Arenasek Ligako lehen partida jokatuko du bihar Gobelan

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 19a, 16:29
Arenaseko jokalariak entrenatzen, artxiboko irudian. © ARENAS FUTBOL TALDEA

Bihar, zapatuan, Arenas futbol-taldeak denboraldi berriari ekingo dio, aurrekoaren zapore ona gogoan. Gorri-beltzek Fuenlabradaren bisita jasoko dute Gobelan, 18:00etan. Jon Perez "Bolo"-ren mutilek aurrera begirako lehenengo urratsa eman gura dute, ahalik eta lasterren kategoriari eusteko. Hortik aurrerako helburu denak ongi etorriak izango dira, iaz baino zailagoa den Bigarren B mailako multzoan.

Klub areetarrak azaldu duenez, aurtengo "lantaldea aurreko denboraldiko baino lehiakorragoa da". Halere, kontzienteak dira "arerio oso indartsuen aurka" jokatu beharko dutela. Horien artean kokatu dute Fuenlabrada; talde madrildarrak oso kanpaina irregularra egin zuen iaz, baina orduko dozena erdi jokalari baino ez ditu mantendu Josip Visnjic entrenatzaileak, lantaldea goitik behera berritzeko eta igoera eskuratzeko talde faboritoetako bat bihurtzeko. Visnjicek kanporatutako jokalarien artean dago Borja Diaz, orain "Bolo"-ren aginduetara dagoena.

Hortaz, Gobelakoek biharkoa "partida zaila" izatea espero dute. Horrela izan zen talde bien arteko azken talka, orain dela lau hilabete Itzubaltzeta/Romon jokatutakoa. Orduan, amaierarako bost minutu falta zirela Aitor Ramosek sartu zuen partidako gol bakarra.

Bazkide-txartelak

Bitartean, Arenas futbol-kluba hasi da bazkide-txartelak banatzen, inpresioagaz hainbat arazo izan ondoren. Gura duten bazkideek txartela batu ahal izango dute klubak Gobela kiroldegian duen bulegoan, barikuan, edo leihatilan, zapatuan, honako ordutegietan:

- Barikuan: 20:30ak arte.

- Zapatuan: 10:00etatik 17:15era.

Egun bi horietan txartela jasoko ez duten bazkideei, postaz helaraziko die Arenasek, astelehenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun