Hotz-denboraleari aurre egiteko dispositiboa martxan ipini dute

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 18a, 16:19
Izotza errepidean, artxiboko irudian.

Datozen egunak hotz handikoak izatea espero da. Hori dela-eta, Getxoko Udalak, une horietarako aurreikusitako  dispositiboa jarri du martxan. Hartara, gaueko garbiketako zerbitzukoek 2 gradu azpitiko tenperatura dagoenean ez dute urik erabiliko. Halaber, 0 gradutara helduz gero, gatza botako dute malda handiko 20 kaletako errepideetan, baita herriko sarbide nagusietan ere. Ikastetxeetako eta osasun zentroetako sarreretan ere botako dute gatza.

Beharrezkoa izanez gero, goizeko txandakoek segituko dute gatza botatzen aipatutako tokietan eta Udaltzaingoak zirkulazioa errazteko beharrezkotzat jotzen dituen lekuetan ere, berbarako, oinezkoentzako guneetan eta zebra-bideetan.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuek, Uribe Kostako Mankomunitatekoakaz batera, eskaintzen diete gaua igarotzeko ostatua emateko zerbitzua kalean lo egiten duten pertsonei. Berangoko ostatua zabalik dago, eguraldiaren baldintzek txarrera egin zuten unetik, hau da, urtearen hasieraz geroztik.

Gomendioak

Muturreko tenperatura hotzek eragindako egoeraren aurrean, autoa erabili behar izanez gero, hurrengo gomendioak eman ditu Udalak:

  • Arreta handiz jokatu eremu irekietan eta leku altuetan ibiltzean.
  • Autoa berrikusi: balaztak, pneumatikoak, argiak, izotz-kontrako likidoa, bujiak...
  • Autoan eroan irratia, pala, soka, linterna bat eta berokiak, hala nola kaloria ugaridun elikagaiak (txokolatea, fruitu lehorrak...).
  • Gasolina-biltegia beteta eduki, eta 100 kilometrorik behin gutxi gora behera bete.
  • Ekaitzak autoaren barruan harrapatzen bagaitu, bertan gelditu. Martxan eta berogailua piztuta egonez gero, leihatila erdi zabalik utzi, aire berria sartzeko. Ez lokartu inolaz ere eta ipini antenan zapi bat arreta erakartzeko.
  • Elur gogorrik edo izotzik egonez gero, ipini kateak autoan.
  • Martxa laburretan gidatu, norabidea modu bortitzean aldatu barik. Aurrera egin, ahal bada, beste ibilgailuek utzitako arrastotik.
  • Ez zapaldu balazta izotzik badago. Hobe duzu autoak izotz-eremua berez zeharkatzea.

Larrialdiren bat izatekotan honako telefono zenbaki hauetara deitu behar da: 944 660 202 (Udaltzaingoa) eta 112 (SOS Deiak).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun