Agirre lehendakaria omenduko dute domekan San Mamesen

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 26a, 21:24
Agirre, bosgarrena ezkerretik, Athleticegaz. © SABINO ARANA FUNDAZIOA

Jose Antonio Agirre eta Lekube zena omenduko dute datorren domekan, hilak 28, Bilbon, 19:00etatik aurrera. Izan ere, aurten 80 urte beteko dira Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendabiziko lehendakaria izendatu zutenetik, Getxoko alkatea eta enpresaria izan ondoren. Horrez gainera, Athleticeko bazkidea eta jokalaria ere izan zen; 1920ko hamarkadan jokatu zuen. Horregatik omenaldia domekan egingo diote, San Mamesen jokatuko den denboraldi berriko lehen partidagaz bat egiteko. Dema horretan, Athleticek Bartzelona hartuko du, 20:15ean.

Ekitaldia festa giroan ospatuko dute; hasiera emango diote Bilboko kaleetan, partidaren aurretik, eta ondoren, San Mameserako kalejira abiatuko da. Egun berezi horretarako Agirreren erraldoia egin dute; bera izango da kalejiraren buru.

Bilboko Aste Nagusiaren azken arrasti horretan, zenbait ekitaldi egingo dute, San Mamesen inguruan eta futbol-zelaian bertan; horiekin, Athleticek bat egingo du azken hilabeteotan arlo sozial eta politikoan egin izan diren Agirrerentzako omenaldi-ekitaldiakaz. 19:00etan, Don Terencio, Doña Tomasa, Pitxitxi eta Agirre lehendakariaren erraldoiek elkarretaratzea egingo dute San Mamesen ondoan, eta dantza egingo dute. Futbol-zelaiaren kanpoaldeko pantailek bideoak emango dituzte, Agirrek Athleticen izan zuen ibilbidea laburbilduz. Gainera, partidara joango direnek jasoko dute argitalpen berezi bat, lehen lehendakariaren kirol- eta politika-bizitzaren gaineko informazioakaz eta argazkiakaz. Agirreren ibilbide zuri-gorria eta lehendakariak euskal selekzioa antolatzen egin zuen lana azpimarratuko dira. Gerra Zibilaren garaian, mundua zeharkatu zuen Euzkadi Selekzioaren bultzatzaile izan zen Agirre.

San Mamesen barruan, oroitzapenezko ekitaldiak Athletic-Bartzelona partidaren atsedenaldian egingo dituzte. Bideo bat proiektatuko dute, Jose Antonio Agirre Bilboko taldean izandako ibilbidearen gainekoa, eta haren birbilobak zelairatuko dira, buelta bat ematea xede, erraldoiek lagunduta. Katedralean egingo dute dantza, beraz, erraldoiek.

Agirreren erraldoia egun berezi honetarako egin dute, eta, hala, bat egingo du Bilboko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsagaz aritzen direnekaz.

46 partida jokatu zituen

Jose Antonio Agirrek 1921etik 1925era jokatu zuen Athleticen; 1921eko azaroaren 27an egin zuen debuta (Athletic 1-1 Deustu) eta bere azken partida 1925eko urriaren 18an jokatu zuen. Egun hartan talde zuri-gorriak 2-0 irabazi zion Acerori, eta Agirre bera izan zen golegileetako bat. Denera, 46 partidatan irten zen hamaikakoan. Batez ere, esker hegalean jartzen zuten entrenatzaileek. Taldean jokatu zuen bost urte horietan, Mr. Pentlandekin egin zuen topo, 1923ko Espainiako Kopa irabazi zuen, "Pitxitxi"-ren heriotza gertutik bizitu zuen eta klubaren zilarrezko ezteiak ospatu zituen.

Sabino Arana Fundazioaren arabera, Agirre "Athleticen izan zen denbora horretan, etorkizunean politikan erabiliko zituen baloreak bereganatu zituen: taldeko lana, pasioa, ohiturak, grina, etengabeko ahalegina, autodiziplina, aurkariarekiko errespetua... Agirreren izaera markatu eta bere irudia sortzen lagundu zuten balore horiek".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun