Getxo Kirolak-eko adjudikazioen zalantzei erantzun die Alvaro Gonzalezek

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 22a, 12:27
Alvaro Gonzalez da Getxo Kirolakeko presidentea. © GETXOKO UDALA.

Getxo Kirolakek ematen dituen udako kirol-ikastaroen adjudikazioa auzitan jarri du GUK taldeak. Hori dela eta, Getxoko Udaleko kirol-erakunde autonomoak ukatu egin du bere presidentea den Alvaro Gonzalezen emazteari ikastarorik adjudikatu zaionik. Udal iturrien arabera, Getxo Kirolakek "inoiz" ez dio kontraturik adjudikatu Pinpoil Tiempo Libre elkarteari; "haren emaztea eta koinata elkarte horretako kide dira, baina ez dira elkarte gisa inoiz aurkeztu Getxoko Udalaren kirol erakunde autonomoaren lehiaketa batera ere".

Udako kolonien esleipena

GUK Getxok salatu duenez, 2010etik hona, Getxo Kirolak erakundeak udako koloniak esleitu dizkio, urtez urte, Pinpoil elkarteari, 361.282,56 euroko balioa duten kontratuen bidez, (BEZa kenduta). Udalak, bere aldetik, azaldu du kontratu horiek adjudikatu aurretik txosten tekniko eta juridiko "egokiak" egin direla, "eta txosten horiek proposatu dituzte kontratazioak. Lehiaketa ireki eta argitaratuko prozedura baten emaitza dira kontrataziook, eta eskaintza gehiago aurkeztu dira prozeduran".

Modu berean, Getxo Kirolaken arabera, adjudikazioak bi pertsona autonomori egin zaizkie, eta ez elkarte bati. "Lehiaketak irekiak dira. Nire bi koinatek bi kontratu eskuratu izana ez da lege-iruzurra; izan ere, espedienteetan ageri denez, adjudikazio biak baloratu zituen kontratazio mahaitik abstenitu nintzen ni, arrazoi pertsonalengatik", azaldu du Gonzalezek.

Udalak jakinarazi duenez, kontratazio espedienteetan agertzen da Gonzalez beren-beregi adierazi zuela prozeduran abstenitu gura zuela. "Are gehiago, Getxo Kirolakeko eta Getxoko Udaleko teknikariek osatzen duten kontratazio mahaiaren eztabaidetako batean ere ez zuen parte hartu". Horregaz batera, azaldu dutenez, ez zuen parte hartu adjudikaziodun enpresa edo pertsonari buruzko azken erabakian.

Alvaro Gonzalezek aitortu du 2010ean "oker baten ondorioz" lehenengo kontratua sinatu zuela, eta ordezko presidenteak sinatu behar izan zuela. Halere, diotenez, gertaera horrek "ez zuen baldintzatu" kontratazio mahaiak proposatutako emaitza. 2014ko lizitazioan, eta lehia libreko prozedura batean, eskaintza gehiagogaz, presidentea abstenitu egin zen, bai kontratazio mahaian, bai kontratua sinatzean.

Presidentearen emaztearen ustezko kontratazioa

Getxo Kirolakek dioenez, "ez da egia" Gonzalezen emaztea kontratatu dutenik, inolako figura juridikogaz. Haren koinatei dagokienez, legeak kargu politikoen senideak kontratatzeari buruz ezartzen duena kontutan hartuta, "eskubidea osoa daukate zinegotzi honek lan egiten duen administrazioak eskainitako kontratuetara aurkezteko; zinegotziaren betebehar bakarra prozeduran abstenitzea da".

Getxo Kirolakek uste du "tamalgarria" dela talde politiko honek azaldutako zalantza hauek aurretik ez jakinaraztea erakundearen organoei, azalpen egokiak eman ahal izateko. Izan ere, Kirolen erakundeak espediente hauei buruz eta beste edozein espedienteari buruz eskatutako dokumentazio guztia eman dio GUK Getxori, "erakunde honek bere lanean daukan gardentasunagaz bat etorriz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun