Saltillo belaontziak bihar hasiko du udako itsasaldia, algortar batek gidatuta

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 16a, 11:16
EHUko Saltillo eskola-ontzia. © EHU

Bihartik, eguaztena, irailaren 2ra EHUko Saltillo eskola-ontziak urteroko udako itsasaldia egingo du euskal portuetan zehar. Santurtziko kirol-portuan hasiko du 17 egun iraungo duen bidaia; Lekeitio izango da lehen helmuga. Ondoren, Donibane Lohitzune, Getaria, Donostia, Hondarribia, Mutriku eta Bermeo bisitatuko ditu. Mikel Lejarza kapitain algortarrak gidatuko du.

Itsasaldi horretan, EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko ikasleek nabigazio praktikak egingo dituzte. Horrez gain, bela mundua gizarteari hurbiltzea eta antzinako belaontzi hori ezagutzera ematea ere badira itsas ibilaldi horren helburuak. Horretarako, bidaiaren geldialdietan Saltillok bere ateak irekiko ditu gura duten guztiek ontzia bisitatu dezaten.

Saltillo 1932an eraiki zen eta, bi urte beranduago, Pedro Galindez enpresari bizkaitarrak erosi zuen. 1946tik 1963a arte Galindezek errege-familiari utzi zion belaontzia, erabil zezan. 1968an Galindezek Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoari itsasontziaren dohaintza egin zion, eta 1998az geroztik EHUko ontzi-eskola bezala erabiltzen da.

Kostaldeko itsasaldi hori aurtengo udako bigarrena da, izan ere, uztailean Bretainiako Brest eta Douarnenez-eko Itsasoko Jaialdian parte hartu zuen Saltillo belaontziak. Lau egunez, eskola-ontzia beste 1.500 belaontzi klasiko eta tradizionalakaz batera nabigatzen aritu zen Brest-eko badian.

Egutegia eta ordutegia

  • Abuztuak 17: Santurtzi – Lekeitio.
  • Abuztuak 18: Ate irekiak Lekeition.
  • Abuztuak 19: Lekeitio – Donibane Lohitzune.
  • Abuztuak 20- 21: Ate irekiak Donibane Lohitzunen.
  • Abuztuak 22: Donibane Lohitzune - Getaria.
  • Abuztuak 23: Ate irekiak Getarian.
  • Abuztuak 24: Getaria – Donostia.
  • Abuztuak 25: Ate irekiak Donostian.
  • Abuztuak 26: Donostia - Hondarribia.
  • Abuztuak 27 -28: Ate irekiak Hondarribian.
  • Abuztuak 29: Hondarribia – Mutriku.
  • Abuztuak 30: Ate irekiak Mutrikun.
  • Abuztuak 31: Mutriku – Bermeo.
  • Irailak 1: Ate irekiak Bermeon.
  • Irailak 2: Bermeo – Santurtzi.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun