Beñat Amade hirugarren, Euskadiko Lasto-jasotze Txapelketan

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 26a, 18:37
Jose Martin Bustinza, artxiboko irudian. © JOSE MARTIN BUSTINZA

Pasa den zapatuan jokatu zen Aizarnazabalen Euskadiko Lasto-jasotze Txapelketaren hamargarren edizioa. Bertan, berriro ere Jose Martin Bustinza Olabarri "Tubi"-k jantzi zuen txapela; daborduko bere zazpigarren txapela da. Proba horretan Beñat Amade Fullaondo algortarrak hirugarren postua lortu zuen.

Ohi legez, partaide bakoitzak 45 kiloko lasto fardo bat altxatu behar zuen, 7 metroko altuerara, ahalik eta gehienetan minutu bitan. Jose Martin Bustinza dimoztar txapeldunak, 44 urtegaz Euskadiko txapelketetako bere markarik onena egin zuen: 25 jasoaldi. Bigarren postuan sailkatu zen José Lauzurika Fernandez de Gorostiza arabarra, 19 jasoaldi eginda. Kopuru bera egin zuten Amadek eta Patxi Ituarte Salegi gipuzkoarrak. Berdinketa apurtzeko, bi minutuak bete osteko hurrengo jasoaldia egiteko denbora izan zuten kontuan: arabarrak 4 segundo behar izan zituen, algortarrak 05,40 eta gipuzkoarrak 14 segundo.

Txapelketan jardun zuten beste kirolariak honako hauek izan ziren: Peio Argaia Eizmendi gipuzkoarra (16 jasoaldi) eta Jordan Menegaux (16) eta Anthony Govaert (12) lapurtarrak. Unai Ardeo algortarrak ere parte hartuko zuela iragarri zuen Euskadiko Herri Kirol Federazioak, baina azkenean ez zen horrela izan: 8 parte-hartzaile beharrean 7 izan ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun