portu Zaharrean, edo metroaren inguruan.

Portu Zaharrean jaiak grabatu gura zenituen, ezta?

Bai, baliteke. Badago eszena bat, baina ekonomiaren menpe dago. Azkenean gerta daiteke ateratzea ala ez. Ia film osoa gertatzen da Algortan: %95 inguru. Beste eszena baterako hainbat aukera dugu, tartean Bilbon, hirian, filmatzea edo BBKLive-n grabatzea, baina ikusi behar dugu ea posiblea den.

Zeintzuk izango dira aktoreak?

Filma "indie" gisa izenda daiteke, aurrekontu estua duelako eta tokikoa delako. Ostera, bikoteen gaineko istorioa munduko edozein lekutan uler daiteke. Castingari dagokionez, anbizio handiz jokatzen dugu, istorioaren alderik garrantzitsuena pertsonaiak baitira, batez ere emakumezkoak. Aktore on eta ezagunak erakar ditzakegulakoan gaude. Horretan gaude, eta oraingoz ezin dugu gehiago kontatu: kontaktuak eginda daude; lehenengo erantzunak eta feedbackak jaso ditugu, eta positiboak dira. Zinema-munduan ziurgabetasun handia dago beti, eta ez da erraza ezer irmoki baieztatzea. Baikorrak gara, eta uste dugu aktore-talde ikusgarria izango dela. Filma txikia izango da, aktore ezagun handiek egina.

Algorta eta Uribe Kostako aktoreakaz harremanik izan duzue?

Oraindino ez, baina hori da ideia. Proiektuaren gakoa, hasieratik irudikatu nuena, izan zen filma erabat hemen egina izatea. %100 "made in" Euskadi baino gehiago: %100 "made in" Getxo. Istorioa Getxon konta daiteke, baina, gainera, hemen profesional handiak ditugu; film bateko sail garrantzitsuenetako teknikariak: artean, argazkilaritzan, kamerariak edo makillajean eta ile-apainketan. Hemen bizi diren edo kanpoan dauden getxoztar asko dira zinema-munduko profesional onak. Horretaz jabetuta, erabaki nuen ez bakarrik istorioa Getxon kontatuko genuela, baizik eta talde tekniko osoa getxoztarra izaten ahaleginduko nintzela. Hori da proiektuak duen bertuterik handiena. Castinga eta aktoreak, ostera, oso ikusgarriak dira, eta gehiago begiratu eta zabalagoak izan behar dugu. Koherentea izango da. Dena den, hemengo aktoreak baliatu ahal baditugu, egingo dugu, Algortan oso aktore onak baitaude.

Estrarik ere beharko duzue?

Filmak estra mordoa izango du. Hori ere bada beste ezaugarri bat. Istorio osoan, aktore-taldea Algortatik poteatzen doanez, etengabe poteo-giroa erakutsiko dugu. Tabernetan zein kalean jende pilo izaten da; horrek guztiorrek agertu behar du. Zuzendaria zur eta lur geratu zen orain Getxon dagoen energia eta giroagaz; gustatu zitzaion: "hemen dagoen energia izugarria da; erakutsi behar dugu", zioen. Hortaz, figuranteak edo estrak izango dira, jakina. Ezin izango dugu atera filmatzera inork gu ikusi barik, batez ere aktore ezagunakaz. Betiko "ekin" eta "moztu" entzungo dira, eta estrek jakin beharko dute grabatzen gabiltzala, baina naturaltasuna agertu beharko dute: normalean poteatzen duten moduan agertu.

Berez egongo den giroagaz egingo duzue behar.

Bai, ahaleginduko gara erretratatzen ikusten duguna, eguen edo bariku arrastian edo gauean pote batzuk hartzera ateratzen garenean. Hortaz, filmean kontratatuta parte har dezakeen getxoztar-kopurua 40 edo 50ekoa izan daiteke. Eta zeharka, 150 baino gehiago ager daitezke.

Baimenak lortzea erraza izaten ari da?

Erraza izango dugu, daborduko Udalagaz egin dugulako berba, eta dena erraztuko digutela esan digute. Haientzat filmazioa proiektu oso erakargarria da, erabat getxoztarra delako, eta ekonomikoki zein turistikoki eragin handia izango duelako. Izatez, filmazio-tasak jada jaitsi egin dira. Uste dut ez dela arazorik izango.

Zenbateko aurrekontua duzue filma egiteko?

Gutxi gorabehera, 600.000 euroan dabil gurea. Pelikula normal bat, aurrekontu txiki edo erdikoa, 1.200.000 euroan ateratzen ohi da. Baina hemen badira filmak bi edo hiru milioi euroko aurrekontuetan mugitzen direnak.

Musikari dagokionez, Getxoko musika-taldeakaz lan egin gura zenukeela adierazi duzu. Baten bat lotu duzue soinu-bandarako?

Oraindino ez dugu berba egin bategaz ere ez. Baina dugun ideia hori da, eta laster hasiko gara ildo hori jorratzen. Proiektuak daukan izaerari jarraituta, %100 getxoztarra izatea pentsatu dugu: soinu-banda osoa bertoko taldeena izatea, hemengo panorama oso aberatsa dela kontuan hartuta. Gainera, istorioaren protagonistek musika-talde bat daukate. Batez ere, euren bikote-harremanez berba egingo dugu; kuadrillan banda bat dago, eta entseguak dituzte; musika jotzen dute, eta zuzeneko kontzertu batzuk ere ikusiko ditugu. Horretarako talde getxoztar baten musika eta abestiak erabil daitezke.

Algortarra izanda, harrotasun berezirik eragiten dizu filma hemen grabatu ahal izateak?

Bai! kar, kar, kar. Gustatuko litzaidake, badakidalako jendearentzat ikusteko eta bizitzeko oso esperientzia polita izan daitekeela. Horregatik, esperientzia hori Algortan gertatu dadin ahalbidetze-lanak egitea gogoko dut.

Urteak daroatzazu gidoilari eta ekoizle. Zein da bizi izan duzun arazorik bitxiena?

Batez ere, gidoilari jardun dut, baina gidoilari izaten, ez dut ogibiderik izan, kar, kar, kar.

Alde garrantzitsua da.

Bai, oso garrantzitsua. Berandu hasi nintzen idazten, ia 30 urtegaz. Hasieran arrakasta handia izan nuen bakarrizketakaz, "El Club de la Comedia"-n, ETBrentzat ere idatzi nuen programa baterako, eta gero esan nuen, "tira, zinema", horixe nuen gogoko orduan. Hamabi urte pasa dira, eta ez dut ezer egin.

Hainbat film labur egin duzu.

Ez dut ezer ezagunik egin, elkarrizketa batean aipatzeko modukoa. Gehienbat, film laburrak egin ditut. Hamabi urte horietan, ez naiz gelditu, idatzi eta idatzi jardun naiz. Niretzat hamaika kontu gertatu dira: kontratuak sinatu, eta gidoiak saldu ditut; horiek kobratuko nituzke, filmak eginez gero, baina pelikula horiek ez dira egin. Makilakada asko jaso dut. Baina horrela ikasi dut. Kanpora begira, ez da ezer gertatu; ezin dut ezer azaldu esanez: "banabil film honen atzean edo beste pelikula horren atzean". Azken dozena bat urtean ez naiz gelditu, ostera. Pilo bat idatzi dut: gidoiak idazteko modua asko ondu dut; ikusi dut zeintzuk diren geldituta gera daitezkeen proiektuak, eta zeintzuek egin dezaketen aurrera. Oraingoa kasu argia da: sortu dut proiektu bat askoz bideragarriagoa. Azken urteotako eskarmentuaren, jasotako egurraren ondorioa izan da hori.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun