Algortako Txikia plazari izena aldatzeko prozesua abiatuko dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 25a, 10:07
Txikia plaza. © GETXOKO UDALA.

Urtarrilaren 28tik otsailaren 5era bitartean, egungo Txikia plazaren izena aldatzeko prozesu parte-hartzailea egingo du Getxoko Udalak. Aipatutako plaza Algortako Hezetasuna auzoan dago. Izen-aldatze horregaz 2016ko urrian EAEko Auzitegi Nagusiak emandako eta plazaren izena aldatzeko derrigortzen zuen epaia bete gura du Udalak.

Proposatutako hiru izenak Udalak hainbat talde politikogaz adostuta daude; tokiko toponimiagaz eta emakumea balioan jartzeagaz lotuta daude. Ondorengo hauek dira:

  • Iturriondo. Iturribarri izenetik eratorritako toponimoa. XVIII. mendetik XX. mendearen akabura arte Fadurako errotondan zegoen iturriari egiten dio erreferentzia.
  • Palatondo. Palata esaten zitzaion mahastien egurrezko egiturari. Aspaldi ingurua mahasti-lekua zen eta toponimoak horri egiten dio erreferentzia.
  • Maria de Ibarra. Tratu txarrak jasotzeagatik senarra salatu zuen lehenengo emakume getxoztarra, 1664an, agiri ofizialetan agertzen denez.

Prozesuaren ezaugarriak

Prozesuan parte hartu ahal izango dute Getxon erroldatuta dauden 16 urte baino gehiago daukaten pertsonek eta inguru hauetan bizi direnek: Makaleta Etorbidea, Basarratetik Izaldera; Iturgitxi kalea, Villaondoetatik; Villaondoeta kalea; Basarrate kalea; Iparbide kalea; Itxe kalea; Ibaizabal kalea; Nerbioi kalea; Areneazpi kalea eta Arene kalea, Basarratetik.

Proposamenak urtarrilaren 28tik otsailaren 5era bitartean bozkatu ahal izango dira online bidez (www.getxo.eus/gobiernoabierto) edo, horretarako, plazaren inguruan jarriko den ontzian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun