Hamabost mila bisitari izan dira Getxoko turismo-bulegoetan

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 26a, 13:58
Irantzu Uriarte Gomez, Getxoko Turismo zinegotzia. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak gaur jakinarazi duenez, udalerriko turismo-bulegoek 15.382 turista eta bisitari artatu zituzten pasa diren maiatz, ekaina eta uztail hilabeteetan. Udalaren aburuz, "Estatu espainiarreko (%48,7) eta atzerriko (%28) hainbat lekuetatik etorritakoek egindako kontsultak –benetako turistak–  inguruetakoek –Euskadi, Bizkaia eta Getxo– egindakoak baino gehiago izan dira". Hazkunderik handiena, %6,5ekoa, atzerriko eta Europako Erkidegoko turistena eta bisitariena izan da, iazko epealdiagaz alderatuta.

Bisitariek 38.587 kontsulta egin dituzte Ereagako Turismo Bulegoan eta Bizkaiko Zubian zein udalerriko ekitaldi aipagarrienetan ipinitako Aldi Baterako Turismoko Informazio Bulegoetan (ABTB). Kontsulta orokor horietan bisitariei planoak eta mapak eman eta gune turistiko interesgarrien eta garraioen gaineko informazioa eman zieten. Aurten iaz baino interes handiagoa izan da enogastronomian (%11), natura-turismoan (%127) eta museoekiko (%195).

Getxo udalerriari dagokionez, 10.771 kontsulta egin zituzten. Gehienak (%61) gune interesgarri biren gainean: Areetako Bizkaiko Zubia eta Algortako Portu Zaharra.

Jarduera egitarauari dagokionez, bizikletak alokatzeko zerbitzua, Getxo Bizi, kontsulta gehien sortu duena izan da, bizkaitarren artean eta baita Estatu espainiarreko eta atzerriko turisten artean ere.

Bigarren tokian, Estatuko hainbat lekuetatik etorritako bisitariek antzeztutako bisitei buruzko informazioa eskatu zuten. Atzerritarrek, berriz, Taxi Tour-agatik galdetu zuten.

Begoña Jauregiko galeriak bisitatzeko programari buruz, getxoztarrak izan ziren interes gehien erakutsi zutenak, eta bizkaitarrak ondoren.

Maiatzean, 2015 urteagaz konparatuta, %10,33eko hazkundea jaso zen. "Hori datu positiboa da Getxoko turismoa sasoi bakarrera ez mugatzeko", udal arduradunek egindako balorazioaren arabera.

%40 igo dira kontsulta ez-presentzialak –telefonoz, posta elektronikoaz… egindakoak–, hau da, guztien artean %3,14; iaz, berriz, %2,18 izan zen.

Aurtengo lehen sei hilabeteetan, Ereagako Bulegoan eta Bizkaiko Zubiko ABTBan %78 izan zen turisten portzentajea (turista guztiak, getxoztarrak eta bizkaitarrak izan ezik), 2015eko (%68)  eta 2014ko (%72) batez bestekoaren gainetik, azkenengo sei urteetako portzentajerik handiena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun