Elkarrizketak

Fátima Djarra: "Ablaziotik bizirik irteteak ere eroan nau borrokatzera"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko ots. 6a, 10:00
Munduko Medikuak elkarteko langilea Fatima Djarra. HODEI TORRES

Fatima Djarra Sani ginearrak ondo daki genitalen ebaketak zer-zelako ondorioak dakartzan. Burua makurtu beharrean, ablazioagaz amaitzeko lanean dihardu Munduko Medikuak elkarteko langileakaz. Horrez gainera, liburu bat idatzi du: "Indomable: de la mutilación a la vida". Urtarrilaren 27an aurkeztu zuen Algortan. Hain zuzen ere, gaur, otsailak 6, Emakumeen Ebaketa Genitalaren aurkako Nazioarteko Eguna da.

Munduko zenbat herrialdetan sufritzen dute ebaketa genitala edo ablazioa emakumeek oraindik orain?

Mundu osoko 30 herrialdetan egiten da ebaketa genitala; Saharaz hegoaldeko Afrikan daude aipatutako estatu gehienak. Familia batetik bestera asko aldatzen da kontua; hala ere, umeak direnetik 15 urte bete arte, mutilatuak izateko arriskua daukate herrialde horietako emakumeek.

Zure ustez zer lortu gura dute ablazioa eginda?

Nire ustez, horren bitartez, emakumeen sexualitatea kontrolatu gura dute; haien sexurako grina zapuztu gura dute. Bide batez, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna handiagotu egiten dute.

Nazio Batuen Erakundeak emakumeen mutilazio genitala ezabatzearen aldeko erabakia hartu zuen, 2012ko abenduan. Egoerak berdin jarraitzen du?

Herrialde batzuetako agintariek emakumeen ebaketa genitala guztiz debekatzeko erabakia hartu zuten. Hala ere, lehenago aipatu ditudan mundu osoko 30 herrialde horietatik gehienak Afrikakoak dira, eta egiten jarraitzen dute; izan ere, praktika horren gaineko kontrol zehatzik ez dago. Dakigunez, landa-eremuetan hiriguneetan baino gehiago egiten da ablazioa.

Emakume horiek herrialde horietatik alde egiteak ez du murrizten arriskua, ezta?

Ez. Emakume bakoitzak daukan sentsibilizazio-mailak garrantzi handia dauka mutilazioa saihesteko ala ez; askotan, ablazioari aurka egiten ahalegintzen diren neska asko betiko baztertu egiten ditu euren familiak edo komunitateak.

Diozunez, udan izaten duzue lan gehien?

Euskal Herrian jaiotako familia afrikarretako alabak euren aita-amen jatorrizko herrialdeetara joan ohi dira oporraldian. Horietako askori orduan egiten diete ablazioa. Hori ez gertatzeko, oraindino neskatoak baino ez diren horien familiagaz lan egiten ahalegintzen gara; hemengo eta hango senideekin harremanetan ipintzen gara. Ez da lan makala; gaia tabu da eta ez dute uzten horren inguruan eztabaidatzen. Horrek atzera egitera bultzatzen ditu ebaketa genitalaren aurka ahotsa altxatu gura duten emakume asko.

Zer-zelako lana egiten duzue?

Bitartekarien bidez lan egiten du Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak; genitalen ebakuntza gerta daitekeen biztanleriari jarduera horren kontrako sentsibilizazio-mezua helarazteaz arduratzen dira horiek.

Hurbileko jendeak asko lagun dezake...

Oso garrantzitsua da bitartekariek ablazioa ematen den testuinguru kulturala ondo ezagutzea; izan ere, Euskal Herrian edo Espainian guztiz ulergaitza da horrelako praktika bat. Horrelako ohitura bat oraindino existitzea zentzubakoa da Afrikatik urrun. Horrez gainera, familiakaz ere sentsibilizazio-lana egiten ahalegintzen gara.

Zeintzuk dira dauzkazuen erronka nagusiak?

Munduan emakumeen ebaketa genitala desagerraraztea da gure erronka nagusia. Lan itzela egiten gabiltza herrialde horietako emakumeek onar dezaten ablazioa txarra dela; emakumeen zein neskatoen osasunerako kaltegarria dela uler dezaten ahalegintzen gara. Saharaz hegoaldeko Afrikan ohitura izan arren, giza eskubideen urraketa bat da emakumeen genitalen mutilazioa.

Zeintzuk dira ablazioa desagerrarazteko gakoak?

Gaian sakondu barik, ablazioa jasaten zein egiten dutenen aurreiritzirik ez egitea eskertuko nieke herritarrei. Emakumeen ebaketa genitala errespetu osoz hartu behar dugun arazoa da: ezin ditugu baztertu mutilatuak izan diren emakumeak, inola ere ez. Baina, aldi berean, holakorik defendatzen edo praktikatzen duten pertsonak ez diskriminatzeko eskatu gura nuke. Milaka eta milaka urte daroatzate herrialde horietan ablazioa egiten; euren arbasoengatik ikasitako ohitura da. Guztiz kaltegarria, noski; baina, ezinezkoa da egun batetik bestera bertoko jendarte-egitura eta ohiturak goitik behera aldatzea.

Komunitate horietan egin behar dugu sentsibilizazio- eta kontzientziazio-lana: euren alabak min ditzakeen zerbait egitea gura duen aita-amarik ez dago, elkar maite badute behintzat. Baina, eurek ontzat jotzen duten ablazioak alaba horien heriotza eragin dezakeela erakutsi behar diegu.

Lanean hasteko oinarrizkoa da gauza bakoitzari bere esangura ematea: ablazioak heriotza eragiten du askotan. Hala ere, berriro diot: gaian sakondu barik, ez da aurretik juzgatu behar, ezta pertsona bata edo bestea baztertu ere.

Zeuk ere sufritu zenuen ebaketa genitala txikia zinenean. Zelan bizi izan duzu?

Lau urte neuzkala, ia klitori osoa eta baginaren ezpain txikien zati bat erauzi zizkidaten, laban batez, nire jaioterrian, Ginea Bissaun. Oroitzapen gutxi batzuk baino ez ditut une hartakoak, eta gehienak "Indomable: de la mutilación a la vida" liburuan ipini ditut.  Beste pasarte batzuk burura etortzen zaizkit tarteka, eta bertan zeuden edadeko senideei galdetu behar izaten diet, horien inguruan gehiago jakiteko.

Gogoratzen naiz, jaiegun bat zela niretzat, oso alai nengoela. Baina, hori guztia egundoko tristura eta min bihurtu zen. Hala ere, gauza handirik ezin dezaket egin: gurasoei eta gainontzeko senideei aurpegiratuko diet egindakoa? Amak arbasoengandik ikasi zuen praktika hori; berak ere ablazioa sufritu zuen. Nire adineko emakumeakaz gauza berbera egin dute; hurrengo belaunaldiei niri gertatutakoa gerta ez dakien borrokan nabil ni orain.

Beraz, ebaketa genitalaren ondorio fisikoek eta psikologikoek ez zuten zu makurraraztea lortu.

Ablazioaren alde zein kontra egon daitekeen jendearen iritziei entzungor eginez, emakumeen ebaketa genitalaren aurkako ekintzailea izatea erabaki dut; izan ere, ablaziotik bizirik irtendakoen artekoa izateak ere eroan nau borroka egitera. Nire alabei, ilobei eta senideei gauza bera gertatzea ez nuke gura. Belaunaldi berrietako emakumeek ebaketa genitala iraganeko gauza izango balitz bezala ikus dezatela gurako nuke; ez nuke gura eurak ere arazo honetaz kezkatu behar izatea.

"Indomable: de la mutilación a la vida" liburua idazteko arrazoietako bat izan zen azken hori?

Hori izan zen liburua idaztera bultzatu ninduen arrazoi nagusietako bat. Guztiz beharrezkoa da sentsibilizazio-lana egitea; Afrikako emakumeei hitza eman behar zaie, ozen oihuka dezaten: "Ablaziorik ez!". Ezkutatzeari uzten badiogu eta, hitza hartuz, ebaketa genitala kaltegarria dela esaten badugu, etorkizun oparoa daukagu aurrean. Bestalde, Euskal Herriko eta Espainiako jendartearen kontzientzia piztea ere bada nire liburuaren helburuetako bat. Kaltegarria bada ere, ablazioa gure arbasoengandik datorren ohitura bat dela irakatsi gura diet herritar horiei guztiei; horren atzean dagoen testuinguru kulturala uler dezaten gura dut. Gainerakoan, emakume afrikarren gainean daukaten irudia deuseztatu gura dut: ez gara hedabide batzuek sustatzen dituzten kanpainetan agertzen diren emakumezkoen antzekoak. Liburuak irakurtzea besterik ez dago jakiteko emakume afrikar gehienek nortasuna, duintasuna eta ikasketak dauzkatela. Ez gara irudikatzen gaituzten bezalakoak.

Liburuak zure herrialdean eduki zezakeen oihartzunaz beldur zinen?

Liburua idazten hasi aurretik, Ginea Bissaura joan eta senideakaz hitz egiten egon nintzen. Hala ere, oraindino ere beldurra sentitzen dut; izan ere, badago sare sozialez baliatzen den jendea, niregatik eta liburuagatik txarto esaka ibiltzeko. Dena dela, horrek guztiak ez dit askorik axola. Lan honetan premiazkoa da mezua zelan helarazi asmatzea, jendeak esaten duenari garrantzi handiegirik eman gabe; zutaz edo zure lanaz esaten dutenaz kezkatuz gero, inoiz ez dugu emakumeen ebaketa genitala errotik desagerraraztea lortuko. Zalantzarik ez daukat liburuak hainbat pertsonen haserrea eragin duela.

Beharbada, txarto sentituko naiz; baina, nire borrokak ez du etenik izango, ablazioagaz amaitzeko azken muturreraino joatea erabaki dudalako. Nire helburua jendea sentsibilizatzea da; herritarrek errealitatea ezagutu dezatela. Baten bat txarto esaka badator, hobe da entzungor egitea.

Ablazioa ohitura-kontua dela esaten duten horiei zelan ikusarazten diezu horrek dakartzan kalteak?

Nik bizi izandakoa azaltzen diet, ablazioak benetan zer suposa dezakeen jakin dezaten. Kasu askotan heriotza dakar. Horrez gainera, arazo larriak eragiten ditu: gernu-infekzioak, sexu-harremanak izateko zailtasunak edo erditzean arazo larriak izatea, besteak beste.

Hala ere, mutilatu zintuzten emakumeenganako gorrotorik ez duzu sentitzen.

Zelan sentituko dut gorrotoa? Mutilatu nindutenak nire senideak izaten jarraitzen dute. Horrenbeste min egin arren, balio batzuk irakatsi zizkidaten pertsonak dira. Ezin dut eurenganako gorrotorik sentitu. Egiten zebiltzana ondo egina zegoela pentsatzen zuten eurek; aurreko belaunaldiengandik, arbasoengandik, ikasitako ohituratzat hartzen dute. Bitartean, nire borrokari lotuko natzaio: beste neskato batzuei egin ez diezaioten ahalegintzen nabil; erabakitzeko ahalmenik ez daukaten txikien kasuetan, berbarako.

Ablazioagaz amaitzea posible dela uste duzu?

Lortzeko itxaropena dut. Beharbada neuk ez dut ikusiko; baina, Afrikan ablazioa ezabatzea posible da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun