Prest, film laburren lehiaketa azkarra Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 22a, 15:39

Azken egunak dira GetxoExpress Getxoko I. Film Labur Lehiaketa Expressean izena emateko. Abuztuaren 31n epea zabaldu bazuten ere, hilaren 26ra arte, astelehena, dago aukera lehiaketa honetan parte hartzeko inskripzioa egiteko. Ekimena hilaren 30etik urriaren 2ra bitartean egingo da, Areetako Andres Isasi musika-eskolan.

Jaialdi horretan egin beharreko nagusia hurrengo hau izango da: film labur bat grabatu eta editatzea, baina lehiaketa hasten den egunean bertan jakinaraziko den gaiaren ingurukoa izan beharko du filmak eta 44 orduan egin beharrekoa izango da (denbora hori barikuan, irailak 30, arrastiko 06:00etan hasiko da, eta domekan, urriak 2, eguerdiko 02:00etan amaituko da). Parte-hartzaileek bikoteka edo 5 pertsonako taldetan gehienez jardungo dute. Film laburrak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, eta 4 minutuko iraupena izango dute gehienez, izenburuak eta kredituak barne. Filma egiteko baliabide teknikoak parte-hartzaileen kontura izango dira; halere, tresnak erabiltzeko mugarik ez du ipini antolatzaileek. Izan ere, proiektuak bideokamera profesionalakaz zein telefono mugikorrakaz graba daitezke, besteak beste.

Lehiaketan parte hartzen duten taldeek barikuan, irailaren 30ean, jasoko dute gaia Getxolan udal-zerbitzuaren egoitzan, Areetako Ogoño kalean. Domekan, berriz, film guztiak proiektatuko dituzte Andres Isasi musika-eskolan. Epaimahaia hiru kidez osatuta egongo da, hirurak ere komunikazio- arloan, ikus-entzunezkoen munduan edo arte eszenikoen arloan ezagunak. Lehenengo saria 1.000 eurokoa izango da; bigarrena, 500 eurokoa, eta ikusleek emango duten saria, 250 eurokoa. Film laburrak eta sari-banaketa ikusteko sarrera doakoa izango da.
Getxo Wanted-etik jaioa

Getxoko Udalak sustatutako Wanted ideia-lehiaketaren zazpigarren ediziotik sortu da GetxoExpress ekimena. Izan ere, azkenengo edizio horretan, aurkeztutako ideia guztietatik puntuaziorik altuena lortu duen proiektua izan da film laburren lehiaketa hori; Ana Angulo Umaran, Janire Dominguez Azkue eta Guillermo Sevillano Caraballo gazteek aurkeztutako eta bultzatutako ideia izan da. Hala, proiektu hori garatzeko eta ahalbidetzeko, Udalak 4.563 euro eta 10 orduko laguntza profesionala eskainiko dizkie gazte ekintzaile horiei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun