Getxoko Udalaren eta bere erakunde autonomoen diru-laguntzen plan estrategikoa onetsi dute

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 1a, 11:42

Atzo, eguaztenean, Getxoko Udalaren eta bere erakunde autonomoen (Getxo Kirolak, Kultur Etxea, Jesusen Bihotzaren Udal Egoitza eta Andres Isasi Musika Eskola) diru-laguntzen plan estrategikoa onetsi zen 2016-2019 denboraldirako. Osoko bilkuran egin zen bozketa, eta aurrera atera zen Gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoakaz, PP, GUK eta Ciudadanosen aurkako botoakaz, eta EH Bilduren abstentzioagaz. Aurkeztu ziren zortzi zuzenketetatik hiru onartu ziren, haien artean bat PPrena eta beste bat GUK taldearena. Azken zuzenketa horrek ahalbidetuko du alkateari 50.000 eurotik beherako diru-laguntzak emateko ahalmena mugatzea.

Gobernu-taldeak adierazi zuen plan estrategiko hau "funtsezkoa" dela elkarteentzat, beraien jarduera eta funtzionamendurako, eta zenbait politika egiteko; hala nola, etxebizitza, enplegua eta berdintasuna. Ia 6 milioi euro dira elkarte eta politika horiei zuzendutakoak.

Getxoko elkarteen lana txalotu ondoren, adierazi zuten plan hori akordioaren emaitza izan dela, alderdi guztiakaz lortu diren gainerako planetan gertatu den bezalaxe, "kontsentsua eta elkarrizketa beharrezkoak baitira diru-laguntzen politika bat zuzentzeko, elkartegintza mantentzen laguntzen duena eta, besteak beste, etxebizitza, berdintasun, lankidetza eta enplegu politiketan eragiten duena, modu ordenatu batean. Bestalde, hala egiteko exijitzen digu legeak, eta udaleko teknikariek behin eta berriro ohartarazi digute".

Eztabaida

PPk eskerrak eman zituen bere zuzenketetako batzuk onartu direlako. Halere, salatu zuen EAJk presoen senideei partida bat bideratu diela gainerako alderdiei "txintik esan gabe". Modu berean, adierazi zuen: "Gainera, helburu beragaz beste laguntza bat onartu du 2016. urterako. Ez dugu akordiorik egingo terrorismoaren biktimak mespretxatzen dituen eta beraiekaz sentikortasun eza erakutsi duen alderdi batekin. Eskandalua da. Laguntza horiek terrorismoa justifikatzen dute". Ciudadanosek ere ez zituen onartu presoen senideentzako laguntza horiek, eta antzeko iritzia agertu zuen.

EH Bilduk, bestalde, gogora ekarri zuen laguntza horiek presoen senideen sufrimendua arintzen dutela, "sakabanaketaren zigor erantsia pairatzen baitute, kilometrotan eta trafiko-istripuetan hildako pertsonen kopuruetan neurtu ahal dena".

GUKek, bere aldetik, gogorarazi zuen beraiek eskatu zutela planaren onespena osoko bilkura honetatik kentzeko, hobeto aztertu ahal izateko, "ez baita egon denborarik. Baditugu ideiak, baina ez dugu astirik izan horiek planteatzeko. Kendu beharko litzateke, talde politikoenganako errespetu eta sentikortasunagatik. Presoen senideentzako laguntzen lerroa ere ez dugu argi ikusten. Denbora gutxi da lan egiteko, hiru urterako plana izanik".

EAJk nahiz PSE-EEk argi eta garbi utzi zuten beti gaitzetsi dutela terrorismoa, eta biktima guztien alboan egon direla. "Besterik da sakabanaketa politika, presoen eskubideak zapaltzen dituena eta zigor bikoitza dena, bai presoentzat, bai senideentzat", gaineratu zuten.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun