Politika  Getxo 2017-02-02 17:15

Getxo ere, galdeketara bidean

Getxok ere bat egin du Euskal Herriaren estatus politikoaren gainean galdeketa egiteko asmoagaz. Hala, herri-galdeketa udalerrian egin ahal izateko, eman beharreko pausoen bide-orria aurkeztu du Getxoko Gure Esku Dago taldeak.

Getxo ere, galdeketara bidean
Algortan egindako aurkezpena; Andra Marin, Romon eta Negurin ere egin dituzte. © GETXOKO GED | Ikusi handiago | Argazki originala

Hori jendarteratzeko urtarril amaieran antolatutako ekitaldietan "3oo bat pertsona batu dira Algorta, Andra Mari, Romo eta Negurin". Horietan guztietan lortutako emaitzakaz pozik daude GEDko kideak: "balorazio ona egiten dugu, laguntza taldeak eta laguntzaileak lortzen ari gara". Aurkezpenetan azaldu legez, bide-orriak hiru fase izango ditu: "Ados", "Ahots" eta "Abost".

Lehenengo faseari dagokionez, galdeketa egiteagaz ados dagoen oinarri soziala sortzea da egitekoa. "Jendarte-oinarri hori geografikoki, kulturalki eta belaunaldien arabera" antolatzea proposatu dute, eta horren araberako taldeak sortzea: GUgaz taldea, GUgazteak, NaGUsiak eta GUztiok; horrela "biztanleriaren %31rengan eragina izan eta barne hartzea" da helburua.

Horiek denek "galdeketa-prozesuari dinamismoa" emango lioketela diote Getxoko Gure Esku Dagoren taldekideek; izan ere, herri-ekimenaren arduradunek goraipatu dutenez, "seguru aski, orain egiten gabiltzana da lanik garrantzitsuena: jendartearen partaidetza eta konpromisoa lortzea, bai norberarena, bai taldeena, galdeketa posible egingo dituzten baldintzak sortzeko"; hau da, "erabakitzeko eskubidean sinesten duten pertsonek konpromisoa hartzea, bakoitzak ahal duen neurrian".

"Ahots" delako izango da bigarren fasea; horretan, "herriak hartuko luke protagonismoa" eta "sinaduren bitartez galdeketaren proposamena babestuko luke", azaldu dute antolatzaileek.

Azkenik, "Abost" hirugarren fasea uda ostean hasiko litzateke, galdeketaren beraren deialdiagaz.

Hurrengo hitzorduak:

Galdeketari begirako prozesua hasita dagoela, zapatu honetan, hilaren 4an, udalerriko gazteakaz biltzeko bilera egingo dute. Otsailaren 9an, eguenean, berriz, beste herri batzuetatik Getxora etorritako auzokideakaz egongo dira: "ADOS gaude, aurrera goaz".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa