Ekintzailetzarako artisten mugikortasun-proiektuak bultzatuko ditu Getxok

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 27a, 12:57

Datorren urriaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira "Vers un Ecosystème Créatif Transfrontalier: Programa de Movilidad Creativa en la Eurorregión" izeneko programan parte hartzeko eskaerak. Ekimena EAEko eta Akitaniako 24 sortzaile gazteri zuzenduta dago, eta Garapenek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak jarri du martxan, beste bost garapen agentziaren bidez: Getxolan, Buruntzaldea-Beterri, Debegesa, Inguralde eta Oarsoaldea, baita Bitamine Faktoriagaz batera ere. Azaldu dutenez, programa hau mugaz gaindiko espazioa da, nazioko nahiz nazioarteko diziplinarteko artisten proiektuak garatzeko, eta bertan berrikuntza, sormena eta esperimentazioa baloratzen dira.

Pola lantegiagaz ere aritu dira; fabrika hori Bordelen (Frantzia) dago eta bertan hainbat ekoizpen-polo biltzen dira, baita artisten eta kulturaren difusiorako guneak nahiz bizitza guneak ere. Hauek guztiek lankidetzan martxan jarri dute sormen mugikortasun proiektu bat.

Mugikortasun proiektu horren bidez, parte hartzaileek eta partzuergoa osatzen duten proiektuko bazkideek hainbat zereginetarako aukera izango dute: topaguneak konpartitu, hitz egin, sareak eraiki, ideiak konektatu, sinergiak bilatu, eta ekimen berrietan kooperatu ahal izango dute.

Proiektuaren xede nagusia da Eurogunean, eta sortzaile gazteen artean, mugikortasun programa bat abian jartzea. Programak 2-3 eguneko egonaldiak eta sorkuntza ekintzailetza sustatzen duten espazioetara bisitak eskainiko dizkie sortzaileei. Ekimen horiek aberasgarriak dira beren jardunerako, baita tresna egokiak proiektuak hobetzeko, sormena eta berrikuntza freskatzeko eta ideiak garatzeko inspirazioa elikatzeko ere, Akitanian zein EAEn.

Lortu nahi diren helburu zehatzak ondorengo hauek dira:

  1. Ezagutza, esperientziak edota proiektu interesgarriak konpartitu, eta gazteen gaitasunak hobetu.
  2. Mugaz bestaldeko lankidetza aukeren eta ezagutzaren inguruan sentsibilizatu.
  3. Kapital soziala eta gazte sortzaileen kopurua areagotu, eta lan-sareak sortu.
  4. Negozio-aukera berriak identifikatu.
  5. Lurraldeko eragile dinamizatzaileen arteko sinergia berriak sustatu, baita Kultura eta Sormen Industria (KSI) arloan erreferente diren eragileen artekoa ere.

2016-2017 ikasturtean 3 deialdi argitaratuko dira: lehenengoa 2016ko urrian; bigarrena 2017ko urtarrilean eta hirugarrena 2017ko apirilean. Indarrean dagoen deialdian hautatua ez den izangaiak hurrengo deialdietan aurkezteko aukera izango du

Izena emateko online galdetegia eskuragarri dago www.bitamine.net webgunean. Prozedurari buruzko kontsultak faktoria@bitamine.net posta elektronikoan erantzungo dira.

Informazio gehiago eta deialdiaren oinarriak hemen: www.garapen.net/documentos/ficheros/documentacion_eu/Sortzaileen_Mugikortasunerako_Programa.pdf

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun