Ez dira epaiketara aurkeztuko Gasteizko Harresiagatik epaitzera deitutako gazteak

Arabako Alea 2016ko abe. 13a, 10:07
2015eko maiatzaren 18an, Libre ekimenaren aldeko 180 bat lagun elkarretaratu ziren Areetako batzokiaren aurrean, Gasteizko Herri Harresian egun horretan atxilotutako bi gazteren alde egin zezan EAJri eskatzeko

2015eko urriaren 10ean Gasteizko Harresian atxilotutako zortzi gazte epaituko dituzte hilaren 13an, Gasteizko epaitegietan. Fiskaltzak desobeditu izana leporatzen die; zazpi auzipeturentzat bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du, eta aurrekari penalak dituen zortzigarrenarentzat hamabi hilabete. Hala Bedik zabaldu duenez, gazteak ez dira epaiketara joango.

Hala Bedik gazte hauetako bi elkarrizketatu ditu. Herri Harresian Ertzaintzaren jarrera salatu eta desobedientzia ekimenekin jarraituz, zortziek epaiketara ez aurkeztea erabaki dutela informatu du hedabide arabarrak. Urrian beste bi gazte epaitu zituzten –akordioa lortu ostean, ez zituzten espetxera eraman baina isuna ordaindu behar izan zuten–, baina oraingoan, Igarki Robles eta Aiala Zaldibar gasteiztarrak eta Ibon Esteban nafarra babesteko kateatu zirenen kontrako epaiketaren txanda da. Guztira, fiskaltzak, 75 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du gazteentzako: 9 hilabete zortzietako zazpiri eta urtebete zortzigarrenari, aurrekariak izateagatik. Azken honek “arrisku erreala” dauka espetxeratua izateko, Hala Bedik informatu duenez.

"Gauza batean ados gaude fiskaltzarekin, arrazoia ematen diogu. Desobeditu egin genuen egun hartan. Baina ez soilik zortzi gazte horiek, ez soilik Ertzaintzak delituak leporatu zizkien hamazazpi pertsonek. Milaka izan ginen desobedienteak, eta desobedientzia hamaika modutan praktikatu genuen", adierazi dute Gasteizko Harresiko lagunek, ohar baten bidez. "Gutako edozein izan gintezke desobeditzeagatik epaituak. Berriz ere egingo genuke".

Zentzu horretan, ez dute uste jarrera hau epaitegietan epaitua izan behar duenik. "Ez dugu uste inongo zigorrik merezi dugunik. Lege injustuen aurrean justiziaren alde egin genuen, horren sinplea, horren konplikatua egun. Epaituak, legea aplikatuz injustizia inposatu zutenak izan beharko lukete", gaineratu dute.

Elkarretaratzea

Epaiketa abenduaren 13an, asteartean, izango da Gasteizko epaitegietan. Egun horretarako, elkarretaratzea deitu du Gasteizko harresia mugimenduak, 12:30ean, auzipetuei elkartasuna adierazteko.

Urriaren 10ean 2015eko maiatzaren 17an Gasteizko harresian atxilotu zituzten gazteen aurkako epaiketak hasi ziren, eta bihar, hilak 13, bertan atxilotutako zortzi gazte epaituko dituzte. 2015eko egun horretan, Segiko kide izatea leporatuta poliziak atxilotu nahi zituen Igarki, Aiala eta Ibon babesteko milaka lagun elkartu ziren Andre Mari Zuriaren plazan. Manifestazioa, kontzertuak eta zenbat jarduera egin ziren igande arratsaldean eta astelehenean, polizia plazan sartu zen hiru gazteak atxilotzera. 70 zauritu inguru eta 20 atxilotu izan ziren egun horretan Gasteizen. Hilabete batzuk beranduago, Espainiako Auzitegi Gorenak gazte horiek errugabeak zirela ebatzi zuen eta orain, horietako hamabost gazte epaituko dituzte.

(Albiste hau Alea.eus-en argitaratu da eta CC BY-SA lizentzia baliatuta HIRUKAra ekarri dugu)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun