Jonathan Castroviejo izendatu dute Getxoko iazko kirolaririk onena

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 13a, 19:13
Galaren familia-argazkia.

Jonathan Castroviejo txirrindulari itzubaltzetarra hautatu zuten Getxo udalerriko iazko kirolaririk onena, herenegun. Iragarpena Getxoko Udalak egin zuen, Faduran egindako Getxo Sasoi Sasoian Sarien X. Galan. Denboraldi bikaina egin ondoren egin diote aitorpena txirrindulariari. Zehazki, erloju kontrako modalitatean Europako txapelketa irabazi zuen; era berean, Munduko Txapelketako brontzezko domina eta Joko Olinpikoetan laugarren postua lortu zituen. Pasa den abenduan ere, Bizkaiko kirolaririk onenaren saria jaso zuen. Txirrindulariak ez zuen Faduran egoterik izan eta Ernesto Castroviejo bere aitak jaso zuen garaikurra.

Epaimahaiak MoviStar Team talde nafarraren txirrindularia lehenetsi zuen, baina hautagai ugari izan zuen: Irati Urbaneja eta Mercedes Aristegui tenis jokalariak, Ekaitz Pinedo eta Xabier Pereda karatekak eta Bàrbara Pla errugbilaria. Aipaturiko kirolari horiek banakako aitorpenak jaso zituzten. Epaimahaia osatu zuten Getxo Kirolak erakundeko eta Getxoko Udaleko pertsonal teknikoak eta kirolagaz lotutako udalerriko erreferentziazko hainbat pertsonak.

Castroviejok denboraldi-aurreko entrenamenduakaz hasita dago Getxotik urrun eta horregatik ez zuen galan bertan egoterik. Halere, presente egon zen, Getxotik joan aurretik grabatuta utzitako bideoan, txirrindulari itzubaltzetarrak eskerrak eman zizkien bere sendikoei eta saria eman diotenei. Era berean, kirol alorrean bizi izan duen urte ona aipatu zuen. 2017ari begira, Castroviejok bere helburu nagusiak laburbildu zituen: "kirol maila hobetzea Munduko Txapelketa irabazteko; astebeteko itzulietan parte hartzea, berbarako, Tirreno-Adriatikokoa; eta Nairo Quintana taldekidea Tourra irabazten laguntzea".

Galaren argazkiak

Getxo Sasoi Sasoian 2016

Beste saridunak

Galan zehar, Udalak taldekako hainbat sari eman zuen. Horrela, gizonezkoen gazte-mailan, Getxo Kirol Berriak saria Getxo Kirol Klubak jaso zuen eta, emakumezkoen gazte-mailan, Jolasetako tenis-taldeak. Senior mailan, ostera, aitorpenak Raspas arraun-elkarteko emakumezkoentzat eta Fadura Tenis Klubeko gizonezkoentzat izan ziren.

Sari bereziei dagokienez, Aitzindaria Saria lortu zuen Julio de Solaun hockeyko nazioarteko jokalariak, kirolari mitikoa izateagatik; Solaunek Joko Olinpiko bitan hartu zuen parte eta, gainera, munduko txapeldunorde izan zen 1971n. Kiroltasuna Saria Agustín López de Letona judoko entrenatzailearentzat izan zen. Getxo Berrituz Saria Igeretxe Hotelak jaso zuen bere kirol-eskaintzagatik.

Halaber, emakumezkoen kirola sustatzen egindako lana ere aitortu zioten Getxo Igeriketa Bolue Kirol Elkarteari, Berdintasuna indartuz Saria emanez. Ezgaitasunen bat duten pertsonakaz egindako lana Marka Hautsiz Sariagaz eskertu zioten Hockey Plus Getxo taldeari. Azken talde-saria Elecnor enpresak jaso zuen: Arenas Futbol Klubaren babesle izategatik eman zioten Getxo Zabala Saria.

Sari-banaketan beste sari bat ere banatu zitzaien Bàrbara Pla, Rocío Ibarra, María López de Eguilaz, Asier García eta Jonathan Castroviejo berari ere, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan izandako parte-hartzeagatik.

Hamarkada bat kirola saritzen

Udalerriko kirol-komunitatea ondo ordezkatuta egon zen Faduran, 300 bat pertsona bildu baitziren sarien hamargarren edizioa ospatzeko. Aurkezpenean, Imanol Landa alkateak nabarmendu zuen hamar urte hauetan Udalak "etengabe bidelagun" izan duela udalerriko "kirol-komunitate handia", eta goraipatu zuen kolektibo zabal horren "aniztasuna eta kalitatea”. Gainera, Landak gogora ekarri zituen "Sasoi Sasoian Sarien palmaresean jasotzen diren aitorpen bakoitzaren atzean dauden banakako zein taldekako historia asko eta asko: hunkitu gaituzten eta irakaspena eman diguten gainditze-historiak; elkartasuna eta konpromisoa islatu duten historiak; talentua eta irmotasuna islatu dutenak; azken batean, gizarte gisa metatzen gabiltzan gauza on guztien kontaketa ehuntzen duten historiak”.

Azkenik, Álvaro González Kiroletarako zinegotziak opari bat jaso zuen "Getxoko kirol taldeen partez", Getxoko Udalak nabarmendu duenez. Gonzálezi udalerriko kirolarien irudiez osaturiko collage bat eman zioten, "azken hamar urte hauetan hark kirolaren alde egindako lana eskertzeko", udal iturrien arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun