Domeka honetan hasiko da Neguko Bidaia musika-zikloa

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 13a, 12:14
Fetén Fetén Busgosko bikotea izango da bigarren saioan. © FETEN FETEN

Urtarrilaren 21etik otsailaren 25era bitartean, Neguko Bidaia izeneko kontzertu-zikloaren bederatzigarren edizioa egingo dute, zapatuero, 19:30ean, Areetako Andrés Isasi musika-eskolan. Emanaldi bakoitzeko sarreraren prezioa 5 eurokoa (ikasleentzat 3 euro) izango da, eta 25 eurokoa saio denetarako bonua. Hala, lehenengo kontzertua Trio Argixe taldeak eskainiko du; klarinete, txelo eta piano hirukoteak Brahms eta Piazzollaren obrak interpretatuko ditu. Ziklo honetan ohikoa denez, kontzertu bakoitzaren ostean, entzuleen eta musikarien arteko solasaldia egongo da.

Bigarren saioan Fetén Fetén bikoteak joko du, orain dela urte bi lortutako arrakasta errepikatzeko asmoagaz. Hirugarrenean, Borja Barrueta bateria-jotzailea eta bere jazz-proposamen berritzaileak izango dira protagonistak. Laugarren emanaldian, Antonio Oyarzabal piano-jotzaileak Schubert, Janacek, Debussy edo Tchaikovsky maisuen obrez osatutako egitaraua eskainiko du. Gintonic rock progresibo bandak bere talde berriagaz batera eskainiko du bosgarren kontzertua; abesti propioak joko dituzte, bai bigarren diskoarenak, bai prestatzen dabiltzan hirugarren lanarenak. Jaialdiari amaiera emateko, Blas Fernandez bateria-jotzaileak, "Urbanetniko" bere azken diskoaren abestiak joko ditu, bere seikoteagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun