Algortako Txikia plaza izenez aldatuko dutela iragarri du Getxoko alkateak

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 19a, 11:32

Imanol Landa Getxoko alkateak jakinarazi du ez duela errekurrituko Algortako Txikia plazaren izenari buruzko sententzia. EAEko Auzitegi Nagusiak plazari izena aldatzeko agintzen duen epaia eman du, eta alkateak adierazi duenez, haren izenaren aldaketa bultzatuko du. Hala, 1980ko maiatzaren 17an hartutako akordioa baliogabetuta geldituko da.

Akordio horretan, Udalbatzak onartu zuen aipatutako plazari Txikia deitzea, lehenago Viviendas de Vizcaya (jendearentzat Las Uves) bezala ezaguna zena.

Bozeramaileen Batzordean alkateak aipatu du plaza horren izena aldatuko dela eta eredu bat proposatu du izen berria ipintzeko. Landak azaldu duenez, kale eta gune publikoen izena erabakitzeko alderdi guztiek, oro har, adostutako erreferentzia bietako baten arabera sortu beharko da plazaren izen berria: inguruko toponimoren bategaz lotutako izena hartuko du edo emakume baten izena.

Landak esan duenez, proposamenak jaso ondoren, plazaren inguru hurbileneko auzotarrakaz kontsultatuko da. Azkenik, alkateak berak erabakiko du izena, indarrean dagoen legerian ezarritako eskumenekin bat etorriz, eta auzotarren iritzia aztertuta.

Alderdien erreakzioak

PPk positiboki baloratu du sententzia ez errekurritzeko erabakia, baina deitoratu du plazaren izena epai horren ondorioz gertatu izana. EH Bilduk, bestalde, bere desadostasuna agertu du. PSE-EE helegitea jartzearen aurka agertu da, baita diktaduraren erdi-erdian jazotako gertaera batzuen gaineko interpretazio edo bertsio interesatu eta guztiz testuinguruz kanpoko bat egitearen aurka ere. Azkenik, Guk Getxo eta Ciudadanos egindako proposamenaren alde agertu dira.

Iñaki Gamero PPko bozeramaileak iragarri duenez, "ETAko talde terroristari eskainitako plaza honek Terrorismoaren Biktimen Errekonozimendurako Legea hausten du, horien duintasuna eta ohorea kaltetzen duelako, eta helegitea aurkezteak biktimen mina areagotzea baino ez du ekarriko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun