Dozenaka lagunek parte hartu dute Gudari Eguneko ekitaldietan Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 28a, 19:00
Algortako Gudari Egunaren ekitaldia.

Urtero legez, irailaren 27an, dozenaka lagun atera dira kalera Uribe Kostan, Gudari Eguna dela eta, Ezker Abertzaleak deitutako mobilizazioetan. Besteak beste, 70 bat lagun hurbildu ziren Algortako San Nikolas plazara, erregimen frankistak fusilatu eta 41 urtera, ETA erakunde armatuko kide izandako Juan Paredes "Txiki" zarauztarra eta Anjel Otaegi azpeitiarra oroitu zituzten. Horiekaz batera, "eroritako Uribe Kostako gudariak" ez dituzte ahaztu gura izan bertan bildutakoek. Hala, Aitor Elortza, Anjel Figueroa eta Xabier Galdeano algortarrei, baita Espainiako Poliziak Algortan eraildako Eustakio Mendizabal "Txikia"-ri eskaini zieten aurreskua eta krabelin gorriak.

Algortako Ezker Abertzaleak azaldu duenez, Gudari Eguna "borrokan bizia eman dutenak" oroitzeko baino gehiago da: "gogoan ditugu, bai, bihotzean daramatzagu, gure oroimen kolektiboaren funtsezko atala dira; baina egun horren benetako esanahia ez dago heriotzarekin loturik, bizitzarekin baizik". Eurek goraipatzen duten bizitzak "oso esanahi zehatza" du: "askatasun ametsa, maitasuna, adiskidetasuna, gogortasuna eta samurtasuna... Bizitza borroka iraultzaile gisa".
 
Horrez gainera, konpromiso indibidual eta kolektiboaren beharra aldarrikatu dute, "konpromiso hori Ezker Abertzale osoari eta militante guztiei dagokie. Gure konpromisoa da". Era berean, antolakuntzarako deia egin dute, "fase honetan behar dugun Ezker Abertzalea pentsatzeko orduan ezinbestekoa da kontuan hartzea aurrera begirako apustu politikoak, aliantzak, beharrak eta aukerak".

Algortako Ezker Abertzalearen irakurketa, osorik:

Urtero legez, irailaren 27an Gudari Eguna ospatuko du Ezker Abertzaleak. Data hori ondo gordeta dago Euskal Herriaren oroimen kolektiboan, Estatuen boterearen kontrako herri erresistentziaren balioa adierazten baitu.

Herri guztiak kohesioa ematen dien eta kolektiboki ordezkatzen dituen sinbologia baten sortzaile eta eramaile dira. Irailaren 27aren esanahiak gertaera zehatz bat du oinarri: Txiki eta Otaegiren fusilamentuak diktadura frankistaren eskutik. Baina egun horren sinbologiaren balioa askoz ere zabalagoa da. Bizitza eta harreman sozialak ulertzeko era berezi baten adierazle da.

Motz geratuko ginateke Gudari Eguna borrokan bizia eman dutenak oroitzeko eguna besterik ez dela pentsatuko bagenu. Gogoan ditugu, bai, bihotzean daramatzagu, gure oroimen kolektiboaren funtsezko atala dira; baina egun horren benetako esanahia ez dago heriotzarekin loturik, bizitzarekin baizik.

Gudari Egunean aldarrikatzen dugun bizitzak oso esanahi zehatza du: askatasun ametsa, maitasuna, adiskidetasuna, gogortasuna eta samurtasuna... Bizitza borroka iraultzaile gisa. Horixe da Gudari Egunaren benetako esanahia. Ideia horiengatik bizia eman dutenak oroitu eta eskerrak ematen dizkiegu, baina oroitzeak ez luke bere benetako dimentsioa hartuko konpromisorik ekarriko ez balu. Konpromiso indibidual eta kolektiboa; konpromiso serioa, irmoa eta ausarta; konpromisoa bizitzarekin, etorkizunarekin, garaipenarekin, gure ideologiarekin eta gure balioekin. Konpromiso hori Ezker Abertzale osoari eta militante guztiei dagokie. Gure konpromisoa da.

Eta konpromisoek ekitea eta erronkei aurre egitea eskatzen dute ezinbestean. Ezker Abertzalea proiektu independentistak taktikaren nahiz estrategiaren arloan dakarzkigun erronkak era egokian definitzen saiatu behar da. Eta, horretarako, ondo barneratu behar dugu fase bakoitzari antolakuntza mota jakin bat dagokiola eta, beraz, antolakuntza ereduak inoiz ez direla aldaezinak. Fase honetan behar dugun Ezker Abertzalea pentsatzeko orduan ezinbestekoa da kontuan hartzea aurrera begirako apustu politikoak, aliantzak, beharrak eta aukerak.

Nortasun zehatza emango digun eta jarduten dugun eremuetan argi identifikatuko gaituen jarduera eredu baten arabera kudeatu behar ditugu behar eta aukera horiek. Militanteok zeregin horri ekin behar diogu. Militantzia proiektu politikoaren giza faktorea da, eta giza proiekziorik gabe ez dago garaipenik. Guztion eskuetan dago etapa historiko hau garatzea. Iraultza demokratikoko prozesu batean gaude, eta militantzia izan behar da iraultza horren motorra.

Borrokak sortutako beharrek geure burua birpentsatzera eraman gaituzte. Antolakuntza eredua behar politiko eta sozialetara egokitzea ezin alboratuzko ardura da. Ideiak eta estrategiak eguneratu behar ditugu. Baina errealitatearekin bat egiteak

Ezin gaitu eraman gure nortasun politikoa galtzera. Eta nortasun horrek urtero Gudari Eguna gogoratzera garamatza.

Ezin gara iraganean ainguraturik geratu, ordea. Gure apustua etorkizunari begirakoa da. Denboraren poderioz dena aldatzen da, gizartetik hasi eta ideia politikoetaraino, eta eboluzio horretan elementu berriak agertzen dira etengabe, interaktiboak nahiz dialektikoak. Elementu berri horiek argi erakusten digute ezer ez dela betierekoa. Ez dago ideia absoluturik, baizik eta ideien borroka eta dinamika sozialak. Axioma hori kontuan izatea ezinbestekoa da behar bezala ulertzeko borroka ez dela lineala, baizik eta faseak behar dituela.

Oraingo faseak dimentsio demokratikoa du. Prozesu bat abiatu behar dugu herri gisa, independentziaren bidean jarriko gaituzten eskubide demokratikoak aldarrikatuko dituen prozesu bat. Ezkerreko militanteak, sozialista iraultzaileak eta langileak garen aldetik, ondo ulertu behar dugu fase honen funtsa: herria, demokrazia, independentzia.

Gure militantziak garrantzia handiko bi zeregin ditu fase honetan: jarduera eredu berri baten beharra barneratzea eta prozesu independentistaren motorra izatea. Gure borrokaren ardatzak independentzia, sozialismoa, feminismoa eta euskara dira, eta oinarri horien gaineko irmotasun ideologikoak autoestimu politikoa eman behar digu gure izena zikintzera bideratutako erasoei aurre egiteko. Militanteak gara, borrokan jarraitzen dugu, argi daukagu nondik gatozen eta nora goazen, eta horrek guztiak harrotasunez bete behar gaitu.

Etorkizuna gurea izan daiteke era egokian interpretatzeko gai bagara. Horixe da gure benetako apustua. Unerik latzenetan ezin izan gaituzte asimilatu, eta orain ere ezin izango dute. Errebeldia da gure bereizgarri nagusia. Errebelde izan gaitezen guztiok ondo bizi ahalko garen Euskal Herri independente eta sozialista bat eraikitzeko, presoak, errefuxiatuak eta erbesteratuak etxera ekartzeko, Gudari Egunaren oroitzapenak bizitzaren aldeko apustua izaten jarrai dezan. Bihotzean daramagun Euskal Herri horrek zirrara eragiten digu eta aukera bakarra uzten digu: garaipena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun