Auzipetuen presentziarik gabe egin dute Gasteizko herri-harresiko gazteen kontrako epaiketa

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 13a, 14:15
Gasteizko herri-harresian parte hartzeagatik auzipetu dituzte zortzi gazteak. TOPATU.EUS

Gasteizko herri-harresian parte hartzeagatik auzipetutako zortzi gazteak ez dira epaitegi barrura sartu. Halere, jakinarazi dutenez, epaiketa egin egin dute, haiek gabe. Eurak, epaitegiaren aurrean 12:30ean egindako elkarretaratzean parte hartu dute. Horien artean, Itzubaltzeta/Romoko gazte bi daude auzipetuta.

Elkarretaratzea egin dute kanpoan zortzi gazteek, beste hainbat lagunakaz batera, eta jarrera desobedientean berretsi dute: "Hautu desobedientea erabaki kolektiboa izan zen; orain, guztiok gara epaituak". Topatu.eus agerkariak zabaldu duenez, Ertzaintzaren presentzia handia izan da epaitegiaren aurrean, baina ez da istilurik gertatu.

Sententziaren zain gelditu dira gazteak eta isunei erantzuteko elkartasunerako deia egin dute. Hala, horien kontra ezarriko duten zigor ekonomikoari aurre egiteko diru-laguntzak emateko aukera egongo da, kontu korronte bidez.

Gasteizko Harresiaren oharra:

Epaiketa berri bat izango dugu hurrengo egunetan Gasteizko epaitegietan. Urriaren 10ean Adam eta Oier izan baziren epaituak, abenduaren 13an Izaskun, Jon, Pablo, Xabier, Galder, Asier, Endika eta Iñaki dira deituak. Espetxera eraman nahi zituzten eta euren lagunak diren Aiala, Igarki eta Iboni kateatu ziren pertsonak dira auzipetuak. Fiskaltzak desobeditu izana leporatzen die. Zazpi auzipetuentzako bederatzina hilabetetako espetxe zigorra eskatzen du, eta aurrekari penalak dituen zortzigarren baterako hamabi hilabetetakoa.

Gauza batean ados gaude fiskaltzarekin, arrazoia ematen diogu. Desobeditu egin genuen egun hartan. Baina ez soilik zortzi gazte horiek, ez soilik Ertzaintzak delituak leporatu zizkien 17 pertsonak. Milaka izan ginen desobedienteak, eta desobedientzia hamaika modutan praktikatu genuen. Andra Mari Zuriaren plaza baimenik gabe okupatu genuen Askegunea eraikitzeko, Igarki, Aiala eta Ibon gure etxeetan hartu genituen, identifikatzeari uko egin genion, pintura bota genuen gure gainera, plaza ondoko kaleak hartu genituen barruan jarraitzen zutenak babesteko, eta beste. Gutako edozein izan gintezke desobeditzeagatik epaituak. Berriz ere egingo genuke.

Gauza batean ez gatoz bat fiskaltzarekin. Edo askotan. Ez dugu uste gure jarrera epaitegietan epaitua izan behar duenik. Ez dugu uste inongo zigorrik merezi dugunik. Lege injustuen aurrean justiziaren alde egin genuen, horren sinplea, horren konplikatua egun. Epaituak, legea aplikatuz injustizia inposatu zutenak izan beharko lukete. Salbuespen politikak bultzatzen dituzten politikari, epaile eta epaitegiak, edo 70 pertsona zauritu zituzten Ertzainak. Adibidez. Horren sinplea, horren konplikatua egun.

Abenduaren 13an Gasteizko epaitegietan desobedientzia eta elkartasuna izango dira epaituak. Herrigintzarako ezinbesteko osagaiak biak ala biak. Iraganeko zein egungo salbuespen politiken aurka eta gure eskubide zibil eta politikoen alde egiteko. Legedi antiterroristak, mozal legea zein udal-araudi zentsuratzaileak indargabetzeko. Gu han izango gara. Elkarretaratzea deitu dugu eguerdiko 12.30tarako, eta bertaratzeko gonbitea luzatzen diegu herritar guztiei. Babestu ditzagun guztien artean elkartasuna eta desobedientzia. Babestu ditzagun Izaskun, Jon, Pablo, Xabier, Galder, Asier, Endika eta Iñaki.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun