Castroviejok Europako Txapelketa irabazi du

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 15a, 19:33
Jonathan Castroviejo, Europako txapeldunaren maillota jantzita, podiumaren erdian. © RFEC

Jonathan Castroviejo txirrindulari itzubaltzetarrak urrezko domina eskuratu du Europako Txapelketan, erlojuaren kontrako proban. Movistar taldeko kidea nagusitu da Bretainiako Plumelec herriko 45 kilometroko zirkuituan, 58 minutu eta 13 segundogaz. Podiuma osatu dute Victor Campenaerts belgikarrak eta Moreno Moser italiarrak; uribekostarrak baino 30 eta 39 segundo gehiago egin dituzte.

Castroviejo faboritoetako bat zen: iaz Richmond-eko Mundialetan laugarren postua lortu zuen eta pasa diren Olinpiar Jokoetan ere, Rio de Janeiron, 4. bukatu zen, podiumetik 4 segundora. Era berean, euskal herritarrak bi aldiz irabazi du Espainiako txapelketa: 2013an eta 2015ean.

Castroviejoren ustez, "oso zaila" izan da "horrelako krono batean lehiatzea, Espainiako Vueltan izan eta lau egunetara". Azaldu duenez, "ahalegindu naiz ahal izan dudan guztia errekuperatzen, asko eta ondo jan eta atsedena hartu dut, eta mentalizatu naiz ia ordu bateko ibilbide oso zail honetaz". Izan ere, errepidearen zoladura, aldatsak eta malda handiak ez ziren itzubaltzetarraren gustukoak. "Zorionez, dena ondo irten da", gaineratu du. Estrategia argia erabili du txirrindulariak: "egin behar nuena lasaitasuna gordetzea zen. Plumelec-eko Cadoual-en igoera ezagututa, gogorra dela jakinda, garrantzitsuena zen hanketan energiagaz amaitzea. Eta horrela etorri naiz honaino", azaldu du helmugan.

Itzubaltzetarraren denboraldia ez da bukatu, oraindino Katarreko Munduko Txapelketarako hautagaia baita. Halere, orain ez du horretan pentsatzen: "hori aste batzuk barru etorriko da. Lehenengoa atseden apur bat hartzea da, burua lasaitu eta familiagaz egotea; eurei dedikatu diet garaipen hau. Aurten nire emazteak eta semeak asko sufritu dute nigatik izan nuen lesioagatik, eta eskerrak ematen dizkiet. Aire apur bat hartuko dugu, Italian taldeagaz pare bat probatan lehiatuko naiz eta gero pentsatuko dut Munduko Txapelketan. Maila fisikoan, Doharako lana daborduko egina dago", esan du Europako txapeldunak.

Ugeragako emakumeak erlojupekoan

Atzo, ostera, Ugeragako txirrindulari bi lehiatu ziren erlojupeko proban. Gazte mailako emakumezkoen proban, Sara Martín eta Miriam Gardachal 13. eta 15. postuetan geratu ziren, 12,7 kilometroko zirkuituan. Lisa Morzenti irabazle italiarraren 1.17ra eta 1.24ra heldu ziren, hurrenez hurren. Martin pasa den otsailean fitxatu zuen Ugeragak eta errendimendu oso ona eman du. Irail hasieran jokatu zen Espainiako Gazte Txapelketan, urrezko domina lortu zuen errepidean, eta zilarrezkoa erlojupekoan. Gardachalek ere urrezkoa jantzi zuen Espainiako txapelketan, erlojupeko proban.

Martínen ustez, zirkuitua "oso-oso gogorra izan da, etengabe aldatsak daudelako eta erritmoa apurtu didatelako horiek. baina dena eman dut eta postu bikain batean amaitu dut. Beraz, nahiko pozik nago", azaldu du Aranda de Dueroko txirrindulariak. Bere aldetik, Miriam Gardachalek nabarmendu du erlojupekoa polita izan dela: "Ez digu euririk egin, eta hori zen gehien beldurtzen ninduena. Gainera, errepidea ondo sikatu da, itzalpeko gune batzuk kenduta. Okerrena da haizea izan da, zabuka ibiltzera behartu bainau. Baina nire lehenengo nazioarteko proba izateko, oso pozik nago, egindako lanaz eta postuaz", azaldu du nafarrak.

Hurrengo probak

Bihartik aurrera, errepideko probek hartuko dute Plumeleceko zirkuitua. Bihar, barikuan, Miriam Gardechal eta Sara Martínek gazte-mailako proba izango dute 68,5 kilometrotan. Goizeko 10:00etan irtengo dira.

Zapatuan, aldiz, 23 urte azpikoen proba eta elite-kategoriakoa lasterketa berean egingo dute, 13:45etik aurrera. 23 urte azpikoetan Lointek taldeko Alicia González eta Eider Merino arituko dira, 109,6 kilometroko distantzian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun