Elkarrizketak

Endika Basaguren: "Siriatik ihesi, itsasoan galtzen dute bizia"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko urt. 26a, 16:57
Erakusketa ikus daiteke eguaztenetik barikura (11:00-13:00 / 17:00-20:00), zapatuan (12:00-14:00 / 18:00-21:00) eta domekan (12:00-14:00). HODEI TORRES

Endika Basaguren Ansoleaga artista berangoztarraren "Helmugak" erakusketa ikusteko aukera dago Algortako Torrene aretoan, urtarrilaren 29ra arte. Besteak beste, Siriako gatazkatik ihesean, itsasoa zeharkatu gura duten errefuxiatuen zorigaitza irudikatzen saiatu da. Margolanak dira nagusi erakusketan.

Zer kontatu gura izan duzu erakusketa honen bidez?
Siriako gatazka islatzen ahalegindu naiz: itsasoa zeharkatuz, bizitza hobe bat aurkitzen saiatzen diren errefuxiatuen arazoa da gai nagusia. Baina, ez naiz horretara mugatzen; abiapuntua Siriako gatazka izan arren, itsasoz bidaiatuz, etorkizun hobea lortu gura duten lagun denak irudikatu nahi izan ditut; horien artean, ni neu. Bideo batean neure burua ikus daiteke hainbat margolan itsasora botatzen, nazioarteko erakusketa-aretoetara hel daitezen. Gutako askoren aitita-amamek ere itsasoa zeharkatu behar izan zuten, bizimodu hobe baten bila.

Baina, denak ez dira bizirik heltzen.
Itota hil aurretik ala ez, itsasora salto egindako errefuxiatuek bizi dituzten azken momentu latzak islatzen ahalegindu naiz, margolanen bidez. Benetan, tragikoa izan behar du etorkizun hobeagoa lortu gura eta azkeneko hatsa botatzea helburua lortu barik.

Askotan sorrarazten du beldurra itsasoak, ezta?
Alde ona eta txarra dauzka itsasoak; garai batean, etxera diru-apurrak eroateko guztiz beharrezkoa zen. Orain, astialdirako erabiltzen dugu, gehien bat. Hari horretatik tiraka, erakusketako lanetako batean erdi-itota agertzen naiz ni; izan ere, urpekaritza egiten nenbilela, istripu larria eduki nuen. Hiltzeko zorian egon nintzen! Ez da kontu bera; baina, saiatu naiz sentitu nuena alderatzen errefuxiatuek sufritzen dutenagaz; erreskatatuak izateko esperantzaz heltzen dira kostaldera, horietako asko seme-alabak altzoan. Askotan, ez dute lortzen. Kuadrillako lagun bat dago Greziako errefuxiatuen kanpaleku batean, sorosle. Kontu izugarriak kontatzen dizkigu, etortzen den bakoitzean.

Erakusketako lanak margotzen zenbiltzala sortu zen Siriako gatazka...
Bai. Lehenengo eta behin, aipatzea beharrezkoa da, urte biko lana dagoela "Helmugak" erakusketaren atzean. Bestalde, hau guztia prestatzen hasi nintzenean, itsas margoetan oinarritutako posta-txartelak elkartrukatzen nenbilen mundu osoko artistakaz; korronte ozeanikoak irudikatu gura nituen... Munduaren bestaldera bidalitako zirriborroak artelan bihurtuta bueltatzen zizkidaten artista horiek. Neurri batean, itsasoak daukan muga-izaera apurtu gura nuen. Lan horregaz nenbilela sortu zen Siriako gatazka, bai...

Zure obretan ez duzu edertasuna bakarrik bilatzen; errealitatea islatu gura duzu. Zer dela eta?
Literatura, arte-plastikoak eta, orokorrean, sorkuntza-lan denak jende askorengana heltzeko tresna boteretsua direla pentsatu izan dut beti. Kazetaritza-munduan kontu bera gertatzen da: zure iritzia daukazu, eman dezakezu, jende gehiagorengana heltzen zara... Artean ez du zertan denak polita izan behar. Estetikaz baliatuz, kontu mordoa kritika ditzakezu, eta jende askori pentsatzea eragin.

Zein mezu bidali gura duzu Helmugak erakusketagaz?
Askotan, egundoko garrantzia ematen diegu geure interesei; beste guztienak baino garrantzitsuagoak direla uste izaten baitugu. Baina, askoz gutxiagogatik, oso txarto dabiltzanak aurki ditzakegu edonon. Horrenbesterako ez diren gauzei ematen diegu garrantzia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun