Abian da Getxophoto jaialdia

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 1a, 19:04
Getxophotoren aurkezpena, pasa den martitzenean. © GETXOKO UDALA

Getxophotoko lantaldeak zabaldu duenez, aurten ospakizunetan dabil Getxo udalerria eta argazkilaritza lotu dituen festibala; besteak beste, bere 10. edizioan, irudi berria erakutsiko du. Balorazio laburra egin dute Getxophotoko kideek egindako ibilbideaz: "hamar urte argazkilaritza jorratzen" izan dira, "adierazpide, ezagutza eta gozamen estetikorako tresna bezala ulertuta". Hala, atzera begira hasi diren seinale-edo, aurten jaialdia "denboraren joanaz arituko da", "Denbora" erakustaldiaren bitartez. Urriaren 2ra arte udalerriko kale eta gune publikoak hartuko ditu.

Getxophotok 20 erakusketa eta hainbat jarduera programatu ditu urriaren 2ra arteko epe horretan. Denbora izango du ardatz jaialdiak eta hura nola erakusten, aditzera ematen eta komunikatzen duen argazkigintzak. Begihandi elkarteak antolatuta, Udalaren eta "hainbat txoko kide, dendari, ostalari eta afizionatuen laguntza du", Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendari eta komisarioak adierazi duenez.

Koldo Iturbe Kultura zinegotziaren ustez, "Getxophoto ekimen zabala da, publiko guztien konplizitate aktiboa bilatzen duena, ez bakarrik ikusle bezala baizik eta sortzaile gisa ere, antolatutako hainbat ekitaldien bitartez".

Aste-akabuko egitaraua

Gaur, Michael Wesely argazkilari alemaniarrak estreinatu du jaialdia, bere lanari buruz berbaldia eskaintzen hasi baita Begoñako Galerietan, 19:00etatik aurrera. Bihar, barikuan, inaugurazio-ekitaldi ofiziala egingo dute Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, 19:30ean; proiekzioak eta zuzeneko musika izango dira.

Bestalde, irailaren 2an, barikua, maisu-ikastaroa emango du Frank Kalero Getxophotoko komisario ohiak. Teknologia berriak proiektu fotografikoetan zelan erabili izango da gaia; formatu narratibo berriak sortzeko, zer lantresna berri eta zahar dauden izango du berbabide. Antolatzaileek ez dute zehaztu non izango den, baina leku-kopuruak mugatuta daudela esan dute. Ordutegia, ondoko hau: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

Zapatuan, hilak 3, bisita gidatu berezia egingo dute argazkizaleek, 11:30ean San Nikolas plazatik irtenda. Bertan hartuko dute parte Jokin Aspuru jaialdiaren komisarioak eta beste hainbat argazkilarik, beraien lanaz hitz egiteko: Anna Katharina Scheidegger, Michael Wesely, Amy Friend, Jeremie Nassif, Kris Sanford, Daesung Lee, Carlos Ayesta eta Amit Sha’al.

Asteburuan, azkenik, Irina Werning-en "Back to the Future" izeneko erakusketa bisitatu ahal izango da; zapatuan, Kirol Portua-Ereaga-Portu Zaharra ibilbidean; eta domekan, Algortako erdigunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun