Lointek Gernikak eroan du Javi Durango Memoriala, Faduran

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 27a, 17:24
Finalaren osteko sari-emanaldia. © NAIA FERNANDEZ - GERNIKA SASKIBALOI KIROL ELKARTEA

Lointek Gernika saskibaloi-taldeak irabazi zuen pasa den zapatuan Javi Durangoren omenezko hirugarren lehiaketa eta Bizkaia Elite Torneoaren bosgarrena, Algortako Fadura kiroldegian. Finalean, Gasteizko Lacturale Araski taldeko emakumezkoei 71-57 nagusitu zitzaizkien gernikarrak. Hain zuzen ere, aurreko asteburuan Euskal Kopako finala jokatu zuten bi taldeek lehiatu zuten Algortako finalean ere.

Aurreko edizio bietan gertatu legez, barikuan eta zapatuan emakumeen elitezko saskibaloiaz gozatzeko aukera izan zen. Lau talde lehiatu ziren, horietatik hiru euskal herritarrak: finalista biak eta IDK Gipuzkoa, lehiaketan laugarren geratu zena. Txapelketa Zamorako El Pastor taldeak osatu zuen, hirugarren geratuz.

Hala, eskaintza paregabea izan zen Algortan: nazioarteko lehiaketetan jokatzen duten hogei jokalari (Gisela Vega, Paola Ferrari, Roselis Silva, Maimouna Diarra, Ágata Drobrowolska, Sandra Pirsic, María Pina, Vicky Llorente, María Asurmendi eta abar), SuperKopako finalista bat (IDK Gipuzkoak Superkopa jokatu eta hurrengo egunean etorri zen Fadurara), azken denboraldi bietako bi entrenatzailerik onenak eta lau jokalari bizkaitar. Izan ere, bost urte dira Bizkaiko Saskibaloi Federazioak emakumezko saskibaloiaren elitea Bizkaira ekartzeko apustua egin zuenetik, eta bide horren erakusgarria izan zen Javi Durango III. Memoriala-Bizkaia Elite Torneoak Getxoko Fadura kiroldegian eman zuen ikuskizuna.

Finala lehia bizia izan zen, lehenengo laurdenean Urdulizko enpresak babesten dituen bizkaitarrak argi eta garbi nagusitu arren. Izan ere, 27-6ko partziala eskuratu zuen Gernikako taldeak lehen minutuetan, baina, azkenik, 27-11 bukatu zuen lehen laurdena. Bigarrenean, hasiera kaskarra egin zuten bi lehiakideek, baina defentsako akatsak zuzendu eta kontrako uztaiari begira jaurtiketak ondu ostean, Araski sei puntura jarri zen (39-33) atsedenaldira heldu baino lehen. Hirugarren laurdenak bide beretik joan zen. Arabarrek hiru puntutan utzi zuten bi taldeen arteko aldea. Gernikak erreakzionatu zuen, baina 55-51ko emaitzagaz amaitu zen azken aurreko laurdena. Azkenekoan, zirrara nagusitu zen, 55na berdindu baitzuten talde biek. Hortik aurrera, bere bostekorik onena kantxaratu zuen Lointek Gernika taldeko entrenatzaileak, partidaren azken minutuetan 16-2ko partziala lortuta. Azkenik, 71-64 nagusitu ziren bizkaitarrak. Bestetik, Zamorako El Pastor taldeak lehiaketako hirugarren postua eskuratu zuen, IDK Gipuzkoari 71-64 irabazita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun