Mari Luz Iñarra Palomino: "Nire produktuak guztiz ekologikoak dira"

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 27a, 10:43
Mari Luz Iñarrak sortu du Landalore enpresa.

Mari Luz Iñarra Palomino algortarra biologoa da. Mundu osoan garapenerako lankidetzan ibili izan da, ingurumenari lotuta. Hala ere, 2014an proiektu berri bati ekin zion: xaboi eta baltsamo ekologikoak eta beganoak egiten hasi zen, Landalore enpresa sortu ostean.

AEBetako Smithsonian Institut-eko Folklive Festivalak zure produktuak erakutsiko ditu euskal produktuen azoka ekologikoan...
Eurak ipini ziren nigaz harremanetan; antza, webgunean nire produktuak ikusi, eta gustukoak izan zituzten. Niretzat, egindako lana errekonozitzea da hori. Izan ere, horrek bestelako merkatu batzuetara hedatzeko aukera eskaintzen dit. Halaber, produktu ugari erosi dizkidatenez, lortutako etekinakaz enpresan inbertitzeko aukera ematen dit.

Zelan egiten dituzu xaboiak eta baltsamoak?
Betidanik egin diren bezala egiten ditut, baina teknika modernoak ere erabilita. Xaboia, azken finean, azido eta oinarri bategaz osatzen da. Hala, sosa edo potasa uretan nahastu, eta olioak gehitzen dizkiot. Horrela, xaboia eta glizerina lortzen dut. Antzina baserrietan, animalien olioakaz egiten ziren xaboiak, baina nik landare-olioak erabiltzen ditut. Baltsamoak ere, landare jatorria duten argizariakaz egiten ditut. Nire produktua guztiz ekologikoa eta beganoa da.

Zerk ezberdintzen ditu gainerako produktu komertzialetatik?
Ohiko kosmetikatik, kontu askok! Horietan produktu kimiko ugari erabiltzen dira; askotan alergiak eta beste hainbat arazo sor ditzakete. Etxean egindakoen artean ere, batzuetan esaten dute naturalak direla, baina egiatan ez dira ekologikoak... Nik gauza horiek guztiak zaintzen ditut; bizitzeko proiektua izatea gura dut, baita izaera soziala izatea ere.

Non eros daitezke zure produktuak?
Laborategia Algortan daukat, eta xaboiak eta baltsamoak Getxoko hainbat dendatan saltzen ditut, esaterako Musuz Musun eta Txalupan. Ile-apaindegi eta denda ekologiko batzuetan ere aurki daitezke, baita Interneten ere. Gainera, azoka ekologikoetara ere joaten naiz normalean.

Eta etorkizunari zer deritzozu?
Hasiera gogorra izaten dabil, gutxika bidea egiten noa, gauzak ondo egin gura dituzunean ez dagoelako lasterbiderik. Etorkizunean, egindako lana errekonozitzea eta denda propio bat izatea gura nuke; hori da helburua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun