Getxoko Jazzaldiak "osasun onez" ospatu du 40. urteurrena

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 6a, 13:20

Atzo bertan amaitu zen Getxoko 40. Nazioarteko Jazzaldia, zaleen artean sentsazio onak utzita. Bost egunez 20 kontzertu eskaini ditu jaialdiak eta 12.500 bat lagun erakarri ditu askotariko proposamenez baliatuta. Aurtengo egitarauan, ohi den legez, izen handiko artistak, talde-lehiaketaren banda gazteak eta Hirugarren Milurtekoa ataleko saioak egon dira Algortan, familia osoarentzako kontzertuak eta jam sessions-ak ahaztu barik.

Saio nagusiei dagokienez, Jorge Pardok zabaldu zuen jaialdia Huellas laukoteargaz; flamenko-jazzagaz ia-ia bete zuen Algortako Bihotz Alai plaza. Hilaren 2an eta 3an, hiru laurdenetako sarrera egon zen Uri Cainen berritzailearen eta "musika unibertsala" protagonista duen Hermeto Pascoalen saioetan, Getxoko Kultur Etxeak adierazi duenez. Astelehenean, saio arrakastatsua eskaini zuen Dee Dee Bridgewater abeslariak; sarrera gutxi falta izan ziren plazaren edukiera betetzeko. Jaialdiaren azken egunean, Esperanza Spaldinek plaza betetzea lortu zuen "Emily's D+Evolution" bere azken proiektuagaz; musika, antzerkia eta gorputz-lengoaia uztartzen ditu.

Gainontzeko kontzertuak

Bestalde, Talde Lehiaketaren partaideek Europako jazz gaztearen maila handia erakutsi dute. Aurten 70 banda parte hartu dute lehiaketan; Wilfried Wilde Quintet, Thomas Wendt Trio, Francesco Colombo Trio eta Daahoud Salim Quintet heldu ziren finalera. Azken hori atera zen garaile lehiaketan; epaimahaiak zein publikoak ("Cifu" saria) emandako sariak eskatu zituen. Gainera, Daahoud Salim bandaren liderra eta piano-jotzailea lehiaketako bakarlaririk onena izendatu zuten.

Hirugarren Milurtekoa atalean ere askotariko eskaintza egon da. Bost egunez, Algortako Telletxe plazan, Laurent Coulondre Trio banda gazteak jo zuen, eskarmentu handiko artistakaz batera; berbarako, Kiko Berenguer saxo-jolea eta Gonzalo del Val bateria-jotzailea. Atal horretan, Ainara Ortega abelalriak "Scat" bere azkenengo proiektua aurkeztu zuen eta zaleek Andres Isasi Musika Eskolako Jazz Ensemblearen musikagaz gozatzeko aukera eduki zuten.

Jazzaldiaren musika eskaintza borobiltzeko, In Sesion taldeak eta jaialdian parte hartu zuten zenbait artistek hiru jam session eskaini zituzten goizaldera arte. Gainera, goizeko saioak egon ziren familia osoarentzat, Play'n'Kids eta Dixie Rue del Percebe taldeakaz. Azkenik, Jazzaldia dela eta Torrene Aretoan Javier De la Torreren erakusketa egongo da ikusgai hilaren 24ra arte. Horretan, jazz-artista ospetsuen mosaikoak daude ikusgai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun